Ekainaren 26 egun
GABRIEL ARESTI
Harrizko herri hau, 1970
Hogeita hamar urteko
astearen luzatasunetik
hartutako
atseden hartan,
latinak
halako euskaldun kutsu bat zian
aldaretik kulpitora,
eliza
zahar hartan.
(Orduan zituan hogeita hamar urte
euskaldun poetaren
heriotzetikan).
Aldatu nian liturjia:
Ez zen gure poeta
saldu lau pezetan,
eta ez zen ibili
bide errezetan.
Oraindik bizi dela...
Ez nago txantxetan.
Harekin gertatzeko
nabil ametsetan.
Limosna bat
Purgatorioko arima
gosetuen alde,
Malthusen teoria madarikatuak
ez daitezen
bertan ere
egiazta...
Eta aldatu nian dotrina:
LEHENBIZIKOA:
Ez ezakezue poetarik asasina.
BIGARRENA:
Ez ezakezue pintorerik kartzela.
HIRUGARRENA:
Ez ezakezue euskal mutilik desakra.
LAUGARRENA:
Ertzaintzan ez eukezue pederastarik.
BOSGARRENA:
Ez ezakezue herririk deserri,
eta deserriturik ez ezakezue masakra.
SEIGARRENA:
Ez ezakezue larrosarik bortxa.
ZAZPIGARRENA:
Rikardo bezalako beste baten heriotzaren notizia
ZORTZIGARRENA:
Ez ezakezue euskaldun haurrik ikastola:
Eskola ezakezue.
BEDERATZIGARRENA:
Ez ezakezue Lurdesengatik gaitzik esan.
HAMARGARRENA:
Ez ezakezue Arestirengatik onik esan.
......................................................
Ez.
Ezteberen heriotzarik
ez diat
meza batengatik
barkatuko!
|