Ira 30 15

Ingeborg Bachmann, Eugenio Montale eta Jorge de Sena

Munduko Poesia Kaierak bildumak antologia berriak dakartza, 10-11-12 zenbakiak: Ingeborg Bachmann (1926-1973) Nagore Tolosak alemanetik itzulia, Eugenio Montale (1896-1981) Anjel Lertxundik italieratik eta Jorge de Sena (1919-1978) Rikardo Arregik portugesetik. Hiru kaierak urriaren 1ean aurkeztuko dituzte jendaurrean Donostiako Garoan 12:00etan, eta urriaren 2an Montaleren poemen irakurraldia egingo du Lertxundik Zarautzen. Bachmannen poesian konstante bat da hizkuntzarekiko eta bere mugei buruzko kezka, eta horrekin loturik, egiari buruzkoa. Nobel saria izandako Montale, ildo sinbolista onenean kokaturik, apartekoa da giro eta sentsazioak gogora ekartzen. Senaren obra mundu zabaleko leku, giro eta pertsonaiaz mukuru dago, bera ere erbesteraturik bizi izan zenez.

Ira 22 15

Yehuda Amichairen eresia

Alemaniatik Palestinara lekutu zen familia 1935ean, eta jainkozko juduen lurraldean  utzi zion erlijioari eta fedeari Yehuda Amichai gazteak, 2000ko irailaren 22an hil zenak. Gurazko gudari engaiatu zen 1942ean britainiarrekin, juduen brigadan. Halako batean, konpainien artean liburutegi mobilarena egiten zuen kamioia lehertu zen bere ondoan: Eliot, Auden, Dylan Thomas jaso zituen lurretik. Haiek irakurriz, kutsatu egin zen. Bigarren Mundu Gerla amaiturik Palmach-en sartu zen 1948an, Israelen sorrerako mugimendu armatuan. Gerla eta gerlak dakarren galera garrantzi handiko gaiak ditu: heroien eta epikaren aroa gainditu zuen belaunaldiaren abiapuntua izan zen 1955ean agertutako Amichairen lehen liburua, Orain eta beste egun batzuetan. Hurkoak, besteak, lagun hilak edo oinazeak eraikitzen du nitasuna, eta egunerokoa da paisaia, ez iragana edo Biblia edo etorkizuna edo zoriontasun ofiziala. Bestea onartzeko hainbeste arazo dituen Israelgo gizartean «bakearen fanatikoa», elkarrizketaren eta elkar-bizitzaren borrokalaria izan genuen Yehuda Amichai, hebreerazko poesia modernoaren autore garrantzizkoenetako bat. Hona haren Gerlan hildakoen eresia.

Ira 14 15

Elizondoren Larrosa ta Lauziri

Mende eta erdi dugu irailaren 14an Jose Elizondo jaio zela. Tolosar donostiartua, hiriburuko antzerki giroak eragin handia izan zuen idazle honen ibilbidean, eta hainbat obra utzi zigun, arrakasta handia izan zuenik ere bai tartean, Alkate ona (1911) bezala. Baditu bestelako lanak ere: arrain, arrantza eta arrantzaleei buruzko kronika-ikerketa interesgarria, Endo (1911) narrazio luzea, eta hainbat lehiaketatan jaso zituen sarien artean nabarmentzen den Larrosa eta Lauziri (1913) ipuina, zeinean, zintzotasuna/makurkeria binomioaren azpian ezin nabarmenago ageri zaigun —egileak hala uste gabe, seguruenik— gizonak emakumearen gainean berez daukan eskubidea, patua gidatzen duen Jainkoak emana.

Ira 09 15

Cesare Paveseren poesia

Xaguxarra-n 1980an Txema Larreak lau poema itzuli zituenetik, hainbat dira literatur aldizkarietan edo poema bildumetan euskaratu diren Cesare Pavese idazlearen poemak (eta narrazio laburren bat edo beste). Osorik itzuliak eta Armiarmak emanak dituen liburuez gain. Hemen bildu ditugu guztiak, hainbat direla itzultzaileak: Mikel Etxebeste, Juan Martin Elexpuru, Joseba Sarrionandia, Joakin Balentzia, Itxaro Borda, Luigi Anselmi, Xabier Lete. Pavese euskaratzen, orobat, aparteko lana egina du M.A. Unanuak, Hegats aldizkarirako 25 poema euskaratu baitzituen. Horiek ere eskaintzen dizkizuegu.

Ira 02 15

Isabel Diazen Ontzi iluna

Bigarren poema liburua zuen Ontzi iluna (Kutxa, 1999) Isabel Diazek, lehenagoztik zeukan argitaratua Ura badoa maldan behera (Arabako Foru Aldundia, 1996). Ez hark eta ez honek hartu zuten kritikaren jaramonik. Ahaztura, deskuidua, patu txarra… istripu gehiegi emakumezkoaren ibilbidean. Gizartean ez bezala gertatu behar ote luke literaturan? Noski! Literaturan emakumezko bat azaltzeak on berezia dakarkie letra ederrei —edertasunaren kontzeptu berriak aldiro, besteak beste—, eta zer esanik ez testu misoginoz eta sexistaz beteriko geure letra zatarrei. Isabel Diazen poemek, egun irakurrita, halako gustu atsegin bat uzten digute, ez dira lizundu. Lerro librea, lerro librea errepika kantagarriarekin, jolas kantuak, koplak… malgutasuna dauka Diazek poemen eraikitzeko, eta nortasunez, poema urratu gabe, egiten du aldarri: porrot egingo dute zenbakizaleen planifikazioek, arbola usteldurik dago jadanik, bertikaltasunaren mamia bezala. Zergatik hain isilik aspaldion Isabel Diaz, Arantza Aldalur, Marijose Kerejeta… eta beste hainbat? Hastioa? Dezepzioa? Bete gabeko ametsek emakume izena dute beti, bai.

Agenda

Efemerideak

Kritikak