Abe 07 22

Susa eta literatura Durangoko liburu azokan

Aurten ere, Durangoko azokan batuko gara irakurle eta idazleekin. Abenduaren 7tik 11ra bitartean, Durangoko Azokako Barrenkale-ko 35-36-37-38 standetan aurkituko dituzue gure liburuak. Gurdia bete liburu hartu eta egin dugu bidea Durangora. Urteotako uzta, eta aurten kaleratu berri ditugunekin; liburu eta lagun artean emango ditugu hurrengo egunak Landako inguruan. Ezin esan, 2022. urtea oparoa izan ez denik, eta nobedadeei erreparatuta bakarrik, ikusten da azken urteko lanaren emaitza ere. Gozatzeko idatzi eta argitaratzen dugu, eta irakurleon poza da gure atsegina.

Sei poema liburu

Udaberrian eta udazkenean, sei poema liburu argitaratu ditugu guztira. Xabi Bordaren Urtu aurretik izan da aurtengo lehen argitalpena, eta Juan Luis Zabalaren Mina hartzeko ere eta Lizar Begoñaren Gepardo japoniarrak argitaratu genituen udaberrian. Udazkenean aldiz: Jose Luis Otamendik Landura eskaini digu berriki, Elena Olaveri Keinura itzuli argitaratu diogu eta sonetoekin osatu du Pozaren erdia Harkaitz Canok.

Egile berrien lehen liburuak

Beti da pozgarria, eta ilusio berezia sortzen digu liburu bakoitzaren aurkezpenak. Txillardegiren Kronikak batu eta argitaratu genituen urte hasieran, Santi Leonék Liztor mutanteak aurkeztu zuen udaberriarekin, eta udazken honetan bi ahots berri gehitu ditugu argitaletxean. Aurretik aski ezagunak diren Nerea Ibarzabalek eta Anari Alberdik liburu bana plazaratu dute Susako narratiba sailean: Bar Gloria eta Gari eta goroldiozko, hurrenez hurren.

Lisipe, Ganbila eta Munduko Poesia Kaierak

Narratiba eta poesia betiko sailez gain, azken urteotan proiektu eta ildo berriak ere jorratzen ari gara Susa argitaletxean. Lisipe pentsamendu feminista lantzen ari da eta aurten Leire Milikua Larramendik emakume baserritarren inguruko Lur gainean itzal azpian lana plazaratu du. Antzerki testuak plazaratzeko sortutako Ganbila bilduman Esperoan eta Album aurkeztuko dira azokan bertan, eta Munduko Poesia Kaierak bildumak lau egile ekarri ditu euskarara: Walt Whitman, William Butler Yeats, Federico Garcia Lorca eta Anna Akhmatova.

Agenda

Efemerideak

Kritikak