Abu 26 10

Xveik ergelaren menturak

Jaroslav Hasek idazle txekiarra Austriaren kontra borrokatzen zen Legio Txekoslovakiarrean sartu zen Lehen Mundu Gerran, eta 1917az geroztik Armada Gorrian. Etxeratutakoan, Xveiken abenturak idazteari ekin zion: lau zati izatekoa zen nobela, baina amaitu gabe laga zuen, Hasek bat-batean hil baitzen berrogei urte ere ez zituela. Karlos Cid Abasoloren itzulpenez, bi liburukitan argitaratu zen euskaraz Xveik soldadu onaren menturak: 1992an lehen zatia (Atzeguardian) eta 1993an bigarrena (Frontean), biak Josef Ladaren irudiekin apainduta. Ergelarena egiten duen Xveik literatura unibertsaleko pertsonaiarik ederrenetako bat duzu; hainbeste maite zuen Bertolt Brechtek, ezen Xveik Bigarren Mundu Gerran antzezlana idatzi baitzuen 1943an.

Abu 18 10

Jon Etxaideren antzerkiak

Euzko Gogoa aldizkarian argitaratu zen 1950ean Jon Etxaideren lehen antzerki lana: Amayur! (1949ko abuztuaren 28an idazten amaitua). Gaur beste bi obra eskaintzen dizkizugu, Teatro testuak webgunean jasoak: Markesaren alaba (1956an idatzi eta 1958an Egan aldizkarian plazaratua) eta Begia begi truk (1959an idatzi eta 1962an argitaratua). Baina baita ere Arturo Kanpionen Pedro Mari kontakizuna, Etxaidek euskaraz antzerkirako moldatua (1981ean).

Abu 14 10

Txirrita jaio zen duela 150 urte

Jose Manuel Lujanbio 1860ko abuztuaren 14an jaio zen Ereñotzuko Latze baserrian, duela 150 urte. Familia Errenteriako Txirrita baserrira aldatu zen 1873an, eta hurrengo urtean, hamalau urte zituela, plaza agerikoan lehendabiziko aldiz kantatu zuenean hartu zuen Txirrita deitura. Antxoko huelga eta Alemaniako gerra eta Norteko trenbideari bertsoen egilea bertsolari gogoratuenetakoa da gaur egun. Txirritak paperean jarritako guztiak dituzu hemen emanak.

Abu 10 10

Egan aldizkariko hiru antzerki

Egan aldizkarian 80etan argitaratutako hiru antzerki ekarri ditugu Teatro testuak gunera: Jean Etxeberriren Arroltze ohoina; Alejandro Tapia Perurenaren Kattalin umezurtza, gerra aurrean idatzia baina 1985ean plazaratua; eta Xabier Gereñoren Euskal Ikastola, 1970ko abuztuan idatzia eta 1983an argitaratua. Datorren astean Jon Etxaideren hiru antzerki digitalizatuko ditugu.

Abu 05 10

Guy de Maupassanten fantasiazko ipuinak

Gaurko egunez duela 160 jaio zen Guy de Maupassant idazlea, 1850eko abuztuaren 5ean, Normandian. Bere adiskide Gustave Flaubertek aurkeztu zion Emile Zola, eta honek 1880ko apirilaren 16an argitaratu zion Mari Gizen kontakizunari esker oso ezaguna egin zen Parisen. Harrezkero, hamabi urtetan, 300 ipuin baino gehiago idatzi zituen, sei eleberri, hiru bidaia liburu, bi antzerki eta ehunka kronika. 1893ko uztailean hil zenean, Zolak egin zuen Maupassanten hileta hitzaldia. Joakin Balentziak, Felipe Juaristik, Xabier Monasteriok, Jesus Mari Mendizabalek, Juan Kruz Igerabidek, Mikel Garmendiak, Periko Diez de Ultzurrunek, Matias Mugikak euskaratu izan dituzte idazle frantsesaren ipuinak, eta Josu Zabaletak 34 narrazio ekarri zizkigun 2000. urtean, Fantasiazko ipuinak liburuan, orain osorik sarean emanak.

Agenda

Efemerideak

Kritikak