Urr
30
20
Sagartzazu’tar Kauldik izenpetu zuen Txinpartak poema liburua 1922an, Satarkak izenpetu zuen gai eta estilo bereko Intza Begietan 1957an. Bildumatxo honi Manuel Lekuonak egin zion sarreran irakur genezake ezizen hori “lotsatitasunez” sortua dela edo datekeela, baina Klaudio Sagarzazu adiskidearen poemak ez direla lotsa emangarri. Hagitz polita da Lekuona zaharraren sarrera labur hauxe, eredugarria ere bai eskaera estugarri bati zelan egin ihes ikasteko. Malkoa eta eztia, txoriñoak eta liliak, ama hilaren doluzko deitore lazgarriak… Poesiakeria izan ohi da poesiaren gaitzik handiena. Olerkarien hanpaduratik urrun eta Otañok eta Iraolak urratu zuten bertsogintza hausnartu eta estilo gozoko hartara ezin iritsirik, Sagarzazuren obrak argiki derakus Barbier, Beccas eta Ithurralderen herrikoitasun kultuaren kalitatea Iparraldean eta Emeterio Arreseren ahalegin bakan bezain ederra poesia zibil bat eraikitzen Hegoaldean. 1950ean sortu zen Euzko Gogoa aldizkaria. Otsalar, Mirande, Aresti… poesiaren beste kontzeptu batzuk hasiak ziren umotzen 1957rako. Satarka jaio zela urriaren 30ean 125 urte bete diren honetan, irakurgai dituzu haren bi poema liburuok.
Urr
27
20
Mexikoko Zacatecasen 1930eko urriaren 27an jaioa, idazle eta artista plastiko kubatarra da Fayad Jamis. Kubara umetan joana, margotzea eta idaztea izan zituen betidanik jardun. Gaztetandik arte munduan murgildua, erakusketa anitz egindakoa, kazetari-lana izan zuen ogibide zenbait agerkaritan, eta poemak idaztea jardunbide, XX. mende erdialdeko Kuban izen inportante bat bilakatuz, hala iraultza aurretik nola ondoren. 1988an hil zen Habanan. Jaio zela 90 urte direla, haren 10 poema euskaratu ditu Koldo Izagirrek
Urr
23
20
Poeta tragiko kontsideratua, ezkor ageri dena gizadiaren aurrean, bazeukan motiborik jendartearen gaineko ezagutza izateko Czeslaw Milosz-ek. XX. mendeko poeta handienetako bat, poloniarrak gizaldi osoko gertakaririk esanguratsuenak bizi izan zituen, 1911n jaio eta 2004an hila. Duela 40 urte Nobel saria jasoa, haren 11 poema ekarri dizkio euskarari Iñigo Astizek.
Urr
14
20
Lisipe bildumak zortzigarrena du kalean jadanik: Marina Sagastizabalek idatzitako Hiruki gatazkatsua. Eguneroko bizitzari lotutako hausnarketa da liburua, eguneroko horretan gurutzatzen diren hiru dimentsioren artikulazioan oinarritzen den hirukiaz diharduena: etxeko eta zaintza lanak, ordaindutako lana eta parte hartze soziopolitikoa. Hiru eremu horiek nola zeharkatzen dituzten bizitza zikloak, eta hiruren denborak nola uztartzen diren, edo talka egiten duten. Bizitzaren eta kapitalaren arteko gatazka gorpuzten duten esperientziak aletzen dira orrialdeotan, eta, esperientza horietatik abiatuta, mugimenduan dauden ideiak eta gogoetak plazaratu.
Urr
09
20
1930eko urriaren 10ean jaio zen Harold Pinter. Antzerkigintza britainiarraren XX. mendeko izen ezinbestekoa, aktore, gidoilari, ekoizle edo zuzendari gisa egindako lanaz gain, autorea da, ororen gainetik, Harold Pinter. 50 urteko lan ibilbidean obra asko idatzitakoa, II. Mundu Gerraz geroztiko erreferentea da gaur egungo antzerkigintzan. 2005ean Literatura Nobel saria jasotakoa, Elkar argitaletxeak Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk liburua kaleratu zuen, Iñigo Errastik euskaratuta. Liburu horren eduki bikainaren erakusle eskaintzen dizuegu obra horietako bat, Alaska moduko bat.