1908ko urtarrilaren 31an jaio zen Atahualpa YupankiArgentinan. Amerindiar jatorriko argentinarra zuen aita eta ama berriz gipuzkoar jatorrikoa, Higinia Carmen Aran, Haran edo Haranburu deiturakoa.
Amerindiarren kultura eta ohiturak ikertzen hasi eta Argentinak eman duen abeslari ezagunetakoa izan da, eta gurean Mikel Laboa eta Maite Idirinek jarri zioten euskal ahotsa bere musikari. Berriki hil da Maite Idirin, eta bere lagun izan ziren Paulo Iztueta eta Gabriel Arestik euskarara ekarritako zenbait abesti jarri ditugu sarean, Maite Idirin kantariak 1968an Atahualpa Yupankiren abestiekin kaleratutako diskotik ekarriak.
Hiru poema-liburu argitara emanda (River Himns; Cardinal eta a little bump in the air), azken urteetan indarra hartzen ari den ahotsa dugu Tyree Daye estatubatuarrarena. AEBetako literatur munduan sorkuntza-lanerako ohiko tresna diren zenbait sari eta bekak jasotakoa, euskaraz irakur daitezke bere bost poema, Beñat Sarasolak euskaratuak.
Gerraosteko poesia galegoaren izen ezinbestekoa da Uxio Novoneyrarena, “hil aurretik ere klasikoa”, kritikari batek ondo definitu zuenez. Urtarrilaren 19an jaio zen 1930ean, Espainian errepublika aldarrikatu aurretxoan, eta gerraoste betea ezagutu, beraz. Courelgo mendi goietan bizi izan zen 50eko hamarkadan, eta han ondua da lirika moderno galegoaren gailurra den Bazterrak (Os Eidos). Koldo Izagirrek euskaratua (Novoneyra beraren laguntzaz), Pamielak eman zuen argitara, bi liburukitan, 1988an. Osorik irakur daiteke hemen.
Urtarrilaren 18 batez jaio zen Jose Maria Arguedas idazle perutarra. 1965ean kitxuaz idatzi zuen Pongoq mosqoynin, Jose Manuel Bujandak euskarari Pongoren ametsa izenburuarekin ekarria, gaur hona dakarkizueguna. Pamielak 1991n argitaratu zuen, Txema Larrearen hitzaurre batek lagunduta, narrazioa eta sei poema.
Ipuinekin lortu du harrera handiena Claire Keegan idazle irlandarrak (zenbait aldizkari ospetsutan argitaratu dizkiote), hala kritika nola irakurleen aldetik, eta egungo Irlandako idazleetan izen esanguratsua da. Ipuin-bildumez gain, eleberri parea ere publikatua du. Ametsetan errealitatea aurresumatzen duen ama eta alabaren istorio indartsua da Ekaitzak, urte hasiera honetan (Keegan bera 1968ko urtats egunekoa da) ingelesetik euskarara June Lete Larrañagak ekarri diguna.
Irakurgai zirraragarria da Gizaki espeziea, Robert Antelmerena. 1917ko urtarrilaren 5ean jaioa, militante komunista, Erresistentziako kidea, alemanek atxilotu eta kontzentrazio-esparruetara bidali zuten. Dachaun aurkitu zuten kideek 1944an, fisikoki zein psikologikoki hondoa jota (Le Douleur liburuan kontatu zuen haren itzulera Marguerite Durasek, Antelmeren emazte zena orduan). Bere esperientzia Gizaki espeziea liburuan jaso zuen, kontzentrazio-esparruei buruzko gogoeta eta testigantza libururik bikainenetako bat. Koldo Izagirrek euskaratu zuen zati bat. Historiaren orriak iraulita, Palestinako idazleek berridatz dezaketena egun.
Robert Antelme
Urtarrilaren 5ekoa da, halaber, Forugh Farrokhzad idazle irandarra. Errepresio fisikoa baino sozial eta familiarra zuzenean ezagutu zuena. Miren Agur Meaberen itzulpenean goza ditzakegu haren poemak, Munduko Poesia Kaieren bilduman.