Ots
28
18
Poema luze bakar batek osatzen du Ispiluaren aurrean gogoetak poemarioa, Aritz Mutiozabalen lehen lan argitaratuak. Pasaiako Hiria saria irabazitakoa, 2001ean argitaratu zuen Bermingham etxeak. Poema bisuala, ezinbestean ispiluari begira egonik, poetaren begiradak eta ikusten duenak gidatzen gaitu norbanakoaren hainbat gairen bihurguneetan. Beste hiru poema liburu kaleratua da Mutiozabal, azkena Hutsartea, Maiatz-ek argitaratua 2016an.
Ots
22
18
Duela 80 urte, 1938ko otsailaren 22an, amaitu zen Espainiako gerrako batailarik latzenetako bat, Francoren Armadak Teruel hartu zuenean. Asteetako borroka gordina, hotz eta negu hiltzaile baten erdian, oso gogorrak dira han borrokatu zirenen oroitzapenak, George Orwellenak, besteak beste. Lubaki bietan jardun zuten euskal herritarrek, eta Auspoa sailean argitaratutako Tiro tartean bertsotan liburuan gerrako bere ibilerak kontatu zizkion Antonio Zabalari Patxi Lazkanok. Francoren Armadarekin borrokatutakoa, liburuak kapitulu bat Teruelgori eskainia da. Hemen irakur dezakezu.
Ots
21
18
Legegizon, ekintzaile, kazetari eta idazle galiziarra, Valentin Paz-Andradek poesiaren alorrean egin zituen literaturan lanik aipagarrienak., Pranto Matricial poema, besteak beste. Galego, portuges, katalan, gaztelania eta euskaraz argitaratutako ediziorako, 1975ekoa, euskaratu zuen Gabriel Arestik. Duela 25 urte, Egan aldizkariak eman zuen argitara, eta orain hemen eskaintzen dizuegu osorik, euskara batuaren aurkako erresistentzian zirenei muturreko paradoxikoa eman nahian Arestik baliatu zuen grafian: Uma-oncitic negarra.
Ots
15
18
XX. mendeko intelektual handi bat izan zen Idea Vilariño, eredugarria, kontsekuentea bere pentsamenduarekin eta bere estetika poetikoarekin, konprometitua Uruguaiko jendearekin eta gizartearekin. Euskarara haren poemak ekarri dituen Josu Jimenez Maiak halaxe aurkezten digu poeta eta idazle uruguaitarra. Eta estetika poetiko hori erakusten duten hogeitaka poema eman ditu argitara Maiatz aldizkariaren 65. alean. Hemen dituzu.
Ots
06
18
36 urte besterik ez zituela hil zen arren, Argentinako poesiaren gorengo izenetako bat da Alejandra Pizarnikena. 50etako kultura giro porteño-an barneratu zen literatura-formazio handiko emakume hau, eta 60etan Parisen egindako egonaldian lortu zuen heldutasun poetikoa. Bizitza kontziente eta inkontzientearen artean kulunkatzen den obra baten egilea, depresioaldi handiek erasandakoa, 1972an bere buruaz beste egin zuen. Labayruk argitaratzen duen Idatz & Mintz aldizkariaren 63. zenbakian haren 15 poema ekarri ditu euskarara Xabier Bovedak.
Ots
01
18
Gaur 100 urte jaio zen Muriel Spark. Berrogei urte betetzeko zituela azaldu zen bere lehen obra, “berandu samar” esan ohi dute literaturaren historialariek. Oso garaiz, esan genezake irakurleok: aurreneko lan hartan (The Consolers, 1957), hurrengo hemeretzi nobeletan eta berrogeita bat ipuinetan ageri behar zuen heldutasun berak darama istorioa, pultsua sendo. Sparken literaturan mozorroa eta disumulua da pertsonaia askoren zeregin nagusia, eta fartsa giro batean kokatzen dizkigu egileak, ironiaz eta maltzurki. Serios hartzen du mundua eta aldi berean zoragarri arin. Batak bestea behar du, kontatzen digunak urruneko posibilitate bat dirudi baina egileak gure begi bistan antolatzen duen makinariak gaitza eta gaizkia uste ez dugun hartan daudela erakutsiko digu. Ezin imitatuzko obra landu zuen, inondik ere. Muriel Spark izen handia da Bigarren Mundu Gerraren osteko literatura ingelesaren panoraman. Bere narrakeraren eta bere estiloaren adibide, Atzean utzia naizen neska (The Girl I Left Behind Me) hautatu diogu ingelesei ironia irakatsi zien eskoziar honi, gure artean apur bat ahaztua den obra handiko ipuin eder eta garratzen arteko bat.