PERNANDO AMEZKETARRA ETA GARIBAI
Lino Akesolo

Zeruko Argia, 1965, 124.zenb.
Nonzebarri izenpean
armiarma.eus, 2016

 

      Iaz, Pernando Amezketarraren urteurreneko jaietan, Amezketan izan ziran asko ez ziran zerbait harritu barik gelditu hango plazan ikusi ebenaz: Pernando ospetsuaren bizitza eta ateraldiakaz osotutako liburutxo bat eskeintzen jaken erosi nahi eben guztiai, baina erderaz egina. Bat baino gehiago ikusi neban nik, liburua erosteko pozean hurreratuta, erosi barik atzera egiten, erderazkoa zala ikusirik.

      Badakigu, gerotxoago Zarauzko Itxaropenak emon deutsela euskaldun irakurzaleai G. Muxikaren liburu zaharra, Pernando Amezketarra, barriro irakurteko erea. Lehenengo orrialdean irakurten dogunez, liburuaren bosgarren argitaldia da. Pernandoren xelebrekeriak euskera jatorrean irakurteko egarriz ziranak badauke hor euren egarria non ase.

      Pernandoren ateraldi honeik dirala-eta, behin baino gehiagotan egin da honako itaun hauxe: Pernandorenak dira gero haren izenean zabaldu diran ateraldi eta ipuin guztiak? Muxika zanaren liburuak, sarrera antzean, Karmelo Etxegarairen lan bat dakar, eta bertan irakurri ginai itaun horri gizon jakitun haren erantzuna. Etxegaraik ezetz dino, ez dirala Pernandorenak honi ezarritako zorrozkeria guztiak, ez dirala asko ez berak asmauak ez bere ahotik urtenak; antxinagokoak dirala; Pernando jaio baino askozaz lehenago Italian, Prantzian, Espainian sortutako liburuetan irakurri daitekezala euretarik asko. Ipuin horreitako bat aitatzen dau Etxegarai jaunak, gitxienez zortziehun urteko bizia daukana, Pedro Alfonso Aragoiko semearen liburu baten irakurri daitekena.

      Ipuin asko, ateraldi asko mundu guztian zehar ei dira ezagun eta leku askotan dabiltz zabal; baina toki bakotxean honi edo hari ezarten deutsezala, euren asmatzailetzat urlia edo berendia emoten deuskuezala. Eta gure Euskal Herrian holango xelebrekeria eta ipuin asko Pernando Amezketarraren izenean zabaldu dira, ointsuengo gizaldiotan.

      Pedro Alfonso, gure Amezketarraren xelebrekeria baten aita zahar ezaguna, judegu izanda gero kristinau egina, hamaika-hamabigarren gizaldikoa dogu, eta Euskal Herritik kanpokoa.

      Iaztik ona, euskalduna ez bada bere, euskel izeneko guraso bat sortu jako Pernandoren beste jazoera bati, Garibai dau izena. Pernando Amezketarraren urteurren onen barruan atera dabe Madrilen, erderaz, Garibairen izeneko ipuin mordoa dakarren liburu bat: Cuentos de Garibai.

      Nor izan ete zan Garibai hori? Ez deuskue orain artean ipuin sorta horren argitaratzaileak, ez lehengoak ez oraingoak, argitasun handirik emon, batzuk Arrasateko Esteban ospetsuaren alde dagozan arren. Erdalerrian, erderazko esakeretaraino sustraiak eginik ebilen antxina baten Garibai izena. Esaterako, euskaldunen artean Axularren itzalak adinako ospea eukan Garibairen arimeak. Quevedok esan ebanez, Garibairen arimea ez Jaungoikoak ez deabruak ez ei eban nahi. Iaz agertua dan ipuin sorta honek bere Garibai daroa egiletzat edo batzailetzat. Ehun bat ateraldi eta jazoera ditu. Eskuidaztia Real Academia Espainola-k ei dauko gordeta.

      Hona hemen orain Pernando gurearen ipuin bategaz guztizko antza daukana.

      Jaun handi baten etxean jatordua da. Arrain handiak atera dabez etxeko jaunarentzat; beste guztientzat arrain txikiak. Mahaian da praile bat bere, eta ez dau besterik egiten: arrain txikiak banan-banan eskuratu, belarrira hurreratu, eta beste barik, mahaipera bota. Etxeko jaunak, prailearen zeregin hau ikusita, badinotso:

      «Zer? Arrain horreik usainduta edo dagoz?»

      Eta praileak:

      «Ez, jauna. Baina hara: nire aita, ibai bat igaroten joiala, urak eroanda ito egin jatan, eta arraintxo honeiri nengoan esaten eia han ito zanean ikusi ete eben. Ezetz erantzun deuste; alperrik dala eurai itandutea, eurak txikitxoak, gazteegiak dirala-eta; baina beste nagusi horreik, jaun horrek daukazan horreik, larri-larri nire aita itoten ikusiak dirala, eta horreiri itanduteko haren barri».

      Behingoan igarri eutsan etxeko jaunak praileari nondik nora ebilen, eta arrain nagusietatik emonez, badinotso:

      «Eutsiz, ba, eta itandu eurori, eia zure aitaren barririk ateraten deutsezun».

      Ipuin honek eta gure Pernandoren «Erretorearen amuarrainak» guna bat bera dauke. Amezketarrari, bere urteurrenean, guraso zahar barria emon behar deutsagu: oraingoan, euskeldun izenekoa eta izen ospetsua gainera. Zein eta Garibai!

 

PERNANDO AMEZKETARRA ETA GARIBAI
Lino Akesolo

Zeruko Argia, 1965, 124.zenb.
Nonzebarri izenpean
armiarma.eus, 2016