Duela mende bete, 1923ko ekainaren 24an hil zen Edith Sodergran. Suedierazko literaturari eta poesiari astindua ekarri zien bere poemetako haize berriak eta, oso gazte hil izanagatik, erreferentzia handia bilakatu zen bere herrialdean—finlandiarra zen, suediar hiztuna— eta oro har Eskandinabian. Euskaraz presentzia bitxia du Edith Sodergranek: Jon Gerediagak protagonista nagusi bilakatu zuen —izenez aipatu gabe ere— Dama antzezlanean (Susa, Ganbila bilduma, 2021), pertsonaia baten hitzetan idazlearen poemak txertatuz. Eta beraz, antzezlaneko testuan haren hitzak irakur daitezke. Horretaz gain, hamaika poema euskaratuak ditu Gerediagak, hemen eskaintzen ditugunak (Finlandiako literaturari eskainitako Hegats 42.ean Teodoro Sorrondegik itzulitako poema barne).
Antzerkiak prestigio sozialik ez duen artean, prekaritatera kondenatuta dagoela esaldiari tiraka, elkarrizketa sakonak egin ditu Maddi Goikoetxea Juanenak Euskal Herri osoan, batez ere oholtza gaineko lana hezkuntza eta mediazio proiektuekin uztartu dituzten antzerkilariekin, eta elkarrizketa horiek Ganbila bildumako libruuan batu: Ura jaten. Elkarrizketa hauek hasiera bat baino ez dira, dena den, ezadostasunerako, debaterako, gogoetarako abiapuntu herren baina beharrezkoa.
Bi obra dira Gotzon Barandiaranek Hildako haurra liburuan bildu dituenak, Hildako haurra, orain arte antzeztu gabekoa, eta Besaulkiak, Abarka antzerki taldeak oholtzara eramana, Ander Lipusen zuzendaritzapean. Ganbila bildumako 20. titulua da, eta autoreak batean zein bestean botere mota ezberdinekiko dialogoa edo, zehazkiago, etengabeko talka aurkeztu digu. Hizkuntza landu batez oholtzaren kodeetara moldatutako testuak bi-biak.
Euskal literaturan izen ezinbestekoa da Tene Mujikarena, idazle, ekintzaile politiko eta kultur eragilea. XX. mende hasierako jardun politiko abertzalean aritutakoa, Emakume Abertzale Batzako lehendakaria izan zen debarra, eta garaiko aldizkarietan eman zituen argitara narrazio eta artikuluak. Erbestea nozitutakoa, Gogo-oñazeak eta Gabon antzerki-lanen egilea da, eta duela mende bete argitaratu zituen bere idazki eta poemak, Miren Itziar-i idazkiak eta Olerkiak (Jaungoiko Zale, 1923) izenburuko lanean. Grafia eguneratuta, poemak jarri ditugu irakurgai.
Mendea bete da ekainaren 10ean Pierre Loti idazle frantsesa zendu zela Hendaian, berea zuen Bakar Etxean. Obra oparo eta arrakastatsu baten egilea, bere karrera militarrari zor dizkion bidaietan oinarritutako obra gehienean, izan zuen harreman esturik Euskal Herriarekin (Juana Josefa Cruz Gaintzarekin lau seme-alaba izan zituen, ezkontzaz kanpo), eta eskaini zien eleberririk euskal lurrei: Ramuntcho (1897). Gure herri eta jendeen ikuspegi partikularra duen obra honetan oinarrituta, Idauze-Mendiko herriak duela 20 urte pastorala egin zuen, Pier Pol Berzaitzek idatzi eta osatua, Ramuntxo. Hona hemen obraren testua.
40 urte bete dira ekainaren 8an Manuel Olaizola Uztapide bertsolaria hil zela. Bertso jardunarengatik ezaguna batez ere, plazaz plazako jarduna, bertso jarririk ere eman zuen eta Auspoa sailean batu ziren haren bertsoen bi bilduma, Noizbait (1964) eta Sasoia joan da gero (1974). Baina neurtuan egindako lanaz aparte, Uztapiderengan prosazko lana ere azpimarratzekoa da, bere bizipenen ez ezik garaien erretratua osatu baitzuen Lengo egunak gogoan (Auspoa, 1975) kronika-liburuan. 2001. urtean Antonio Zabalak Berriz plazara liburua ondu zuen, beste bertsolari batzuekin egin bezala, non Uztapideren bertsoaz biltzeaz gain (lehendik argitaratuak zituen bi liburuak eta Osasuna joan da gero), hari buruzko lekukotzak, argazkiak… jaso ziren. Euskaltzaindiaren webgunean daude irakurgai Auspoa bildumako liburuok.
Turkia bere herriaren eta bereziki bere herrikideen XX. mendeko ahots inportanteenetako bat da Nazim Hikmet-ena. Hainbat aldiz kartzelan egona (azken kartzelaldian 12 urte), alderdi komunistako kidea, Gabriel Arestik ekarri zuen euskarara Lau gartzelak eta beste zenbait poema liburua. Gerora, Iñigo Aranbarrik dozena bat poema itzuli zituen, eta badaude euskratutako beste poema solte batzuk ere. Ekainaren 3 batez duela 60 urte Moskun hil zen Hikmeten euskaratutako lanok bildu genituen hemen.
EIZIEren egitasmoa da 31 eskutikbloga, euskararen erabilerari buruzko testuak argitaratzeko 2012an sortua. 2016an etenaldi bat egin eta gero, 2023an atzera abiatu dute eta dagoeneko 900etik gora artikulu argitaratuak ditu. Eta berrienetako bat Gidor Bilbaok idatzitako Latindar literatura euskaratzeko proiektuak: Orixeren 1919ko asmoetatik UPV/EHUren ADDIra izan da. Artikuluan errepasoa zehatza egiten zaio latindar literatura itzultzeko asmoei, eta egitasmoen eta liburu formatuan argitaratu diren testuez gain, gogoratzen du EHUren Bibliotheca Scriptorum Classicorum Vasconica poriektua, zeinak hiru emiatza izan zituen, hirurak ere sarean osorik irakur daitezkeen liburuak: Salustioren Jugurtaren aurkako gerra; Virgilioren Bukolikak eta Georgikak eta Zesarren Galietako guda. Artikuluaren amaieran, azkenik, Itzulpengintza Graduko ikasleen gradu amaierako lanetan egindako itzulpen testuen berri ere ematen da, horietako asko ere sarean irakur daitezkeenak.
Miriam Lukik idatzitako Argialdiak ipuin liburuari irudi aurkezpena prestatu dio Julen Altubek. Maite Gurrutxagaren ilustrazioak, Verde Pratoren ahotsa eta zenbait irudi eta letra batu dituzte book trailerrean.