Olerkaria
JOSEBA SARRIONANDIA
Hnuy illa nyha majah yahoo, 1995
Goiz eder onetan erail bear nabe
Txindor baten txintak gozotan nabela?
El naiten leyora begiok intz-gabe
Esteban Urkiaga
Neskutsak ez dira lorategi apainduetarik irten
gudariak zerraldo erortzen diren artean.
Olerkariaren gorputz sakonegiak ez du oraindik igarri
betazaletan pilatuko zaion elurraren astuna.
Nork ez daki, berak ezik, Gernikan edo Gasteizen
fusil zuloek hartu eta afusilatuko dutela?
Behelainotan harrapatuko dute, ez du «ekibokazioa da
ni ez naiz esteban urkiaga» esango.
Loreek, beren latinezko izenak oroitu ezinik,
kea edanen dute harik eta suak hartu arte.
Eta elaiak aide hautsiaren arrailduretan ibiliko dira
agonia errautsak habiak eraikitzeko biltzen.
Eta mundua zabore gabe geratuko da laster, heriotzera
kondenatuaren azken afaria bezala.
Eta olerkariaren bularreko zauriek hondakin kriseilu lez
argituko dituzte arrasberak eta bide berriak.
|