Ots
25
09
Harremanen mundua arakatu zuen Luis Daniel Izpizuak Izuztarri narrazio liburuan. Harreman agerikoak, eta ez hain agerikoak. Onartuak eta ez hain onartuak. Hiru narrazio biltzen dira: Izuztarri, Alas poor Yorick eta Tanatologia, eta hiruretan bikote (eta hirukote) erlazioek bilbatzen dute istorioa. Bitxor lehenengoan, Gaizka bigarrenean, Plazido eta Julen hirugarrengoan. 2003. urtean berreditatua, 1987an plaratu zen liburua lehen aldiz, Baroja argitaletxearekin.
Ots
24
09
Lizardi hil eta urtebeteren buruan, gorazarre gisa, idazlearen 22 artikulu eta 2 hitzaldiren bilduma argitaratu zuen Donostian Euskaltzaleak bazkunak: Itz-lauz. Lizardiren prosa bizkor eta zorrotza erakusten duen liburuari Jose Markiegik egin zion hitzaurrea (sinatu gabea). Ez zenituzke irakurri gabe laga beharko bi kronika gogoangarri hauek gutxienez: Donapaleura joan-etorria (1929ko abenduan) eta España-Legebiltzarra nere begipean (1932ko maiatzean). Aurrenekoan, Lizardi egun pasa egitera doa adiskide batzuekin: zortzi lagun bi kotxetan, nahiz eta haietako batek, apaiz olerkariak, ez duen muga pasako, legezko agiriak iazkoak dituelako. Bestea Madrilen idatzia da, Parlamentuan ezagututakoen laburpena egiten duena eta atseden premiaz amaitzen dena: “Lau ordu eta erdiko egonaldi ederra eginik nago, eta utziko al didazue kaña batzuk hartzera joaten”. Lizardik idatzitako azken artikulua 1933ko otsailaren 12an argitaratu zen El Dia egunkarian: Gure bideko mugarriak.
Ots
19
09
Andre Gide Parisen jaio zen 1869an eta hiri berean hil zen 1951ko otsailaren 19an. Hogeita hamabi urte zituela argitaratu zuen Inmoralista kontakizuna, 1902an, Michel pertsonaiak bere lagunei Aljeriatik egindako aitorkizun eta solas luzea. Liburua ez zen itxuraz ongi konprenitua izan, eta esan ohi da literatura bertan behera uztekotan egon zela gerora Nobel saria (1947) izango zen idazlea. Imanol Unzurrunzagaren itzulpenarekin argitaratu zen Inmoralista euskaraz 1992an (Literatura Unibertsala / Ibaizabal).
Ots
17
09
1933ko azkenetan egin zen Lehenengo Antzerki batzaldi eta sariketa, eta Jazinto Karraskedoren Etxe-aldaketa obrak jaso zuen lehen saria, bigarrena Andres Amonarrizen Iturrian obrak. Hurrengo urtean, orain 75 urte, argitaratu zituen Antzerti bildumak: 1934ko urtarrilean Etxe-aldaketa eta otsailean Iturrian. Ez hori bakarrik, urte hartan bertan Lehenengo Euskal Antzerti Eguna ere antolatu zuten, eta lehiaketa izan zen ea nork hobeto antzeztu Etxe-aldaketa bere herrian. Hamalau taldek parte hartu zuten: Alegi, Andoain, Bergara (bi taldek), Errenteria, Deba, Donostia (bi taldek), Ondarroa, Pasai San Pedro, Soraluze, Tolosa, Urnieta eta Zumaiakoak. 500 pezetako saria Andoaingo Euzko-Gaztediarentzat izan zen.
Ots
10
09
Gaurkoa bezalako egun batez baina 1837an, tiroz zauritua izan ondoren hil zen poeta errusiarrik handiena: Aleksandr Puxkin. Gaztetan Kaukasora erbesteratu zuen Alexandro tsarrak, bertso satirikoez agintariak kritikatzearren; eta Odesan zegoela ere, hango agintariak kexu zirenez bere idatziengatik, bakartu egin zuten. Hala eta guztiz, Alexandro hil eta Nikolas tsar berriaren aurka ofizial iraultzaileak matxinatu zirenean, Puxkinen poema berriak aurkitu zituzten iraultzaileen eskuetan. Azkenean tsarrak barkatu zuen, bere idatzi guztiak zentsuratuak izan ahal izateko baldintzapean ordea. Horrelako kontuak eta gehiago azaltzen ditu Jose Morales itzultzaileak Puxkinen Kapitainaren alaba nobelaren hitzaurrean. Pugatxov-en matxinadaren garaian Griniov gazteari soldadutzan gertatutakoak kontatu zituen Puxkinek 1836an idatzitako nobela bikainean, orain osorik sarean emana duzun honetan.
Ots
04
09
Hamlet (1952an Buenos Airesen) eta Platero eta biok (1953an Montevideon) itzuli zituelako da ezaguna gure letretan Bingen Ametzaga, baina Pizkundeko poeten artean ere txoko txiki bat egina zuen lehenago, Euzko Deya eta Euzkadi agerkarietan poemak argitaratuta eta Olerti Egunetan parte hartuta. Ondoren, gerratik ihesi, Ameriketako erbestealdian, batez ere itzulpenari eskaini zion arreta osoa (ikus bibliografia). Ametzaga Algortan jaio zen 1901ean eta gaurko egunez 1969ko otsailaren 4an hil zen Caracasen. Xabier Irujok atondu eta Susa argitaletxeak 2006an plazaratutako Itsaso aurrean poesia antologia osorik emana duzu orain sarean: 46 sortzezko poema eta 22 poesia itzulpen (garrantzitsuena, Oscar Wilderen Reading Bahitegiko Leloa, 1954an Euzko-Gogoan agertu zena).