Abu 30 24

Andoni Arzelus Luzearen urteurrena

1949ko abuztuaren 27an hil zen Ander Arzelus Luzear, 51 urte bete berri. Jardun esanguratsuetan emandako urteak, XX. mendearen lehen erdialdeko ekintzaile politiko eta kulturgile handia izan baitzen Luzear. Idazle eta kazetaria, El Dia egunkariaren euskarazko orriaren arduraduna izan zen, Argia-ren sortzaile eta zuzendaria, hizlari eta ekintzaile jeltzalea (Joseba Rezolari guardia zibilek atxilo zuten trenetik ihes egiten lagundu zion, Kirmen Uribek kontatzen du pasadizoa Elkarrekin esnatzeko ordua eleberrian), erbestean Euskadi Irratiaren sustatzailea… Kazetari lan ugariaz gain, antzezlanak idatzi zituen, hemen irakurgai dituzuen Gibel handi eta Neskamearen marmarrak; eta ipuinak ere landu zituen, hona Gizarajoa!. Gerra galduta, espetxean sei urte eman zituen, Donostiara itzuli eta “lanean” jarraitu zuen, eta azkenik 1945ean erbesteko bidea hartu behar izan zuen. Baionan hil zen, duela 75 urte, eta haren bizitzaren berri zehatza jaso liteke Jonan Zinkunegi Arzelusek, bilobak, Amale bere ama eta Luzearren alabari —emakumezko lehenengoetako euskal irrati esataria— entzundakoak jasota idatzitako biografian.

Abu 16 24

Alejandro Tapia Perurenaren idazlanak

125 urte bete dira joan den abuztuaren 11n Alejandro Tapia Perurena idazlea jaio zela Iruñean. Hiri berean hil zen 58 urte geroago, ilunean, 36ko gerrak isiltasunera bultzatu zuen olerkaria. Euskal Esnalea-n eman zituen argitara bere lehen bi poemak, 1925ean, eta geroztik hainbat agerkaritan publikatu zuen, Olerti Egunetan parte hartu zuen, izan zen nor gerraurreko giro euskaltzalean, 36ko kolpeak “gure gizona kulturalki hil zuen arte”, bere poemen antología bildu eta eskaini zigun Joxemiel Bidadorrek definitu bezala. Poemokin batera, Kattalin umezurtza antzerki-lana ere eskaintzen dizuegu.

Api 05 24

Junes Casenaveren mendeurrena

junes
Ehun urte izan dira, apirilaren 4an, Junes Casenave idazle zuberotarra jaio zela. Alor askotan aritutakoa da, idatzizko jardunean, Casenave, baina pastoralgile gisa da nabarmentzekoa bere lana. Literatur Emailuotan eskaini genituen bere hiru pastoral, Santa Kruz (1992), Santa Engrazi (2006) eta Eñaut Elizagarai (2007), eta baita Basabürüko ipuinak narrazio liburua eta Aroa saiakera ere. Eta orain, mendeurrenaren karietara, bertze bi pastoral esanguratsu dakartzagu, osorik: Ibañeta eta Pette Basabürü.


Mar 27 24

Antzerkiaren nazioarteko eguna

antzerkia2024
Artea bakea da

– 2024ko martxoaren 27a, Jon Fossek idatzia

Pertsona bakoitza bakarra da eta, hala ere, beste guztiak bezalakoa. Gure itxura, kanpotik, beste guztiena ez bezalakoa da, noski, hori oso ondo dago, baina gutako bakoitzaren baitan ere bada zerbait, norberarena eta beste inorena ez dena, berea bakarrik dena, pertsona horrena. Beste hitz batzuetan esanda, bere espiritua edo arima. Edo, bestela ere, hitzekin ez etiketatzea erabaki dezakegu, bere horretan utzita, besterik gabe.
(gehiago…)

Ots 20 24

Sarah Kane hil zela 25 urte

kaneKritikak ez zuen Sarah Kane egilearen lana aintzat hartu, Zartatua-ren 1995eko estreinalditik hamar urtera Harold Pinter eta Edward Bond-ek miresmena aitortu zioten arte. Momentu horretatik aurrera, Thatcher Belaunaldiko sortzaileen artean egile garrantzitsuena iritzirik, Europan zehar maiz oholtzaratzen zen —eta den— lana dugu Kanerena. 1996. urtean Fedraren maitasuna  (Phaedra’s Love) zuzendu eta handik hiru urtera Garbituak (Cleansed) eta Grina (Crave) estreinatu zituen. Azken testua, 4.48 Psikosia, duela 25 urte, 1999ko otsailaren 20an bere buruaz beste egin ondoren antzeztu zuten. Ganbila bilduman kaleratu zituen Susa argitaletxeak  Zartatua eta 4.48 Psikosia obrak, Arantzazu Fernandezek euskaratuak.

Ganbila

Eka 19 23

Hildako haurra

Bi obra dira Gotzon Barandiaranek Hildako haurra liburuan bildu dituenak, Hildako haurra, orain arte antzeztu gabekoa, eta Besaulkiak, Abarka antzerki taldeak oholtzara eramana, Ander Lipusen zuzendaritzapean. Ganbila bildumako 20. titulua da, eta autoreak batean zein bestean botere mota ezberdinekiko dialogoa edo, zehazkiago, etengabeko talka aurkeztu digu. Hizkuntza landu batez oholtzaren kodeetara moldatutako testuak bi-biak.

Esperoan - azala

Api 03 23

Oholtzako abangoardia

1898ko apirilaren 3an jaio zen Michel de Ghelderode idazlea, Belgikan. XX. mende hasierako  dramaturgo handietako bat, obra oparo baten egilea da, zeina asko eta toki askotan errepresentatua izan zen. Pertsonaia grotesko eta beldurgarrien sortzailea, abangoardiako idazle kontsideratzen da. Baina abangoardian ikurrik badu antzerkiaren munduak XX. mendean, hori Antonin Artaud da, apirilaren 3 batez hil zena Ghelderode jaio eta 50 urtera. Teorialari, idazle, aktore, poeta… oholtzari astindua ekarri zion marseillatarraren ekarpenak. Obra bana daude euskaratuta, Ghelderoderen Zaldun bitxia, Juan San Martinek Egan aldizkarian 1965ean; eta Jainkoaren judizioari akabera emateko, Asier Sarasolak Tabakalerarendako, 2017an. Biak dituzu irakurgai.

Agenda

Efemerideak

Kritikak