Ira
28
16
Feriatzaileak izena du Patxi Larrionen eleberriak eta bihar, irailak 29, jendaurrean aurkeztu aurretik osorik eskaintzen dizugu sarean. Zortzi Oscar sari jaso zituen Patton pelikulako eszena batzuk Urbasan eta Iruñean filmatu ziren 1969ko udaberrian. Zinegile amerikanoentzat lanean ari denez Martin Galdeano (nobelako protagonista), produkzio handi hartan negozioak, amarruak eta lapurretak egiteko aukera paregabea duela iruditu zaio. Larrionen kontakizunak bizitasun harrigarri batez azaltzen ditu jukutriak eta sekretuak, anbizioa eta traizioa, adiskidantza eta desira; baina bide batez, gizarte eredu zahar baten eraldatze garaiaren erretratua eskaintzen digu.
Ira
22
16
XX. mendeko poesia ingeleseko izen handietako bat dugu T.S. Eliotena. Modernismoaren maisuetarik, erreferentzia izan da geroztikako egile askorentzat, mundu osoan. Euskaraz ere izan du harrerarik, Gabriel Arestik, Joseba Sarrionandiak eta Jon Juaristik hura euskaratzen egindako lana adbide (Hordagok argitaratu zituen itzulpenok, 1983an, irakurgai daude Armiarman). Xabier Bovedak ere ekin dio, eta haren bost pieza ekarri ditu euskarara, tartean J. Alfred Prufrocken amodiozko kantua poema luzea, eta Idatz&Mintz aldizkarian argitara eman. Hemen irakur ditzakezu orain.
Ira
19
16
Irailak hemeretzi zituen orain ehun eta bost urte Antenor Firmin hil zenean, gizakiaren duintasunaren alde idatzi den obrarik ederrenetako baten egilea. Haitin bertan ikasia, abokatua eta eskoletako inspektorea izan zen. Ideia aurrerazaleak defendatu zituen Le Message du Nord egunkaritik, eta politikan murgildu zen alderdi liberala sortuz. Ordezkaritza diplomatikoan heldu zen Parisera 1883an, eta gizakia goi arrazetan eta behe arrazetan sailkatzen zituzten Gobineauren ondoko guztiei egin zien gogor. Ondorioz, Giza arrazen berdintasunaz (Paris, 1885) argitaratu zuen, «Antropologia positiboa» azpitituluarekin. Gardena bezain zorrotza, antropologia kritiko, sozial, kultural eta literarioaren eredu, zientzia modernoaren aitzindaria dugu Antenor Firmin. Harrigarria ote da obra hau berriro inoiz publikatu ez izana Frantzian, l’Harmattanek egin arte 2003an? Ez da batere harrigarri: Mendebaldearen arrazakeriaren aurkako erantzuna, erantzun zientifikoa, mundu beltzak dakar! Zientzia eta morala, horra bi ertzak bat eginik! Jasan ezina, bistan da. Haitiko lehendakaritzarako hauteskundeetan hartu zuen esku 1902an, baina Firminen aldekoak berak matxinadan lehertu ziren eta atzerrira hartu behar izan zuen. Hantxe hil zen. Hona bere obra nagusiaren zati batzuk.
Ira
17
16
Orain hogeita bost urte hil zen Lino Akesolo irailak hamazazpi zituela. Obra literariorik gabeko idazlea, ahanzturan galtzeko arriskuan dauzkagunen multzokoa genuke Julen Urkiza langile nekagaitzak egunkarietan eta aldizkarietan sakabanatuak zeuden Akesoloren artikuluak bildu ez ezik sarean irakurgarri paratu izan ez balitu. Edizio honi esker elizgizona ezagutzen ahal dugu noski, baina ez hori bakarrik. Literaturzalea dugu Akesolo, asko irakurria da eta beti dago prest irakurriaren berri emateko, bereziki juzku txarrak deritzenak zuzentzearren, polemista baitugu, eta ahoan bilorik gabe zafratzen ditu poeta entziklopedikoa zein frantziskotar buruzagia. Zurikeriarik gabeko idazlea dugu Lino Akesolo, alegia, artikulugile garratz samarra. Horregatik dirateke hain irakurgarriak, besteak beste, bere prentsako lanetatik ez gutxi. Lau artikulu eskaintzen dizkizuegu, diogunaren erakusgarri.
Ira
15
16
Bi atal nagusi ditu, Odola eta Izerdia, Pello Zabaletaren Zurubi luzea poemarioak, eta hirugarren bat, Eta… izenburukoa. Esaera ezagunari erreferentzia garbia da —odola, izerdia eta malkoak—, baina poemak ez dira esaera sortu zen testuinguru bortxazkoan murgiltzen. Existentzia dute kantagai, baina ez dira existentzialistak; eta azken zatian malkorik ez da, bestelako gaiek —amodioa, eszenak, ametsak— hartzen dute nagusitasuna. 1980koa da Zabaletaren lehen poema liburua, gero beste bi argitaratu zituen eta denak bildu Bigarren bizitza izenekoan. Poesiaz gain, itzultzaile jardun du, batez ere alemanetik (Böll, Hesse, Hoffmann…). Hemen duzue Zurubi luzea.
Ira
08
16
Bigarren poema liburua izan zuen Apunte eta Ahanzturak Karlos Linazasorok. Irun Hiria saria irabazitakoa, 1993an argitaratu zen, eta finantza-erakunde, udal eta halako instituzioek argitaratutako hainbat literatur lan bezala, izenburuak dioen toki horretaranzko bidean jarri zen: ahanztura. Ordea, deskantsurik gabeko idazketa lanean segitu du Linazasorok, poesian eta narratiban obra oparoa osatuz. Denetarik aurkituko du irakurleak, poemario honetan: apunteak, poema luzeak, barrurantz bezala kanporanzkoak, poetika aldarrikapenak… Hemen irakur dezakeu.