Abu 30 13

Seamus Heaney, hiru poema

Irlandako poeta garaikide handientzat jotzen den Seamus Heaney idazlea hil da, Dublinen. Naturalista baten heriotza eta Iparra poemarioen egileak 1995ean Nobel saria jaso zuen. Euskarari Luigi Anselmik Basaran pattarra poema ekarri zion (Bertzerenak, Pamiela, 2006), eta Erlea aldizkariaren 2. zenbakian Irlandako literaturari eskainitako lanean Patxi Ezkiagak bi poema euskaratu zituen, San Kevin eta xoxoa eta Glanmoreko xoxoa. Nobel saria jasotzean egindako mintzaldiaren zati bat ere euskaratu zuen Koro Navarrok. Armiarman irakur ditzakezu Seamus Heaneyren hiru poemak, euskaraz.

Abu 29 13

Slawomir Mrozek-en hiru ipuin

Joan den abuztuaren 15ean hil zen Slawomir Mrozek poloniarra, umore surrealistaz eta ukitu groteskoz zipriztindutako kontakizun gogoangarrien idazlea, baina baita ere antzerkigile eta marrazkilari aparta. Mrozeken bi ipuin euskaraturik bidali berri dizkigu Koldo Izagirrek: Europarra eta Soldaduaren estatua. Eta hirugarren bat ere baduzu, 1978an Pott aldizkarian argitaratu zena: Elefantea.

Abu 20 13

Afrika, gerraren mintegi

Maupassant idazle guztiz ezaguna bilakatu baino lehen, erreportaria izan zen Le Gaulois eta Le Gil Blas agerkarietan (lehenean 127 kronika eta 90 ipuin plazaratu zituen, bigarrenean 75 kronika eta 160 ipuin). Tunisiaren eta Algeriaren kontrako gerra abiatuko zuten kezkarekin, Gerla izenburuko artikulua idatzi zuen 1881n. Honelako esaldiak irakurriko dituzu hasieran: “Hiltzea krimen bat baldin bada, handizka hiltzea ez liteke izan inguruabar aringarria”. Eta amaieran: “Afrikak mintegi handi bat bilakatua dirudi, guk nahi bezainbat gerla emateko”.

Abu 14 13

Exkerraren zain,
Clifford Odets-en antzezlana

New Yorkeko taxilariek 1934an egindako grebetan oinarritutako obra da Exkerraren zain (Waiting for Lefty), Clifford Odetsek idatzi eta Group Theatre taldeak 1935ean estreinatua Sanford Meisner-en zuzendaritzapean. Koldo Izagirrek itzuli zuen antzezlana 1998an, Joserra Fachadok gidariturik Donostian taularatzeko. Gaur 50 urte dira Clifford Odets hil zela, XX. mendeko antzerkigile nagusietarik bat. Zinemara ere eraman ziren haren lau lan: Golden Boy (1937), Clash by Night (1941), The Big Knife (1949) eta The Country Girl (1950).

Abu 06 13

Sherko Bekas, 9 poema

Kurdistango poeta berritzaile eta garrantzitsuena hil da Estokolmon abuztuaren 4an: Sherko Bekas. Belaunaldi oso bat hazi zen haren poemak irakurtzen eta entzuten. Fayak Bekas poetaren semea, Hego (Irakeko) Kurdistanen 1940an jaioa, Kurdistango askapen mugimenduko kidea izan zen 1965etik, Kurdistango Ahotsa irratian lanean. Saddam Husseinek 1986an Anfal kanpaina abiarazi orduko erbesteratu zen Suediara. Kurdistanera itzulirik 1992an, lehen Gobernu autonomoko kultura ministroa izan zen. Idazle emankorra, mila orrialde baino gehiagoko bi liburukitan bildu dituzte bere lanak. Urtzi Urrutikoetxeak bederatzi poema euskaratu ditu haren gorazarrez.

Abu 02 13

Raymond Carver gogoan

Gaur 25 urte dira Carver hil zela. Harkaitz Canok euskaratutako Mandatua (1988) ipuina –Txekhov idazlearen azken egunei buruzkoa– eta Jose Mari Pastorrek itzulitako Idazteaz (1981) artikulua irakurtzeko gonbidapena duzue hau. Euskaraz Raymond Carverren bi liburu argitaratu izan dira: Katedrala (1983) Juan Mari Mendizabalek itzulia eta Zertaz ari garen maitasunaz ari garenean (1981) Koro Navarrok.

Agenda

Efemerideak

Kritikak