Gernikara noake (Aberriari kantua)
EUSEBIO ERKIAGA
Idatz & Mintz, 1989
Gazte nintzala
jakin neban zein zan
aberri neurea.
Amesetan ikusi
neban neskatilea
maitale kutuna,
artean aurkitu bagea
zeu ete zinan dot
sarritan sinestu,
Euzkadi maitea.
Umezaroko urteak
jatortaz gogora,
gure begiak zabal
behera ta gora,
ibaiaren lerroa
ta errekastoa,
muna baketsuetaz
asago basoa.
Goizaren bakea
gure soloetan,
txorien pioek
amesak ereiten,
garo izerdiz landea.
Soinutsik haizea.
Eta iparreruntz
osin nagusia
aitaren berbetara
sarri etorria.
Haregaz joan nintzan
domeka goiz baten,
itsaso oztin hori
lehenengoz ikusten.
Ederra txastatzeko
nintzan leratsua,
artega jarri nintzan
harrituta, konkor.
Dantzaria zan laua
niretzat berankor.
Harrezkero, ostera,
nire itsasmina
ez da inoiz agortu.
Horra, gure lurraren
auzorik hurkoenaz
zelan nintzan alkartu.
Zeruaren
izara dundua
ta itsasoaren ganekoa,
antzekoa.
Lur, itsaso, zeru,
munduko hirutasun,
aurkitze zoragarri,
eta ni, ostera,
ezjakina ninduzun.
Ortzearen urdinak
maite zuritasuna
eta itsasoak, bere
urdinezko uhinak
orraztuteko ditu
bitsa ta apar biguna,
urdinzuri dan kolore.
Bion aizta antzera
les doan urruna.
Urezko zelai haren
luze zabalean
aurkitu nituen
ontzien kulunkak
jolas kutunean.
Bai bestetarikoa
atartean burdia,
ordu nasaietan nagia.
Burdian, gehienean,
barruan inor ez;
ontzietan gizonak
soineko bakanez.
Ta soka, sare, masta,
arraun eta belak,
barri, tuntuiz, otzara
eta amu kordelak.
Itsas marru ostean
susmur ixilena,
kantu amaibakoa
itsasoarena.
Inoizka eguzkiak
urrea ostenduten,
ene begi argiok
ilunpe bapaten.
Ni, orduan, umetan
oherako gertu,
gure ama arduraz
ni zelan baretu:
Estebantxu, arren,
ekatxaren soinuaz
ez zaitez bildurtu,
burrunbaden ondoren
hezoa zerutik
ongile jatorku,
lurra bustiko dau
eta iturritxuak
kantari bihurtu.
Iturrien batzar antzo
nenkusan itsasoa,
han beredin ontzi
maite zanbuluka,
ames zoragarriez
betea dan geroa
han susmatzen nebala
ezin daiket uka.
Orduko guraria
barriro nik orain,
urrunera begira
sakoneko lemazain...
Lorarik lora doan
erlearen taiura
amesa jabilt arbin
hegadak eginik,
halan be batzuetan
etorri jat burura
praile komenturako
ete dodan deirik.
Nabarizkoa neban
kaieko jorana,
gizonen izerdia
lorra eta lana,
andren irribarrea,
kantuen ozena,
itsasoko kresalak
dakarren kemena.
Hor basetxe ganean
eder da tximini,
ontziak zilganean
burdinazko hodi;
batak eta besteak
antzeko irudi,
kezko eriona
zeruruntz urduri.
Ortze, landa, itsaso,
agirian beti,
baina gauza orotan
zadorra estali,
sakon eta tontorra
ilun ta dirdari,
zadorrari nahi deutsat
sabela idigi.
Argi-izpia hil doa
arrats bakotxean,
goizeko gentza dadin
sortu baratzean;
oi, zein jatan atsegin
ixila gurean!
halan be kaiak damost
poza bihotzean.
Urkietan orriak
haizeak dantzari,
kaialdera barriro
nire gogoa adi,
izotz zurietaruntz
branka mutur hori,
uhinik zurienak
guretzat goraintzi.
Noan eta natorren
gogoa nik aron
bakea gura eta
ezin geldi egon;
loren inguru dakust
hilobien sakon,
ezilkortasun honi
zor deutsat jaramon.
Neguko iluntzean
zuri dakust Oiz,
sutondoa itxita
noan lotara goiz,
betazalok beheruntz
non da nire otoitz?
Zadorra azalduko dot
baina ez dakit noiz.
Aralar eta Gorbea
geroago ikusiko,
zezenketak hemen laga
Igaratza bai begiko!
Nafarroa kutunean
lotu banendi betiko,
abuztuko iluntzetan
artzainakaz kokoriko.
Hara Auñemendi garaia
Aberriaren biñarra,
gure egia ez daki,
nagusia dan lakarra;
ibai, zidor eta zubi
kontrabandisten suarra,
gure asmoetarako
benetan gauza beharra.
Gorbea...
aieru baltzoi
murgil adi;
betoz laminak
kantari.
Nafarroako jauntxoak
mende bitan banatzaile,
mendialde heze haretan
euskaldunek hor diraue;
gari soloak, ardantzak,
elikaturen helbide,
Arabakolautadeaz arlo
horretan senide.
Lehenetakoa dot nik
eten bako hegalotsa.
Bizitza jatan ederra!
bego asago lalotza;
nire leiho idigian
egoteko ez naiz lotsa,
maitariak mosua ames
ta ez arantza zorrotza.
Ibaiak daukan gardena
Mungiko magal leunean,
neskatorik ederrena
garbiketan ur ertzean,
burtzaina noiz ete dator
akulua bizkarrean?
Lifi zuria igeri
kristaleño ur ganean.
Artzainaren amesa...
maiterik alboan?
Bost sastakai daroaz
ta bostak kolkoan.
Bedar lirainak orrian
ur tanta garbia,
txirlarri egile da
goiko eguzkia;
oi, neskato gorrista,
zure irudia
begion ziztakari,
mosuzko zauria.
Nik uri handiaren
iradu konpasa
egonezin labana
gero neban goza.
Kale zabalerea
nabarmena jatan,
dana mustatu behar
oraingo bizitzan.
Zidarrezko bidea
sarri bide laban,
zadorrean argia
bilatuten neban.
Bilatu baina aurkitu
alperreko saio,
unada batez nintzan
amesez soraio.
Zeri nagoke?
Zeruaren urdinari,
herritarren minari?
Beredin nahastetan
gizadia murgil;
erasopean, nekez,
bizia hor dabil;
burrukako oporretan
zauritu ta erail,
miatzariaren odola
lurganean txistil.
Baina herri-jagolak
ez dira gureak,
gizarte zadorra dau
gure gizarteak.
Lehen bere, izan dira
zapo ta sugeak,
argiro jarri eban
Leringo kondeak.
Eratsiak ditue
harrizko torreak.
Inoiz ikusi ez dodan
irudi kutuna
sartu jat ixilkiro
kolkoan barruna.
Begiak eder ditu,
bihotza areago,
maorik gorriena
haren eztizko aho.
Baina ni ontzipuntan
joateko nago,
zelai urdinaren gain
asago ta asago.
Maitalea, ostera,
niganuntz heldurik
mosu eskale daukat
begiak hertsirik.
Utzi, laztana, arren,
mosua biharko;
urrunetik altxorra
deutsut ekarriko.
Zuk ontzia ba dozu
ta amesen haizea,
Gure ohea nun da,
gure sukaldea?
Itxaron, neska maite,
oraindino ohea
egiteko daukagu.
Nik arotz gaztea...
Nagiegia ez ete
arotz gazte hori?
zaharra dakusat nik
ahazkor ta urduri.
Itsasaldi ostean
natorke zure eske
laster izango dogu
zoriona, Espe.
Noiz...?
Noizak utz dagiguzan
Jaunaren eskuan.
Guk bere, han daukagu
izarra zeruan.
Bihar doguz gertuko
guk bide barriak,
arratsberan izango
gara maitariak.
Arotz zaharra hor dozu
bere lana amaitzen...
Ai, ene!
Ekaldean
dunbotsa da sortzen,
hegoan ta zeruan
bakea lorrintzen.
Burdinazko hegalotsa
leiho idigitik,
saguzar baltza ezin
uxatu gelatik.
Nafarroan barriro
Leringo etoia,
Amaiurren zoria
oinaze ta lohia.
Harako gauetako
eskari mazalak
dardaraz jarten deustaz
mamin eta azalak:
Estebantxu, arren,
ez estutu barrua,
baretu egizu zuk
dardaren izua.
Amaren berba onak
ez jataz nahikoa,
belaunaldi honetan
izango jokoa.
Arrisku gorenean
dakust aberria,
orain ete jatorku
odol oparia?
Heriok bere kodain
zorrotza eskuan,
txorien hegalotsa
galdu da zeruan.
Noan gudari bila
lau haizeetara,
gure gizaldi honek
erantzun bakarra:
Dana eskeini behar
askatasunari.
Oparo guk emongo
maite dogunari.
Gure landa askotan
lorak erre dira,
ehundaz gorpu horra!
ortziruntz begira.
Gazterik ederrenak
mendian gudari,
hondamendian doguz
baserri ta uri.
Bertso txorta hau ezin
luzatu gehiago,
albistarik baltzena
belarrian dago.
Banoa, aberkide,
Gernika aldera,
testigu izateko
hona nik aukera.
Lur aitorretan laster
gorri, amapolak:
opari gorena dau
eskeintzen odolak.
Eta Herri zintzo honek
izango al dau gomutan
urrundu gintzanon deia,
bai orain, bai geroetan.
|