Abe
30
22
50 urte egin ditu abenduaren 28an Jon Mirande hil zela. Haren gainean esateko deus gutxi dagoela idatz genezake, baina bere testuek gauza berriak deskubritzeko aukera ematen dute, beti dago testuok modu diferente batean irakurtzeko parada. Euskal literatura modernoaren aitapontekoetako bat den Miranderen testuak dakartzagu, beraz, nork bere irakurketa egin dezan, edo bertzerik gabe letrok atzera ere goza ditzan, urteurren honetan. Haur besoetakoa, eleberri erreferentziala; Klasikoen Gordailuan dauden poemak, Susak XX. mendeko poesia kaieretan antologia batean bildutakoak eta haietako 24ren edizio faksimile bat; bere gutunak; zenbait artikulu; eta hil berri den haren konplize Txomin Peillenekin ateratako Igela aldizkaria ere. Miranderen ilun eta argitan murgiltzeko aukera.
Abe
23
22
Duela 125 urte, 1897ko abenduaren 16an, hil zen Alphonse Daudet. XIX. mendeko Frantziako idazle “popularra”, Parisek maite zuen erregionalismo eredu bat landu zuen. Alabaina, harreman estua izan zuen Fredreri Mistralekin, eta okzitanieraren enbaxadorea ere izan zela esan genezake. Euskaraz haren lanak irakur daitezke: Azken eskola eguna (1873) narrazioa, Koldo Izagirrek euskarataua; Maiatz aldizkarian 1988an argitaratu Bi ostatuak ipuina, Luzien Etxezaharretak euskarari ekarria, eta Aita Gaucherren mistela, Egan aldizkarian 1956an Txillardegik euskaratutakoa. Daudet hil zen urtean jaio zen Louis Aragon, duela 40 urteko Gabon gauean hil zena. XX. mendearen lekuko eta eragile literarioa, dadaismo eta surrealismoko poeta handietarik bat izanagatik, handik haratago luzatu zen haren ekarpen poetikoa. Xabier Galarretak Senez aldizkarian (2004) poema bat eta Andoni Lekuonak bestea, EIZIEko Itzulpen Antologia IIIn argitaratua, euskaratu ondotik, Itziar Diez de Ultzurrunek itzulpen lan bikaina egin zuen Munduko Poesia Kaierak bilduman egindako antologian. Guztiak irakurgai.
Abe
15
22
Bi titulu berrirekin dator Susa argitaletxearen eta EHAZEren Ganbila bilduma: Esperoan eta Album. Askoren arteko lana da lehena, antzerkiaren tradiziorik berrienak euskal teatro garaikidearekin harremanetan jartzeko nahia duena. Samuel Becketten Godoten esperoan lan ezagunak euskal teatrogintzan izan duen eraginaz eta harremanaz gogoeta egin dute Beñat Sarasola, Mikel Ayllon, Irati Agirreazkuenaga, Amancay Gaztañaga eta Oier Guillanek. Horretaz gain, obra horren itzala nabaria den Samara Velteren Eta Karmele? Eta Karlos Linazasororen Godotekin solasean ere bildu ditu Esperoanek. Bigarrena, berriz, ez da autopsia bat, ez da erretratu bat, ez da selfie bat: Formol Laborategiaren lehen Albuma da. Gazteei eta millenialei buruz hainbeste hitz egiten den garaiotan, belaunaldi berriek badaukate zer esanik, haiek nor diren eta haietaz zer espero den. Haien kaiolara sartzeko gonbidapena da, gonbidapen errefusaezina.
Abe
14
22
Parisen maiz elkartzen ziren Jon Mirande eta Andima Ibinagabeitia erbesteratua literaturaz jarduteko, eta haiengana ere biltzen ziren batzuetan Peillen anaiak. Ibinagabeitia, ordea, Ameriketara joan zen 1954an Jokin Zaitegiri (eta Orixeri) Euzko Gogoa aldizkaria egiten laguntzera, eta Mirande goibel eta bakar samar geratu omen zen. 1962ko otsailean Txomin Peillenek Jon Miranderen adorea berpiztu zuen, Saint Germain boulevardeko 15.ean erredakzio bat ezarriz. Hantxe sortuko zuten Igela – euskaldun heterodoxoen errebista: aldizkari satirikoa, “propaganda politiko eta erlijiozkorik gabea“, hiruhilabetekari izateko asmotan.
(gehiago…)
Abe
13
22
Oroimen pertsonalerako sustrai, arroztasun eta oztopo kolektiboak agerian uzteko duen trebezia kliniko eta ausardiagatik, besteak beste, eman zioten literaturako Nobel saria Annie Ernaux idazleari. Eta oroimen horretan igeri, bere emakume izaeratik eta gizartearen aurrean duen jarrera sozialetik idatzi izan du, eta euskaraz irakur daitezke haren bost lan: Pasio hutsa (Igela, 2002), Lekua (Igela, 2003), Gertakizuna (Igela, 2003), Emakume bat (Txalaparta, 2011) eta Begira zenbat argi, maitea (Igela, 2015). Nondik eta zertarako idazten duen ere agerian utzi du saria jasotzeko ekitaldian egin duen hitzaldian, Nire arraza mendekatzeko idatziko dut, online jarri duguna Joannes Jauregik itzulita.
Abe
07
22
Aurten ere, Durangoko azokan batuko gara irakurle eta idazleekin. Abenduaren 7tik 11ra bitartean, Durangoko Azokako Barrenkale-ko 35-36-37-38 standetan aurkituko dituzue gure liburuak. Gurdia bete liburu hartu eta egin dugu bidea Durangora. Urteotako uzta, eta aurten kaleratu berri ditugunekin; liburu eta lagun artean emango ditugu hurrengo egunak Landako inguruan. Ezin esan, 2022. urtea oparoa izan ez denik, eta nobedadeei erreparatuta bakarrik, ikusten da azken urteko lanaren emaitza ere. Gozatzeko idatzi eta argitaratzen dugu, eta irakurleon poza da gure atsegina.
Sei poema liburu
Udaberrian eta udazkenean, sei poema liburu argitaratu ditugu guztira. Xabi Bordaren Urtu aurretik izan da aurtengo lehen argitalpena, eta Juan Luis Zabalaren Mina hartzeko ere eta Lizar Begoñaren Gepardo japoniarrak argitaratu genituen udaberrian. Udazkenean aldiz: Jose Luis Otamendik Landura eskaini digu berriki, Elena Olaveri Keinura itzuli argitaratu diogu eta sonetoekin osatu du Pozaren erdia Harkaitz Canok.
Egile berrien lehen liburuak
Beti da pozgarria, eta ilusio berezia sortzen digu liburu bakoitzaren aurkezpenak. Txillardegiren Kronikak batu eta argitaratu genituen urte hasieran, Santi Leonék Liztor mutanteak aurkeztu zuen udaberriarekin, eta udazken honetan bi ahots berri gehitu ditugu argitaletxean. Aurretik aski ezagunak diren Nerea Ibarzabalek eta Anari Alberdik liburu bana plazaratu dute Susako narratiba sailean: Bar Gloria eta Gari eta goroldiozko, hurrenez hurren.
Lisipe, Ganbila eta Munduko Poesia Kaierak
Narratiba eta poesia betiko sailez gain, azken urteotan proiektu eta ildo berriak ere jorratzen ari gara Susa argitaletxean. Lisipe pentsamendu feminista lantzen ari da eta aurten Leire Milikua Larramendik emakume baserritarren inguruko Lur gainean itzal azpian lana plazaratu du. Antzerki testuak plazaratzeko sortutako Ganbila bilduman Esperoan eta Album aurkeztuko dira azokan bertan, eta Munduko Poesia Kaierak bildumak lau egile ekarri ditu euskarara: Walt Whitman, William Butler Yeats, Federico Garcia Lorca eta Anna Akhmatova.
Abe
06
22
Antzerkiaren tradiziorik berrienak euskal teatro garaikidearekin harremanetan jartzeko nahia da Esperoan, Ganbila bildumako azken alea. Godoten esperoan eta, oro har, Samuel Becketten itzalarekin elkarrizketan jartzea euskal eszena garaikidea. Becketten obra ezagunak ez du ezagutu euskarazko taularatzerik, baina haren eragina beste obra askotan suma daiteke. Horren adibide izan daitezke liburu honetara ekarritako Samara Velteren Eta Karmele? eta Karlos Linazasororen Godotekin solasean antzezlanak. Eragin horrek merezi zuen azterketa sakonagorik, begirada poliedrikoagorik, eta zeregin horretara gonbidatuak izan dira liburuko beste artikuluen egileak: Beñat Sarasola, Mikel Ayllon, Irati Agirreazkuenaga, Amancay Gaztañaga eta Oier Guillan.
Abe
05
22
Asko hitz egiten da gazteez, gutxi hitz egiten dute gazteek. Izan ere, haustura dialogoa baita. Kasu honetan, hitza hartu du belaunaldi berri batek, teatroaren barrunbeetatik. Aurreko belaunaldientzat, kasu askotan, talka suposatu du Album ikusteak: millennial deituriko belaunaldiaren zeinuak hartu, erabili, ironizatu, autoironizatu eta gorputz eszeniko bilakatu dituen proiektua da honakoa, adin aurreteknologikoetan hanka bat daukatenen belaunaldientzat ulertzen zaila den estetika. Heldu da Ganbila bildumaren udazkeneko uzta, eta lehen ale honetan Formol Laborategikoen lana irakur dezakezue, liburu formatura egokituta.
Abe
01
22
Sonetoak idazteak izan dezake zerbait solemnetik eta zerbait ironikotik, zaila da jakitea zeinetatik gehiago. Eta jolasetik ere bai, jakina. Pozaren erdia liburuan daude plastidecorrak, Rolls Royceak, captchak, Alice eskailera mekanikoan, likantropia, mende honetakoa ez den euria, bonsaiak, Zumeta bat, bi zaldiz bizitzea. Pozaren erdia gonbidapen bat izan daiteke: ez al du erdi horrek beste erdia iradokitzen? Haurtzaroa, umorea, idazketa, objektuak, desira, jolasa ekarri ditu lerro neurtu eta errimatuetara Harkaitz Canok liburu honetan. Osorik irakur dezakezue sarean.