Ira
20
24
Irailaren 21ez aldarrikatu zuen independentzia Armeniak, SESB desegin zeneko 1991 hartan. Data aproposa hango ahots handietako bat euskarari ekartzeko. Idazle eta kazetaria, 16 poema-liburu eta hainbat artikulu eta saiakera argitaratua da Hrant Alexanyan, Armeniako Artsakh-en 1961ean jaiotako poeta. Bere obra zenbait hizkuntzara itzuli dute, eta bera ere itzulpen-lan handia egindakoa da, besteak beste Joseba Sarrionandiaren poemak, berak zuzentzen duen argitaletxean publikatuak. Harkaitz Canok Alexanyanen sei poema euskaratu ditu, hemen aurkezten dizkizuegunak.
Ira
12
24
Nafarroako euskaltasunaren bultzatzaile handi bat izan zen Fermin Irigarai Larreko. Auriztarra, mediku lanetara ikastoki izandako Madrildik Nafarroara itzuli zenean arrapiztu zitzaion euskara lantzearen harra, eta beste zenbait eragiletza lanez gain, artikulugintzan egin zuen ekarpen handia garaiko agerkarietan. Libururik argitaratu ez bazuen ere, Sendoa argitaletxeak bi liburuetan bildu zituen haietako hainbat, Klasikoen Gordailuan irakur daitezkeen Lekukotasuna eta Nafarroatik. Duela 75 urte hil zen, 1949ko irailaren 3an.
Ira
12
24
Joan den abuztuaren 12an 100 urte beteko zituzkeen Xabier Gereñok. Lehenagotik ere narrazio eta nobelak idatzitakoa, online daukagun Hiltzaile baten bila eleberriarekin, 1975ean, abiapuntua jarri zion gure literatura industrialari, genero beltzean, Jurgi kapitainaren abenturekin. Liburu xaloak, ez edukian ez idazkeran tolesturarik daukatenak, 30etik gora idatzi zituen 1990era bitarte. 1977an argitaratutako Espioitza, Gudari bat eta Iruneako asasinatzea ere irakurgai dauzkazu, eta baita Estalki zuriaren misterioa ipuina ere. XXI. mendean antzerki-lanak idazteari berrekin zion —80etako hasierakoak baditu batzuk—, testu mordoa osatuz (eta taularatuz azken urteetan bizi izan zen egoitzan). Ganbila.eus-en daukazu haietarik bat: Euskal ikastola.
Ira
05
24
Frank O’Hara poetak zuzendutako lehen erakusketaren pase berezia New Yorken. 1960ko uda. Espainiako pintura eta eskultura berriaren lagin on bat biltzea da ideia, eta hautagaien artean daude nazioartean sona hartzen ari diren Oteiza eta Chillida izeneko artista bi ere. Artea erregimen frankista zuritzeko baliatu ez dadin adi daude, aldiz, beste zenbait. Eta, bitartean, O’Harak, lanak lan, Vincent Warren dantzari eta maitalearengan du jarrita bere gogo biziena.
New York, Madril, Irun, Montevideo, Donostia, Miarritze. John Ashbery, Grace Hartigan, Luis Gonzalez Robles, Antoni Tapies, Diane di Prima, Ramos ahizpak. Iragan mendearen erdialdea igaro berritan, AEBetako eta Europako kultur mundua astindu zuten dozenaka izen sartu-irtenean dabiltza kontakizun honetan, argiaren —hala itsasertzeko egun batena, nola etxe-orratzen bitarteetakoa—, minduraren eta begirada ironiko bezain alai baten artetik. O’Hararen poemetan gertatzen den bezalatsu, hain justu. Haietako bati zor dio izena Beñat Sarasolaren bigarren nobelak. Osorik irakur dezakezue sarean: Coca-Cola bat zurekin.
Ira
03
24
1899ko irailaren 3an jaio zen Errose Bustintza Mañariko, idazle eta ekintzailea. Haren ipuinak online irakur daitezke Armiarman, ipuin eta artikuluak ere bilduta daude Jakin-en webgunean, Emakume Abertzale Batzari eskainitako gunean —kide esanguratsua izan zen Bustintza—, eta poemaren bat edo beste ere irakur liteke Euzkadi agerkarian publikatuak. Garaikide izan zuen Aurora Bertrana idazle katalana. Senarraren lanbidearen karietara munduan ibilia (Polinesiatik bidaltzen zituen kronikak Kataluniara), ERCko militantea, erbestea sufritu zuen eta 36ko gerrak inposaturiko garai grisa bizi izan zuen. Irailaren 3 batez hil zen, duela 50 urte. Joannes Jauregik Papetee modernoa idazlana euskaratu eta argitara eman zuen Egan aldizkarian.