TERUEL
Patxi Lazkano

Tiro tartean bertsotan
Auspoa, 168, 1983
armiarma.eus, 2018

 

      Trena baldin bazen, ganadutarako bagoi horiek ekartzen zizkiguten. Baina Lerin-en, kamioiak.

      Hara goazela, hara goazela norabait ere, eta halakoren batean Sigüenza.

      Ez ginen geratu. Handik hamar bat kilometrora, herri txiki bat, Riosalido, eta han lastopiletan sartu gintuzten.

      Guadalajaratik Madrid aldera uste dut atakea jotzeko asmoak zituztela. Eta Sigüenza alde hortara ikaragarria eraman zuten soldadua.

      Riosalido hori, herri koxkor bat zen. Zera zegoen asko: erlea. Erle-semea ikusi genuen sail haundi bat. Paretaz itxia-edo, eta dena kaja, kaja, kaja... Baina asko.

      Gainontzean, etxe xahar batzuk. Lur ibiltzen dena, gutxi. Eta mendi arlotea. Dena txilarra. Txilarra omen da onena eztia egiteko, bai.

      Han geundela, tenientea zen medikua, eta ehiztaria. Ehiztaria ez; gustatzen zitzaiona. Alkateak eskopeta eta hiru kartutxo eman zizkion, eta abitu da.

      Erbia zegoen han asko. Atera zaizkio horri, hiru tiro tira eta alerik bota ez.

      Komandanteak esan zidan:

      — Me han dicho que hay aqui mucha liebre.

      — Sí, señor, sí.

      — Bueno, el médico ha ido por ahí y no había mas que tres cartuchos. Los ha tirado todos y no ha matado ninguna. Vamos a pedir al depósito escopetas y cartuchos y, cuando nos los manden, tienes que matar algunas.

      — Sí, señor, sí.

      Gustora ni. Handik bigarren egunera edo hola, esan zidan:

      — Ya van llegando.

      — Muy bien, muy bien.

      Ni pozez erbiei tiratzeko. Baina gauean, ohera joan eta berehala:

      — iArriba! iArriba!

      Esnatu gara eta hango kamioi-hotsa: brrruuu... brrruuu... Guk elkarri:

      — Badiagu orain ere!

      Sartu ginen kamioietara eta Sigüenzara. Han erruz zegoen soldadua. Eta trena kargatu eta trena martxa; trena kargatu eta trena martxa...

      Nora gindoazen eta batzuek hara esaten zuten; besteak honera. Baina nonbaitetik atera zuten Teruel-a goazela.

      — Teruel-a?

      — Bai. Teruelen gorriak erdian hartu eta zeharkatuta omen zeudek eta hura garbitzera.

      Nik esan nien:

      — Hori ez esan neri.

      — Hik zer dakik, bada?

      — Hori ez duk ola. Zeharkatzeko indarra baldin bazegoen, garbitzeko ere indarra baduk han. Indar asko baldin bazen haiek bueltan hartzeko, besteren beharrik ez dute. Hor aldrebes duk. Hor gorriak aurrera etorri dituk. Holakoren bat duk.

      — Hala esan ditek.

      — Bai, baina ni ez nauk konforme.

      Cella izena duen herri batera eraman gintuzten. Baina Cella baino lehenago, trenbidea zegoen ametralladorarekin harrapatzen zutela. Hala, horrera heldu ginenean, geratu trena eta ilundu arte. Zenbat tren, ordea? Erruz.

      Ilundu zuenean sartu ginen Cella herri hortara. Herri haundi xamarra izango da hori. Baina ez ginen ibili batere. Ez zegoen inora mugitzerik, tropa guztiak hara eta honera eta kontrarioak ere bertan baitziren.

      Bastante mendia du herri horrek, baina mendi arlote samarrak. Arbol gutxikoak. Ganaduak-edo ibiliko dira baina.

      Han ez dakit zenbat denbora egin genuen; egun-pare bat edo hola, tropak etorri bitarte. Haiek ere, Cella baino lehenago geratu behar. Egunez ezin pasa, tira egiten baitzuten; eta gauez.

      Gero, hortik Caude izeneko beste herri batera eraman gintuzten. Herri hori, dena erribera da. Dena berdin-berdina. Eta trenbidea behean, errioa balitz bezala.

      Caude gure mende zegoen; eta Concud, hurrengo herria, gorrien mende.

      Trenbidetik joan eta trintxeretan sartu ginen. Baina egun batean egindako trintxerak. Metro batekoak, gehienaz ere.

      Eta makur-makur eginda, egun guzian hantxe egon behar. Bere beharrak bertan eginak ere baziren han. Ezin handik mugitu.

      Batek burua atera ezkero, tak! tiroa bai agudo. Guk ere berdin: tartetik inor ikusten bazen, tiratzen genuen.

      Hurrengo goizean, hasi dira kanoiak gure aldetik. Hirurehun bat ba omen ziren, italianoak. Aurreneko pasada haiek eman zuten. Eta abiazioa gainetik, berrogei bat gehienean, batzuk joan eta besteak etorri. Hantxe aritu ziren egun guztian.

      Gu hurrengo goizean atera ginen, hamasei tanke aurretik genituela. Baina ia trintxeretara ailegatu ginen denboran, erretira. Ezin aurrerago joan, gogor egiten zuten-eta.

      Hildakoak han geratu ziren. Erituak ere, erdiak bai. Ahal zirenak erretiratu genituen; baina erituen bila joaten zena garbitzen zuten.

      Berriz ere artilleriak jo zuen. Abiazioak ere bai. Gorrien trintxerak, ke hutsa ziren.

      Ostera abitu gera, tankeekin-eta. Eta, ia iluna ailegatuan ezkerreko izkinatik falangeak sartu ziren. Gu beste aldetik sartu ginen; baina haiek aurrena. Haiek hartu zuten trintxera.

      Falange haiek, Burgoskoak edo ez dakit zer zuten izena. Bat haiekin zebilena, Joxe Mari izenekoa, naparra bera, baina Astigarragara ezkondu zena. Arrubitxulo izena zuen etxea bazen hor, lehenago sagardotegia eta gero pentsu-almazena izana, eta horrera. Orain hura ere, nere gisa, zahartua.

      Trintxera hartuta, hildakoak han zeudenak bi lagunek hartu eta bota kanpora, eta gu sartu. Trintxera horiek ere txikiak baitziren. Denbora gutxian eginak.

      Hildakoa erruz zegoen. Alde bietatik berdin. Handik eta hemendik, hila asko.

      Biharamunean, eguna argitu zuenean, hartu genuen Concud.

      Concud hartu eta elurra hasi zuen. Baina elurra egin zuen honenbestekoa bai: metroa edo.

      Ilundu zuen eta gau guztian han egon ginen elurretan. Eta hotza esaten zuten, guk ez dakigu, hemezortzi grado egin zuela hutsaren azpitik.

      Hurrengo goizean, han ez zen inor ere gauza, ez fusila disparatzeko eta ez kargatzeko. Denak hotzak amorratzen. Denak olaxe: dardar-dar... Ibiltzeko ere ez ginen gauza gu.

      Hamarrak alde hortan, patarra ekarri ziguten. Asaltaparapetos esaten zioten.

      Nik hori, lehen esan dudan Peña Lasa hartan probatua neukan. Laguna banuen, Murillo izenekoa, naparra. Kozina laguntzera joan ginen, han garrafoia zuten eta harek egin zuen pixka bat ostu.

      Gero, lotarakoan edaten genuen. Hotz egiten zuen, ba, Peña Lasa hortan. Lehen esan dizut mila eta zortziehun metro dituela, uste dut, alturan. Pixka bat edan eta bero-bero eginda jartzen gintuan. Murillo hori eta biok elkarrekin ibiltzen ginen eta ederki.

      Eta Teruelen hori eman zigutenean, nik orduan esan nien lagunei:

      — Ez dik asko edan beharrik. Pixka bat nahikoa diagu.

      Kantinplora eta beste baso bat izaten genituen, eta baso hori bete-betea eman ziguten. Guk edan eta gero gainetik gehiago bazela:

      — Venga más, si queréis.

      Eta batzuek zer egin zuten? Berotzen hasi zirenean, gehiago edan.

      Harek, ordea, udarako bihotzean bagina bezalako berotasuna ematen du. Huraxe edan genuen eta akabo: etzan hotzik eta ezer ere. Eta gau guztian lorik egin gabe baikinen, asko edan zutenek seko lo hartu elur gainean.

      Eta lo hartu zutenei, batzuei egin zitzaien tripa haunditu, eta horiek hil egin ziren. Eta beste batzuei, askori, hankak jelatu, eta gero moztu egin behar. Haiek hola hondatu eta galdu ziren. Baina ni lehenago probatua. Bai; dabilenari tokatzen zaizkio...

      Tolosakoa ere bazen han gurekin mutil bat, galanta. Hari ere bi hankak jelatu eta moztu. Joxe Tolosa Etxeberria, izen-apellidoak. Karro txiki batean ibiltzen da.

      Aspaldian ez naiz Tolosako ferian izan; baina feriara joan eta harek ikusi ezkero, urrutitik ere oihuka hasten zen:

      Ikaragarria zen gizona. Bikaina. Gero lodiago egoten zen.

      — Lazkano...!

      Jaungoikoak bakarrik daki Teruelen zenbat mutil geratu ziren. Eta bizirik atera ginenak ere, ederki sufrituta. Bat gaizki dagoenean, haren ondoan dagoena ere askoren faltan ez da egoten-eta.

      Sagardia zen gure jenerala, eta hantxe eritu zuten hura ere. Kañonazoa etorri, teniente aiudantea jo eta airean eraman. Eta berak urratu txiki bat bakarrik. Baina kategoria gora...

      Gu, Concud baino aurreraxeago ginen, Teruel-eko kanposantuaren ondoan, Teruel bertan genuela.

      Jatekoa ekartzen ziguten, eta patarra edo zera hori ere bai. Horrekin berotzen ginen, gauza ginenak.

      Egun batzuk halaxe pasa genituen han, baina deseginda geratu ginen.

      Elurra kendu zuenean, kamioiak zeratu genituen. Zaku ikatzarekin nola kargatzen dira? Berdin-berdin, baina gizonekin: takataka, taka-taka, bat bestearen gainean. Pilak egin eta kamioiak martxa.

      Cella herri hortan zuloak eginak zituzten, hogei bat metro luzeak, bi edo hiru metro zabal, eta lau-bost metro altuak, eta hantxe sartu.

      Alde bietakoak eraman eta denak batera sartuko zituzten, batekoak eta bestekoak. Gerra armatzen duenari, ez baitio inportik ezergatik. Gerra negozio zikin bat besterik ez da-eta.

      Eta orduan neri gogoratu: Altzako Amueder-en bazen mutil zahar bat, Martxial, Patxiko Amueder bertsolariaren anaia.

      Patxiko hori Antiguan bizi zen. Baina jaiero-jaiero Amuederrera joaten zen. Hor fruta edo berdura pixka bat hartzen zuen, eta gero bi anaiak gure etxera etortzen ziren, Otxoki gure etxe hori taberna baitzen.

      Baratzategiko beste aitona bat ere izaten zen. Aitona harek bertso batzuk kantatzen zizkion Patxikori, eta honek beste bi-hiru bertsorekin erantzun.

      Martxial ori, gerratean karlistetan ibilia eta orduko zerak kontatzen hasten zen. Askotan honela esaten zuen:

      — Belabietako batailan, hamalau gurdi gizon bete ituken...

      Gu mutil koskorrak eta haiek parrak egiten genituen, harek esandakoak disparateak zirelakoan. Aitona haiek tiroka ari izanak zirela eta gizajotzat jotzen genituen.

      Baina gertatuak izaki haiek ere; eta, kamioiak gorputzez bete-bete eginda ikusi nituenean, orduan gogoratu.

      Nere artean esan nuen:

      — Guk parre egiten genion hari; baina hara guri haundiagoa tokatu...

      Gero, bizirik ginenak erretiratu egin gintuzten, eta herri txiki batera eraman. Izena ez dakit zer zuen. Jenderik ez zegoen apenas. Gehienak handik alde eginak-edo.

      Han frentea, esaten zutenez, ikusten ez zela zegoen. Urruti. Eta hutsa bitarte guztia. Mendi-muturretan mordoska batzuk. Beste inor ez. Eta gorriak atzeko mendietan. Baina haien arrastorik ez genuen guk nabaritu.

      Nik esaten nuena:

      — Frente batean gogor egiten dutela jakinda, han aurrera zertara joan? Zertan jo eta jo ari? Zertako hainbeste gizon hil? Han egon geldi eta beste toki batetik saiatu...

      Hemen, Bizkaiko gerran, berdin-berdin egin zen. Hortik ezin baduzu, jo Santandertik edo jo Asturiastik, Leondik gero joan ginen bezala.

      Hantxe egon ginen, jende berri etorri bitarte. Gutxi geratu baikinen. Batzuk tiroarekin, besteak jelatuta, gehienak ospitalera edo zulora. Bederatziehun bat ginela Teruelen sartu ginen, eta berrehun bat aterako ginen handik gure oinetik. Eta batailoia berriz osatu behar, inora joateko.

      Batzuk kuarteletik ekarri zituzten, kinta berriak deituta. Eta beste batzuk, bajarekin egon eta gero, berriz gugana, kuarteletik pasa gabe. Eta batailoiak denak hartu.

      Gu, Villarcayon bildu ginenean, denak kinta batekoak ginen; eta gerra-bukaeran, kinta guztietakoak. Hasieran denak riojanoak edo euskaldunak; baina gallego, asturiano eta denetik nahastu ginen azkenerako.

 

TERUEL
Patxi Lazkano

Tiro tartean bertsotan
Auspoa, 168, 1983
armiarma.eus, 2018