Karibetik Kantaurira
Joakin Arregi Txe

Paper Hotsak, 2003

 

 

AVILARI

[zatia]

Caracas, 1994

 

Avila duzu izena

ta bertso hauen poema

beti luzatzen doa zurekin daukadan antena

ederra zara zu dena

esaten dizut aurrena

ziur nago ni zu bezalako tokiak gutxi direna

 

Gertu daukagu Julia

egiteko itzulia

egun bat pasa ta bestearen arteko zubia

ta nolako irudia

zuhaitz ta animalia

txoria banintz zure basoan egingo nuke kabia

 

Caracaseko birika

estresarentzat botika

olerkarien poemarentzat zaitugu lirika

bertso isilen musika

mendi usaiak jaurtika

zuri begira nago gauean eta goizean jaikita

 

Katagorrik jolasean

hantxe hasten direnean

adar batetik bestera salto zuhaitzen gainean

atsegin ezin hobean

zoriona bat-batean

nolako xarma bitxia duten izadiaren legean

 

Aipamen berezia zor

zurekin atsedena lor

zu zarelako zenbat bertso ta olerki zaizkit sor

sentimen askoren altxor

klima aldetik aldakor

batzutan berde bestetan lehor baina sekula ez agor

 

Giro ederra dago ta

izerdia nahirik bota

aldapa gora ta berriz behera gustuko borroka

Avila da nire koka

nik hoberik ezin topa

zuri eskerrak hemen oraindik ez nago burutik jota

 

Juliatik Edenera

bi kilometro denera

izan ohi da inspiratzeko nire ibilera

naturarekin batera

sarri bat egiten gera

Avila niri eman didazu ni izateko aukera

 

 

Karibetik Kantaurira
Joakin Arregi Txe

Paper Hotsak, 2003