maiatza 27 14

Jule Goikoetxearen Tractatus

Desadostasun kantu bat da Jule Goikoetxearen lehen poema liburua. Tractatus izenburu ironikoaz baliatzen da, adierazteko edozein aukera zientifikoren eta jarrera politikoren atzean esperientzia estetiko bat badela: desiozkoa, borondatezkoa, boterezkoa; eta poetak bere desadostasuna agertzen du politika, ekonomia, artea eta zientzia pentsatzeko eta praktikatzeko modu estandarren aurrean. Zibilizatua dagoen baten zibilizazioaren kritika izan nahi luke Tractatus honek. Disidentzia, egia, beldurra, erresistentzia, umorea, alferkeria, biolentzia, parranda, errepresioa, plazera, heriotza… ez dira hitz erreka soil bat, Jule Goikoetxearen indar espresibo biziaren gaiak baizik.

maiatza 22 14

Poeta aleman “dekadenteak”

Ezabatuak eman zion izena Eduardo Gil Berak 1995ean alemanetik euskarari ekarri zion 1933ko nazi festa batean erretako liburu metatik salbatutako zenbait poemaren bildumari. Besteak beste, Elsa Lasker-Schüller, Ivan eta Claire Goll, Klabund eta gaur 75 urte, 1939ko maiatzaren 22an, hildako Ernst Toller. Harrigarria da zenbateraino ziren Reichentzat arriskutsuak poeta espresionistak, alegia, “dekadenteak”. Liburuak erre eta poetak erbestera, suizidiora edo kontzentrazio eremuetara bultzatu. Guztizko botereak, agidanez, guztizko ikara dio hitzaren jarraitasunari: liburutegi pribatu eta publikoen sakeoak eta erreketak lehen mailako jardun politikoa izan ziren 1936ko Nafarroa leialean. Suntsituak, ezabatuak… ez ordea nazismoak edo frankismoak iraun bitarteko. Gerora ere, Gil Berak sarrera argigarrian ohartarazten digunez, 1933 urrun hartan erretako obrak, alegia, naziek kondenatutako egile haien lanak, ez ziren berriro agertzen hasi 1980 hamarraldia arte, eta zatika baino ez. Ezinbesteko liburua, beraz, osorik eskaintzen dugun Ezabatuak.

maiatza 20 14

Literaturia Zarautzen

Literaturiaren seigarren edizioa Zarautzen egingo da maiatzaren 28tik ekainaren 1era bitartean, bost egunez. Iñigo Aranbarri, Jon Arretxe, Josetxo Azkona, Unai Baztarrika, Lander Garro, Jule Goikoetxea, Juan Kruz Igerabide, Ana Jaka, Juan Ramon Makuso, Ana Malagon, Asier Serrano eta Iban Zaldua idazleek beren liburu argitara berriei buruz solas egingo dute irakurleekin. Gabriel Arestiren Harri eta herri poema liburuaz hitzaldia egingo du Karmelo Landak, Etxepare rap eskainiko du Imanol Epeldek, Hodeien adorea bertsonobela izango da bertsolariekin, idazle zarauztarrek irakurraldia egingo dute, eta poesia errezitaldi batekin amaituko da Literaturia. Antzerki emanaldiak: Bada teatroa, Inpromatxa, Gabrielen Lekua eta Gilkitxaro taldea. Musika kontzertuak: Bide Ertzean, Petti eta Xabier Montoia.

maiatza 20 14

Gerra txikia, Lander Garroren nobela berria

Bihar, maiatzak 22, Donostian Lander Garrok bere bigarren nobela aurkeztu aurretik, sarean eskaintzen dizugu osorik. Gerra txikia eleberriko protagonista Xabi Ugarte da. Aita errefuxiatua denez, Hendaiara joango da bizitzera familia osoa. GAL garaia da, zelatan daude mertzenarioak, eta laster gertatuko dira atentatuak, hilketak, atxiloketak, deportazioak… Haur izatearen xalotasunak, ordea, munduari begiratzeko aldarte berezia ematen dio Xabi txikiari, eta une zailenetan ere beti saiatzen da atsegin edo probetxuren bat topatzen: lagun berriak, hondartzako egunak, etxera datozen iheslariak, Tour-eko karrera, lehen musua. Abenturak eta garai krudelen oroitzapenak, biek bat egiten dute kontakizunean.

maiatza 14 14

Harri eta herri, 50 urte

Gaurko egunez 1964an plazaratu zen Gabriel Arestiren Harri eta herri, Kuliska Sorta bilduman (55. zenbakia), Zarauzko Itxaropenak inprimatua. Argitalpena 972 alekoa izan zen; horietatik 480 harpidedunei bidali zitzaizkien, 80 hartu zituen idazleak, 29 zentsurara eta lege gordailura eta liburutegietara eraman zituzten, eta gainerakoak dendetara zabaldu ziren. Profeta bati izeneko poeman Arestik berak argi azaltzen du bere poetikaren ardatzetako bat: “Nire poesia oso merkea da, herriaren ahotik hartu nuen debalde, eta debalde ematen diot herriaren belarriari”. Harri eta herri liburuak zalaparta sortu zuen, Zeruko Argia astekariaren ekaineko eta uztaileko artikuluak lekuko. Irailaren 19an, Donostiako Udal Liburutegian egindako hitzaldian Arestik Egia bat esateagatik eta Nire aitaren etxea irakurri zituen, Patxi Mujikaren grabazioari esker jasoak izan direnak. Liburuaren lehen edizioari Juan San Martinek egin zion hitzaurrea, eta 2000. urtean egindako edizio berrian Koldo Izagirrek idatzi zuen sarrera.

maiatza 13 14

Lima Barretoren ipuin bat

Afonso Henriques de Lima Barreto brasildar idazle eta kazetaria Rio de Janeiron jaio zen 1881ean, eta 1922an hil hiri berean. Oso kritiko zorrotza izan zen bere garaiko sistema politikoarekin, eta gizarte-pribilegioak zein arrazakeria salatu zituen engaiamendu handiz. Gizarteko apalenen ahotsa izan zen, ahotsik gabeena. Lima Barreto mulatoa zen eta gertutik bizi behar izan zituen bidegabekeria eta mespretxua. Bizitzako azken urteak ospitale psikiatriko batean eman zituen, idazteari behin ere utzi gabe. XIX. mendeko errealismoari atxiki zitzaion, baina haren estiloa ez zen batere apaindua izan: bizi-bizia zen, kalekoa, manierismorik gabekoa. Denetariko generoak landutakoa, haren lanik nabarmenenak dira, besteak beste, Triste Fim de Policarpo Quaresma eleberria, Marginália artikulu-bilduma eta Cemitério dos Vivos hil ostean argitaraturiko zoroetxeko kronika laburra. Euskaraz irakur daiteke orain, Iñigo Roquek euskaratu baitu Kalifornia Berria ipuina, gaur eskaintzen dizueguna.

maiatza 08 14

Maiatz, 30. solasaldiak

Maiatz literatur aldizkariaren ale berriaren aurkezpenarekin (58. zenbakia) abiatuko dira Maiatz Solasaldiak datorren astearte arratsaldean, maiatzaren 13an, Baionako Euskal Museoan. Egun berean mahai-inguruan parte hartuko dute Paulo Iztuetak eta Emilio Lopez Adanek, eta Itxaro Bordak errezitaldia egingo du iluntzean. Biharamunean, maiatzaren 14an, Xipri Arbelbidek Gogoetak liburua aurkeztuko du, Antton Lukurekin solasean ariko dira Libertitzeaz liburuaz, eta Itxaro Bordak beste errezitaldia batekin amaituko ditu jardunaldiak.

maiatza 07 14

Urtzi Urrutikoetxea,
Utzidazu karmina kentzen

Bake prozesuaren gerrako partea ematen digu Urtzi Urrutikoetxeak bere hirugarren poema liburuan, Utzidazu karmina kentzen. Letretan sarrera garratza egin zuen Borroka galduetatik gatoz haren luzapena ote den pentsa liteke hasiera batean. Ez, ez dago luzapenik. Mundu berdintsuan bizi dela, besterik ez. Barnekoiak dira orain poemak, maitasuna dute hezurdura. Maitasuna, izan ere, egitate poetikoa da: hiztegi bat osatu behar dute maitaleek, elkarrekikoa egin ahal izateko. Kode ulergarri bat eskaintzen digu poetak, baldin intimitatea gizarteak kutsatzen duela badakigu, kodeek testuingurua salatzen dutela badakigu. Mundulekua gero eta estuagoa, gero eta ilunagoa egiten da liburuan aurrera joan arau, maitasuna aldiz gero eta gozoagoa, hots, beharragoa: bake prozesuaren gerrako partea, deklarazio bat metroan edo gaueko autobusean, maitearen adatsa sorbaldan.

Agenda

Efemerideak

Kritikak