In Memoriam
GABRIEL ARESTI
Euskal Harria, 1967
Zezenaren adar amorratuek
hildako
poetak,
arbola sustraitik
atereak,
lore
orrituak,
galburu
garanduak,
aberri
hezurtuak,
Frederiko,
Mikel,
Eztebe,
nik orain
diot
balioago duela poetarik tristeenak,
Donibaneko
Monsieur le poète umil batek,
Mariaren alaba
edo
Josepe, Joane eta Jakoberen
seme guztiek
baino.
Mungia
ez da tristatzen.
Granada ez zen
enteratu.
Alacantek
beste bat negarreztatzen du
urtero.
Maiatzeko lore
iharrak:
Frederiko.
Juan de Yepes langileen artean:
Mikel.
Lau haize:
Eztebe.
Zuengatik
orduoro
gordetzen dut minutu baten
isil
aldia,
niri tokatzen zaidan egunaren
zai.
Ai!
Bai.
|