Urt
31
06
Munduan zehar ibili zen. San Petersburgon jaio zen, Errusian, XIX. mendearen amaieran. Suitzan hil zen, 1977an. Bitartean hainbat leku zeharkatu zituen esperientzia eta tximeleta bila. Bidaia horietako batean, 1907 eta 1909an Miarritzen eman zuen uda. Orduko oroitzapenak biltzen dira Speak, Memory liburuan. Miarritzen tximeletak “miserikoletak”, Colette lehen maitasuna eta itsas-aparrezko luma-etxe bat aurkitu zituen Nabokovek.
Urt
26
06
1906ko urtarrilaren 26an jaio zen Elantxoben Andima Ibinagabeitia. Euskal kultur eta literaturaren langile handia, Jokin Zaitegirekin batera Euzko Gogoa aldizkariarekin egindako lana azpimarratzekoa da. Beste hainbat lanetan jardun zuen, dena den. Sustatzaile eta langile moduan ezaguna, idatzi ere idazten zuen.
Susa argitaletxeak Ibinagabeitia Proiektua deitu zion literatur aldizkariak sarean jartzeko bere ekinaldiari, eta Patri Urkizuk prestatutako edizioan Andima Ibinagabeitiaren gutunak argitaratu (Erbestetik barne-minez, Susa 2000).
1967an zendutako idazleari buruzko artikulua Pako Sudupek kaleratu zuen 1999ko maiatz-ekaineko Jakin aldizkarian, 112. zenbakian, eta urte berean liburua prestatu zuen, Elkarlanean etxeak plazaratua, Andimaren idazlan hautatuak izenekoa. Obran, Ibinagabeitiak idatzitako artikuluen antologia bikain batetaz gain, hark idatzitako artikulu guztien erreferentzia dakar. Andima Ibinagabeitiaren lanen erakusle, haren jaiotzaren mendeurrenean osorik eskaintzen dizugu liburua.
Urt
26
06
Martzelino Soroa Donostiako antzerkigile ezagunaren beste bost antzerki lan eskaini ditu euskaraz.netek osorik: Alkate berria; Baina zein naiz ni?; Barrenean harra; Hauek istiluak; Urrutiko intxaurrak. Era honetan euskal antzerki modernoaren sortzaile jotzen den egilearen 11 antzerki lan eta Baratzan izeneko elkarrizketa liburua jarri ditu dagoeneko irakurleen eskura.
Urt
24
06
Danilo Kisen Enciklopedija mrtvih (Hildakoen entziklopedia) kaleratuko dute laster euskaraz, Monika Etxebarriak itzulita. Subotican, Serbia iparraldeko hiri txiki batean, Hungariarekin mugan, jaio zen 1935eko otsaileko egun batez Danilo Kis. Handik, familia Novi Sadera aldatu zen, Voïvodina herrialdeko hiriburura, faxista hungariarrek II. Mundu Gerran judu eta serbiarrak masakratu zituzten hirira. Hor non datorren herio eta gerra Danilo gaztearen begietara lehen aldiz. Irudia gogoan (h)iltzatuta geratzekoa: gorpuak odoletan elur gainean, gorpu horietako asko lagunenak. Hungarian, aitaren familiarenean hartu zuten aterpe gerrak iraun bitartean. Babes bila? Alferrik.
Urt
24
06
Belaunaldi baten, are garai oso baten erreferentzia literarioa izan behar zuen AEBetan. Faulkner osteko idazlerik garrantzitsuena izango omen zen. Hala zioten behintzat. Aldizkarietan idatzi zituen ipuinengatik ezagutzen zuten. Bazebilen legenda bat hogeita bost urtean liburu ikaragarri eder bat idazten zebilela zioena. Liburu hori fintzen ibili zen, 1993an heriotzaren amildegia aurrez aurre ikusi zuen arte. Eta amildegi horretara nola erortzen zen nobelatu zuen beste liburu ederrago batean.
Urt
19
06
Koldo Izagirreren Gure zinemaren historia petrala (Susa, 1996) duzu asteon osorik emana. Man Ray zinegile eta artistaren Emak bakia filmari erreferentzia eginez abiatzen du Izagirrek liburua. Hain zuzen ere aurten 80 urte dira Man Rayk filma errodatu zuela, zati batzuk Parisen eta beste batzuk Miarritzen (Arthur Wheeler aberatsaren etxean). Emak bakia Miarritzeko landetxe baten izena duzu, Rayk adierazi zuenez: “C’était tout simplement le nom d’une villa en Pays Basque où j’avais tourné quelques extérieurs“.
Urt
19
06
2005ean aurkeztu genuen Klasikoen Gordailua, non euskal letretako hainbat testu eta liburu klasiko jarriak genituen on-line: 171 liburu, zehazki esateko, aurkeztu genuenean. 2005eko irailetik abendura bitarte handitzen joan gara kopuru hori, bi astean behin erantsitako liburuekin, eta honenbestez 325 dira Klasikoen Gordailuan kontsultagai dauden liburuak. Baina horretaz gain, estreina jarritako 171 liburuen fotokonposizio gutxieneko bat ere egin dugu, liburuetako edukia antolatuz, inprimatu nahi duenak irakurgai antolatua izan dezan. Dagoeneko Klasikoen Gordailuan jarri ditugu bertsio horiek, PDF formatuan, jendearen eskueran.
Urt
17
06
Suela bost urte hil zen Gregory Corso, “beat” belaunaldiko poeta onirikoa. Villagen jaio zen, 1930eko martxoaren 26an. Gurasoak jatorri italiarrekoak, nerabeak ziren jaio zenean. Gregory jaio eta urtebetera, ama Italiara itzuli zen, eta aita gazteegia zenez, umezurztegira eraman zuten Gregory. Hamaika urtera arte, umezurztegiz umezurztegi ibili zen. Aitak berriz bere altzoan hartu zuen arte. Hiru hilabetera ihes egin zuen. Aita ezkondu eta berriz bildu ziren. 13 urterekin ihes egin zuen berriz. Ihes egiteko joera hori zela eta, klinika psikiatriko batean sartu zuten gero.
Urt
17
06
Duela hogei urte hil zen, urtarrilaren 9an. Azken urteetan heriotza hartu zuen bere poemetan gai nagusitzat. Heriotza, bizitzari kantatzeko. Bizitza, Pragari (Txekia) abesteko. Pragan bizitzea, hango kaleak eta emakumeak izan ziren beretzat bizitzako ederrena. 1984. urtean Nobel saria eman zioten, baina beretzat ez ezik, belaunaldikide zituen beste idazleentzat ere (Konstantin Biebl, Frantisek Halas edota Vladimir Holan) bazen saria.
Urt
12
06
Urtarrilaren 16an 100 urte beteko dira Felipe Arrese Beitia hil zela jaioterrian bertan, Otxandion. Klasikoen Gordailuan aurrez bazen haren Ama euskeriaren liburu kantaria (1900), argitaratu zuen lehen bilduma mardula. Oraingoan, Asti-orduetako bertsozko lanak (1902), eta Aldizkarietan argitaratuak eta beste ere eskura dauzkazu eta, horrenbestez, Arrese Beitiaren hitz neurtuzko lan guztiak sarean dira: 400etik gora olerki eta bertso sail, 30.000 bertso lerro inguru. Zalantzarik gabe, euskal literaturak ezagutu duen poetarik jorienetakoa.
Urt
12
06
Literaturan toki berezia irabazia dauka Raymond Queneau idazleak, eta toki benetan bitxia Exercices de style bere liburuak. “Zergatik sortzen du halako zalaparta Exercices de style itzultzeak? Hain zuzen ere, itzulgarria ote den eztabaidan jarri izan delako” diosku Xabier Olarrak. Itzulgarria da, bai noski, eta euskaraz ere badugu, Olarrak berak euskaratua eta Igela argitaletxeak kaleratua. Liburuaren aurkezpena dela-eta, testua hurbilarazi nahi izan dugu eta hemen dauzkazue hala Xabier Olarrak liburuaz idatzitakoak nola liburua osatzen duten 100 ariketetarik batzuk. Raymon Queneau bideo formatoan: 1965. urtean eta 1951. urtean.
Urt
10
06
Grace Paley eta Angela Carter idazle handien ikasle. Columbiako Unibertsitatean literaturako irakasle. New Yorker, Art Forum eta Vanity Fair aldizkarietako kolaboratzaile. Bad-girl heroines deituriko korronteko ordezkari ezagunenetakoa, Next Generation belaunaldikoa. Bortitza eta probokatzailea idatzietan, deprabazio garaikidearen erretratua egiten duela diote kritikoek. Hotz uzten ez duten lanak dira Homesenak. Azkena, Things you should know bizitza modernorako gidaliburua.
Urt
05
06
Zaharrak berri, edo zaharrak zahar. Berri zahar, Klasikoen Gordailuak urte berria libururik zaharrenetarikoekin ospatzeko aukera ematen dizu. Oraingoan XVII. mendeko bost liburu erreferentziazko dituzu eskuragarri: Etxeberri Ziburukoaren Manual debozionezkoa, Argaiñaratzen Deboten brebiarioa, Gazteluzarren Egia katholikak, Haranbururen Debozino eskuarra, eta Harizmendiren Ama birjinaren ofizioa. Horiez gain, kronologikoki hain zaharrak izan gabe ere, antzinako euskal ondarearen beste erakusgarri bi: Baraziarten Meditazione tipiak eta Intxausperen Maria birjinaren hilabetia.
Urt
05
06
Bere eleberrietako istorioek eta batez ere estiloak iradokitzen duten sentiberatasuna osotasunean ageri da Joan Mari Irigoienen poemetan. 2002an kaleratu zuen Letra txikiaz bada ere (Elkar), etenik izan ez duen poemagintza baten azken emaitza zena: Hutsetik esperantzara (GAK, 1975), Denborak ez zuen nora (Elkar, 1989), Hautsa eta maitemina (Elkar, 1998). Irakurgai jarri dugu Joan Mari Irigoienen XX. Mendeko Poesia Kaiera.
Urt
03
06
Ezezagun bezain interesgarria Estoniako literatura. Idazle estoniarren lanak hainbat hizkuntzatara itzuliak izan diren arren, gurean ia ezezagunak izaten jarraitzen dute haietako gehienek. Jaan Kross, Jaan Kaplinski, Emil Tode dira entzutetsuenak. Baina hain ezagunak ez diren gehiago ere badira. Historiaren zamaren eta etorkizunak sortzen duen ilusio eta zalantzen artean idazten dute. Begirada bat Estoniako literaturari, distantziaren begiekin.