Abu 20 23

Errose Bustintza, idazlea

1953ko abuztuaren 20an zendu zen Errose Bustintza Mañariko.  Beste idazle askoren gisa, bizi zela ez zuen libururik argitara eman, baina makina bat ipuin idatzi eta publikatu zuen, garaiko aldizkarietan gehienbat, Euzkadi-n batez ere, baina baita beste batzuetan ere: Gernika, Aranzazu… 1990ean jaso ziren liburu euskarrian, Ipuiñak izenburuaz, Jaime Kerexetak egindako argitalpenean. Horiez gain, poemak eta kronikak ere idatzi zituen. Labayru etxeak Ipuinik ipuin Mañarian gora bilduma argitaratu zuen 2009an. Haren heriotzaren 70. urteurrenean, hona hemen irakurgai Bustintzaren Ipuinak.

errose_bustintza

Abu 18 23

Joseba Intxaustiren ekarpenak Euzko Gogoa aldizkariari buruz

Asko izan dira Joseba Intxausti hilberriak urte luzeetan egindakoak. Hizkuntzaren eta kulturaren inguruan gehienak -1957an hasi zen Jakin aldizkarian idazten-. Egunotan, batean eta bestean nabarmentzen ari dira gainera. Gure arloan, Euzko Gogoa aldizkariaren inguruan jorratu dituen ikerketa lanak aipatu gura genituzke, izan ere Euzko Gogoa aldizkaria osorik sarean jarri zuenean ARMiARMAk, berak idatzitako zenbait artikulu digitalizatu eta sarean jarri genituen. Izenordeak, Euzko Gogoaren lankideak eta Hamar urteko lana (1950-1959) artikuluak hurrenez hurren. Joseba Intxaustiren omenez, eta garaiko testuinguruak aztertzeko egoki direlakoan dakartzagu gogora.

Abu 15 23

Slawomir Mrozeken narrazioak

Pott bandaren 1978ko azaroko aldizkarian euskaratu zen lehenik Slawomir Mrozek idazlearen narrazio bat, Elefantea. 2013an Koldo Izagirrek itzuli zituen bi ipuin (Europarra eta Soldaduaren estatua); eta 2020an, azkenik, Xabier Bovedak bost narrazio eman zituen Idatz&Mintz aldizkariko 67. zenbakian. Duela hamar urte hil zen, 2013ko abuztuaren 15ean, eta hona bildu ditugu umore surrealistaz marrazturiko literatura egiten zuen idazle, antzerkigile eta marrazkilari poloniar honen narrazioak.

Abu 10 23

Emmy Henningsen poemak

Aktorea, performerra, kantaria eta idazlea izan zen Emmy Hennings. Alemanian zehar kabaret ikuskizunekin batera eta bestera ibilia, zirkulu artistikoetan mugitu zen, garaiko espresionismoarekin eta abangoardia mugimenduekin harremana izanik. Hugo Ball poeta eta senarrarekin batera Zurichera aldatu eta Cabaret Voltaire ospetsua sortu zutenen artean egon zen Hennings, dadaismoaren sorreran. Bere poesia, dena den, soilagoa da, hitz justuaren bilakoa, ez zuen joera hauetatik edan. Bizitzan eta, ondorioz literaturan, mistizismoak indar handia izan zuen, erlijiorako hurbilketa nabaria izanik azken urteetan. Abuztuaren 10ean 75 urte dira hil zela, eta hona hemen bere zortzi poema.

Abu 02 23

Raymond Carver gogoan

50 urte zituela, 1988ko abuztuaren 2an hil zen Raymond Carver idazlea. Narraziogintzan erreferentzia ezinbestekoa, poeta ere garrantzitsua izan da Carver.

Raymond Carver, Ridge House, Port Angeles, Washington. 1987.
Badira euskarara ekarritako bi ipuin-bilduma, titulu oso inportanteak biak: Katedrala (Elkar, 1993, Juan Mari Mendizabal) eta Zertaz ari garen maitasunaz ari garenean (Alberdania-Elkar, 2003). Horietaz gain, baina, ekarri dira testuak, online irakur daitezkeenak: Jose Mari Pastorrek Idazteaz testua (Susa aldizkaria, 1991); eta hiru poema Kirmen Uribek (Hegats, 1997). Eta narrazioak: Harkaitz Canok Mandatua (armiarma.eus, 2004); Aita, Paul Beitiak (Lekore, 2017) eta Leire Vargasek Bizikletak, giharrak, zigarretak (armiarma.eus, 2021). Harkaitz Canok, bestalde, Carverren poema antologia bikaina eskaini zigun Munduko Poesia Kaierak bilduman (Susa, 2020).

Agenda

Efemerideak

Kritikak