maiatza 31 10

Haur besoetakoa Bilbon

Bilbo Zaharra Forumak Jon Miranderen Haur besoetakoa nobelari buruzko jardunaldiak antolatu ditu, Euskaltzaindiaren Plaza Barriko egoitzan. Ekainaren 3an (osteguna) 19:00etan Katixa Agirre, Josune Muñoz eta Laura Mintegi mintzatuko dira; ekainaren 10ean Pablo Joxe Aristorena eta Txomin Peillen; eta ekainaren 15ean Bernardo Atxaga. Jardunaldiari amaiera emateko, ekainaren 16an (asteazkena) 400 inguru irakurlek Haur besoetakoa nobela etenik gabe ozen irakurriko dute Arriaga antzokian, goizeko 8:00etan hasi eta 20:00ak bitartean.

maiatza 26 10

Irakuleen taldeak Literaturian

Ekainaren 4, 5 eta 6an izango da Literaturia Larrabetzun, Literatura Eskolak antolatuta. Bigarren edizio hau Haragizkoak errezitaldiarekin zabalduko dute Omar Nabarrok eta Rafa Ruedak (ostiralean 21:00etan), eta jarraian Joseba Tapiak kantaldia eskainiko du Bigarren Gerra Karlistako liberalen eta karlisten bertsoak musikaturik. Biharamunean, larunbat goizez, Euskal Herriko irakurle taldeen arteko bilkura egingo da, 111 Akademiarekin batera; bazkalostean bertso trama Uxue Alberdi, Unai Iturriaga, Xabier Amuriza eta Maialen Lujanbiorekin; arratsaldeko 20:00etan Eskuen sustraiak errezitaldia Asier Sarasola eta Oier Guillanekin; eta gauean Gose taldearen kontzertua. Azken egunean, igande goizez mahai-inguruan parte hartuko dute Angel Erro, Petra Elser eta Koldo Izagirrek; eta arratsaldean errezitaldia egingo dute Igor Estankona, Paddy Rekalde, Karmele Igartua eta Xabier Montoiak.

maiatza 25 10

Clevesko Printzesa

Sortzez Marie-Madeleine de la Vergne izena zuen Madame de La Fayette idazle frantsesak 1678ko martxoan plazaratutako nobela da Clevesko Printzesa. Frantziako Henri Bigarrenaren erregealdiko azken urteetako (1558-1559) festak, dantzak eta zaldun-guduak kontatuz batera, gorteko pertsonaien eguneroko bizitzako xehetasunetan barneratzen da, baina batez ere amodiozkoetan. “Inoiz ez da gorterik izan horrenbeste emakume eder eta miresgarriki egindako gizon izan duenik”. Honela agertzen du Nafarroako erregea (Antonio): “Mundu guztiaren begirunea erakartzen zuen, bere giza-mailaren eta bere gorputz-eitearen handitasunagatik”; eta honela Nafarroako erregina (Joana Albretekoa): “Gaztea zen eta bazuen botererik bere senar erregearengan”. Mikel Hoyos Seinek euskaratu zuen eleberria 1998an.

maiatza 18 10

Iratzeen esporak,
Igor Estankona

Joan den urteko azaroan argitaratu zuen Igor Estankonak laugarren poema liburua: Iratzeen esporak. Mikelazuloko 10. Poesia Asteari amaiera emateko, idazleak errezitaldia egingo du maiatzaren 23an (igandea) 19:00etan Errenteriako Mikelazulo elkartean, Borja Estankona lagun duela gitarraz. Susa argitaletxeak plazaratutako liburua osorik eskaintzen dizugu orain sarean.

maiatza 16 10

Plazara aldizkaria sortu zen duela 25 urte

Plazara aldizkariaren lehendabiziko zenbakia 1985eko maiatzean argitaratu zen Irunen, orain dela 25 urte. Besteak beste Bernardo Atxaga, Hasier Etxeberria, Juan Gartzia, Juan Kruz Igerabide, Koldo Izagirre eta Joseba Sarrionandiaren lanak zetozen aurreneko ale hartan. Plazara aldizkariaren 20 zenbaki kaleratu zituzten 1992 bitartean, Jorge Gimenez eta Joxan Elosegiren zuzendaritzapean.

maiatza 12 10

Jose Saramagoren
Lisboako Setioaren Historia

Lisboako Setioaren Historia Jon Alonsok itzulirik argitaratu zen 1999an, Jose Saramagok idatzitako nobelen artean euskaraz daukagun bakarra, orain sarean osorik eskaintzen dizuguna. Eleberriko protagonista Raimundo Silva da, argitaletxe batean lan egiten duen zuzentzailea; liburu baten frogak aztertzen ari delarik, bere kabuz bai hitzaren ordez ez hitza paratzeko tentazioa piztu zaio, gisa horretan historia idatziaren zentzua aldatzearren. Literatura Eskolak eta Literaturiak antolaturik, maiatzaren 15ean (larunbata) 10:00etan Jon Alonsok hitzaldi luzea egingo du Jose Saramagoren narraziogintzaz Iruñeko Txantxeako Euskaldunon Biltokian.

maiatza 10 10

Mikelazuloko 10. Poesia Astea

Airea biltzeko erak errezitaldi eta zirku-tela ekitaldiaren abiatuko da Mikelazuloko 10. Poesia Astea Errenterian, maiatzaren 11n (asteartea) 19:00etan Fanderian. Maiatzaren 12an batBada saileko ale berri bi aurkeztuko dituzte, bat Idoia Beratarbidek eta bestea Ander Fernandez eta Maite Gurrutxagak. Maiatzaren 13an Aime Cesaire negritudearen poetari omenaldia egingo diote, eta maiatzaren 14an Fertxu Izquierdoren Hiria ari du errezitaldia izango da. Maiatzaren 23an Iratzeen esporak poema liburuan oinarritutako errezitaldia eskainiko du Igor Estankonak.

maiatza 10 10

Maiatz 26. solasaldiak

Maiatz aldizkariaren 50. zenbakia aurkeztuko du Lucien Etxezaharretak Baionan egingo diren literatur solasaldietan. Euskal Erakustokian maiatzaren 12an (asteazkena) 18:30ean izango den aurkezpenaren ondoren, mahai-inguruan parte hartuko dute Itxaro Bordak, Laura Mintegik eta Txomin Peillenek. Maiatzaren 13an (osteguna) 9:30ean Gotzon Baradiaranek hitzaldia egingo du Eusko Ikaskuntzaren Baionako egoitzan, eta 14:30ean Bretainia, Okzitania, Alsazia, Korsika eta Kataluniako literatur aldizkari zenbaiten arteko topaketa izango da. Arratsaldeko 19:00etan, Euskal Erakustokian, Mahmud Darwish idazle palestinarrari omenaldia egingo diote, poemez eta kantuz.

maiatza 09 10

Azken Portuko
3. Literatur Astea

Kantuari, bertsoari, zinemari eta antzerkiari begiratuko dio Zarauzko Azken Portuko 3. Literatur Asteak. Anarik kantuaz jardungo du maiatzaren 10ean, Maialen Lujanbiok bertsoaren lantegia erakutsiko du maiatzaren 11n, Anjel Lertxundik zineman izan duen esperientziaz mintzatuko da maiatzaren 12an eta Ander Lipusek pertsonaiatik pertsonaiarako igarobideaz hitz egingo du maiatzaren 13an. Hitzaldi guztiak Azken Portuko biltoki zaharrean izango dira 20:00etan.

maiatza 05 10

Kontrarioa, Lander Garroren lehen nobela

Irribarrea kilikatzen duen istorio petrala da Kontrarioa, Lander Garroren lehendabiziko nobela, makurkeriara bezainbat lerratzen dena umore eta parodiara, beti kontrastez josirik, samurtasunez bezala mingoski. Raul Oliveira du protagonista: xakean eta edaten pasatzen ditu arratsak Oskar adiskidearekin, amodio ezinezkoetatik ihesian, idazle izateko ametsekin zorabiatuta. Errenteriako Pontika auzo bazterrekoan bizi da amarekin, baina aurki lanen bat topatu ezean ostikoz botako du etxetik. Galtzaile baten ibili piperrak kontatzen dituen Kontrarioa nobela maiatzaren 7an aurkeztuko du Susa argitaletxeak.

maiatza 04 10

Pedro Mari Otaño hil zen duela 100 urte

Zazpiak bat eta Amerikako panpetan olerki ezagunen egilea, Pedro Mari Otaño, 1910eko maiatzaren 6an hil zen Argentinako Rosarion. Alkar liburuan bildu zituen 1904an bertso bi horiek eta beste 20 gehiago, baina baita ere Auntza larrera ipuin alegoriko ederra. Gaur Artzai mutilla operan ere jarriko dugu arreta. Otaño zizurkildarrak idatzi eta Felix Ortiz San Pelaio azpeitiarrak musikatutako obra da, 1900eko otsailaren 18an Buenos Airesko Victoria antzokian estreinatua (kantuan: Francisco Argote, Matilde Isasi, Luis Labadens, Matias Etxeberria, Laurak Bat-eko abesbatza). Artzai mutilla operak Patxikoren eta Maritxuren arteko amodiozko istorioa kontatzen duen arren, aldarrikapen politikoek hartzen dute mami nagusia. Martxoaren 11n kantuz zoriondu zuen Jose Mendiagek. Otañoren lan guztiak jasoak dituzu Klasikoen Gordailuan.

maiatza 03 10

Joxan Ormazabalen ilunorduak

Joxan Ormazabal idazle eta editorea hil zen maiatzaren 2an Zegaman. Joan den ostegunean, apirilaren 29an, aurkeztu zuen bere azken liburua: Ehun ipuin hitz gutxitan, Jon Zabaletaren irudiekin. Oso ezagunak egin ziren Ormazabalen liburuak 90eko hamarraldian: Pernando Amezketarra, Kittano edo Zipriztin. Hala ere bere lan guztien artean Ilunorduak eta argilaurdenak (2007) poema bilduma dugu guk gogoan, Elena Odriozolaren ilustrazioez edertua. Sautrela telebistako literatura saioak duela aste batzuk egindako bideozko erreportajearekin egingo diogu agur.

Agenda

Efemerideak

Kritikak