1986an idatzi zuen Peter Handkek Iraupenari poema, bere poesia-lan ezagunenetako bat, hainbat hizkuntzatan itzulia eta argitaratua izan den poema-liburua. Eternitatearen kontzeptua baino, kolpean itzultzen den zerbait balitz bezala azaltzen digu Handkek iraupena, poema halaber epiko eta liriko luze honetan, Asier Sarasolak maisuki euskaratu eta eskaini diguna: Iraupenari poema.
Oso ezaguna ez izanagatik, Espaniako XX. mendeko poesiaren ahots berezietako bat da Francisca Aguirrerena. Frankismo garaian hazia (aita, iruinsemea, pintorea eta Espainiako Errepublika garaiko polizia goi kargua, garrotez hil zuten), 50etako belaunaldia deiturikoa ezagutu eta bizi izan zuen, nahiz eta beranduagora arte ez argitaratu izanak errekonozimenduetatik kanpo utzi zuen. Etenik gabe, baina, obra poetiko inportantea osatu zuen. Izaskun Etxebeste Zubizarretaren itzulpenari esker, haren zazpi poema irakur ditzakegu euskaraz.
2021eko martxoaren 21ean hil zen zenNawal Al-Saadawiidazle eta ekintzaile feminista egiptoarra. Emakume arabiarrari buruzko hainbat saiakeraren egilea da (Emakume arabiarraren aurpegi biluzia; Emakumkeak eta neurosia; Gizonezkoak eta sexua…). Medikuntza ikasi eta gaztetandik lotu zitzaion lan politikoari. Kartzelatua (Emakume-kartzelako oroitzapenak), erbesteratua, feminismoaren aldeko lan sozial eta instituzionala egin zuen, kontinente osoarentzat, bereziki mundu arabiarrean, erreferentzia ezinbesteko bilakatuz. Literatur ibilbide oparoa egindakoa, poesia, ipuinak eta eleberriak idatzi zituen (Emakumea zero puntuan; Imananren erorktea; Isisen alaba…). Idazle handi bat eraman zuen aurtengo udaberriaren etorrerak, eta hau ere badoalarik, haren zazpi poema ekarri ditugu euskarara.
Amaia Ezpeldoi detektibe ruralaren abentura berri bat, zazpigarrena, plazaratu du Itxaro Bordak: Euri zitalari esker. Bere lan jardunetik erretreta hartzear da Ezpeldoi. Azken kasu bat du argitzeko, alta: gauetik goizera Landetara ezkondu zen eta aspaldian arrastorik utzi ez duen Maddiren desagertzea. Sexua, dirua, telesailak, ikasle garaiko bulkadak eta sarearen ezkutalekuak. Bere pertsonaia sonatuaren ibilietara itzuli da Itxaro Borda kontakizun berrian, sarean ere osorik irakur dezakezuena.
XX. mendeko Irlandako idazleen artean izen ezinbestekoa da Flann O’Brienena. Kazetaria lanbidez, haren garaikide izandako hainbat idazle ezagunek aipatzen dute O’Brienen lana, estiloz ausarta, idazle postmodernoen aitzindarietako bat. Nagusiki ingelesez jardundakoa, An Béal Bocht eleberria eman zuen gaelikoz, eta hango atal bat, Anbrosio, ekarri digu euskarara Xabier Bovedak, Idatz& Mintz aldizkariaren 69. zenbakian.