Urt
28
23
Urtarrilaren 28an 150 urte jaio zela Sidonie Gabrielle Colette idazlea. Kazetaria, gidoilaria, kabareteko artista eta, batez ere, eleberrigilea izan zen. XX. mendea jaiotzearekin hasi zen eleberriak idazten eta, beste hainbat jardunetan aritu bazen ere, ez zion utzi XX. mundu gerrara bitarte. Batzuk oso arrakastatsuak, filmik ere egin zuten haren obrak oinarri, bere bizitza dute lanerako ekai haietako askok. Kabaretetako bizimodua erakusten duen Mari-alderrai ekarri zuen euskarara Periko Diez de Ultzurrunek 1998an, Literatura Unibertsala bildumaren baitan, osorik irakurgai dagoena.
Urt
27
23
24 urte zituela, 1923an eman zuen argitara Nemesio Etxanizek Arraldea narrazioa. Gerra aurretik argitara eman zuen obr? bakarra da, “ipuin zaharra” azpizenburua duena, Zarautzen kokatzen duen istorioa, elezaharren moldean idatzia, estilo jori eta hizkuntza biziz. Andima Ibinagabeitiak behin eta berriro hauspotzen omen zuen nobela bat idaztera, narradore bikaintzat baitzeukan. Eta hala izan zen, poesia alorrean ere ederto aritu zen apaiz euskaltzale azkoitiarra, bere lanetan eremu berrien alde lan egin zuena. Grafia gaurkotuta, duela 100 urte plazaratutako Arraldea dakarkizuegu Etxanizen heriotzaren urteurren egunean.
Urt
20
23
Euskal nobela beltzari eskainitako asteak, (H)ilbeltzak bederatzigarren edizioa du 2023koa. Beltza Baztanen argitzen da goiburupean, beste behin astelehenean hasi eta igandean akitu arte, denetarik izanen da Baztango herri ezberdinetan. (gehiago…)
Urt
19
23
Duela ehun urte, 1923ko urtarrilaren 19an, jaio zen Eugenio deAndrade (Jose Fontinhas ponte-izenez), Portugalgo Povoa de Atalaian. Lisboara bizitzera aldatua, gaztetandik ekin zion poesia idazteari. 1948ko As mãos e os frutos liburuarekin arrakasta izan eta gerora beste hainbat argitaratu zituen, XX. mendeko Portugalgo liriko handietako bat bilakatuz. Euskaraz irakur liteke haren lanik: Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak (Elkar, 1985) liburuan Joseba Sarrionandiak hiru poema itzuli zituen, eta Maite Gonzalez Esnalek Uraren bezpera (Pamiela, 1990) poemarioa ekarri zion euskarari.
Urt
12
23
Duela 125 urte, urtarrilaren 12an, jaio zen Antonio Maria Labaien. Hainbat alorrretan jardundakoa, antzerkiaren eremuan nabarmendu zen haren lana, euskal antzerkiaren pizkundean oinarrietako bat izanik: bultzagile, Antzerti aldizkariaren sortzaile (sarean dira aleak, digitalizatuak), hainbat obraren egile… Klasikoen Gordailuan haren 19 lan daude irakurgai, gai, garai, molde eta estilo desberdinetakoak: Txinparta buruzagi (1921), Ostegun gizena (1930), Euskal-eguna (1931), Maya (1932), Mateo Txistu (1932), Iparragirre (1933), Galtzaundi (1935), Gizon bizarpeituti eta emazte bizartsuti… (1935) , Iruñxeme (1935), Muga (1954), Lurrikara (1955), Jostuna (1956), Petrikillo (1956), Jokua ez da errenta (1960), Malentxo alargun (1962), Domenjon de Andia (1965), Kalifornia ku-ku (1967), Pestaburu (1967), Agarren seme… Ismael (1970).
Urt
12
23
“Herria absurdo xamar dago, ez da inor ageri kaleetan, bonba nuklear bat jauzi balitzan guztia arrasatuz, baina ez, kaleek eta etxeek bere osotasunean diraute” zioen 2002ko udazkena Durangon poemak. Txaman aldizkari sortu berriak -2002ko udagoienean-literatur edukiz betetako fotokopiak banatu zituen Durangoko tabernetan. Lagun artean, 2003ko uda bitartean lau zenbaki plazaratu zituzten guztira, eta hainbat errezitaldi eskaini.
Orduan sarera batu genituen, eta oraindik irakurgai dira lau aldizkariak:
Txaman 1 (2002ko udagoiena)
Txaman 2 (2003ko negua)
Txaman 3 (2003ko udaberria)
Txaman 4 (2003ko uda)
Urt
08
23
Urtarrilak 8 zituela, duela 135 urte, jaio zen Zumaian Julene Azpeitia. Irakasle eta idazlea, euskarazko irakaskuntzari eta euskalgintzari lotuak eman zituen urteak, hala Euskal Herrian nola erbestean eman zituen aroetan, gerra aurrean eta ostean. Ikastolen sortze-mugimenduan engaiatua, garaiko prentsan sinadura ohikoa, batez ere haurrei zuzenduriko ipuinak zaizkio ezagunak, baina bestelako lanik ere eman zuen bere literatur jardunean euskal idazleetan aitzindarietakoa izan zen Azpeitiak. Itxaropenak 1961ean emandako Amandriaren altzoan ipuin-bilduma du lanik ezagunena, 100 narrazio labur biltzen dituen liburua, osorik irakur daitekeena. 1974an haurrentzako ipuin eta irakurgaiak ere kaleratu zituen, Zuentzat izeneko bilduman. Hango narrazio bat ere, Poussy gaxua, irakur daiteke ipuina.eus webgunean. Zumaiarrari buruzko soslai labur baina zehatza eman zuen Joxemiel Bidadorrek Euskaldunon Egunkarian.