Lauaxetaren betaurrekoak

KOLDO IZAGIRRE

Balizko Erroten Erresuma, 1989

 

Nik ere banuke nahi izanez gero

—Federico, Miguel—

Poeta baten izena ahotan hartzeko

Izena ezizena zuen poeta xume bat

Euskal poeta bat izan litekeen bezain sotila

Zuek bezala zaldi zuri bahitzailez

Larrosaren urrezko erlez

Puntu gaitzak asmatzen zituena Federico

Italia eta Alemaniaren armiarma beltzenek

Eta gero Españaren poeta suminduek Miguel

Lehertu zuten Gernikan atxilotua

Gorrotozko igitai batek ustel dezala heldu zintuzten eskua

—Federico, Miguel—

Nahi izanez gero banuke nik ere

Izen bat ahotan hartzeko

Ezizenezko izen xume bat

—Lauaxeta—

Itzalik laiotzenera eramana zu bezala Miguel

Berunez lotaratua zu bezala Federico

Txapel-okerrak edango yabek

Ardao onena Gómez etxian

 

                  *  *  *

 

Ulertzen dut poeta frantsesaren izua

Frantses guztien izua haren begietan

Picassoren oihalari beha

Betaurrekorik gabe

Poema inperfektu jator bat burutuz

Kafeari azukrea ukatu ondoren

—Gernikaren hezurrak

Merkatu eguna

Hiru ordu terdi bonbaketa

Bi mila hildako

Haritz bat—

Baina poeta frantsesak ezin du ulertu

Picassoren oihalari poeta bat falta zaiola

Euskarazko oihu hori duela eskas

Lauaxetaren betaurrekoak

—«Suari zail, hotzari zail, ukoari zail, gauari zail,

Injustiziei zail, kolpeei zail»—

Oro guztiari zaildutako aurpegien betaurrekoak

Oihu errepikatuak mende erdi bat honuntzago

Betaurrekorik gabe hila Eluard

—«Inuzentzia krimenari garaituko zaio»—

Lauaxeta bezala

 

                  *  *  *

 

Merezi zenuen fusilatzea

Baina ez zintuzten poetaz erahil

—Lauaxeta—

Hemen berdin epaitu ohi baita

Izenez ala ezizenez izana

Hemen ez du astirik ematen poetaz hilteko

Gure oroimenean ez du argi egiten zure itzalak

Gure oroimenean gure herriaren ibai meharrenean

Badugu izen gehiago eskuan hartzeko

—Lauaxeta—

Harririk sotilenak ere laztantzen ditu memoria honen xirripak

Berunez lo hartutako ezizenezko izen xumeak

 

Sustatu zenuen mehatzaria

Pikotxa etsai odolez bustitzera

Zergatik hil ziren dakiten hildakoek bakarrik

Luzatzen dute itzala lau haizeetara

Dena emon behar yako

Maite dan askatasunari

 

                  *  *  *

 

Telefonoaren hariak moztu ditugu

Eta opor-zarata da txaide zabalean

Ez da goiza mehatzariek bizkarrean dakartena

Ez dira mendietako mehatzak Bizkaiaren zauriak

Pikotxa ez baita poetek eskuan eusteko luma

 

Haur batek jaso ditu zure betaurrekoak

Hankagabeko zaldiak hautsiak

Ez daude etsai odolez bustiak

Baltzak dira ordea mehatzarien begiak

Eta sutan diraute zizpa luzeek

—Lauaxeta—

Sendoa bazina zeure odolez

Idatziko zenituzke bide barrijak

Hika dagiat hik urrutizkinari bezala

Ezin hazaket maita fusilaturik besterik

 

 

 

 

 

"Poetek Lauaxeta gomutan" orrialde nagusia