Abe 28 11

Abeletxeren antzezlan bat

Manuel Ziarsolo Bilbon jaio zen 1902ko urtarrilaren lehenean. Ermuan hezia, Abeletxe izenordea hango baserri-etxetik hartu zuen. Euzkadi, Euzko eta Eguna agerkarietako kazetaria eta zuzendaria izan zen gerra aurrean. 1952an bere seme Jonek Txinparta antzerki taldea sortu zuenean teatroa idazteari lotu zitzaion, besteak beste: Bermioko portuan, Atsoa gaztetu bear dogu, Eguberri-Aizeak, Bertsolari sariketa, Parisera gogo txarrez. Egan aldizkariak 1956an plazaratutako Eguberri-Aizeak digitalizatu dugu teatro-testuak webgunerako, Barrutiaren Gabonetarako ikuskizuna obraren erara egina, kantuz antzezteko.

Abe 21 11

Montesquieu-ren
Persiar gutunak

Bordele eta Paris artean bizi izan zen Montesquieu (1689-1755), abokatua ikasketez, ardo ekoizlea negozioz eta baroia tituluz. 1721eko maiatzean Persiar gutunak argitaratu zituen Amsterdamen Jacques Desbordesen moldiztegian. Gutun bidez atondutako nobela honetan irakurriko duzu, Usbek izeneko politikari eta pentsalari persiarrak ihes egin behar izan duela bere herrialdetik (gaur egungo Iran), gortean kritika biziak egin dituelako. Parisera iritsitakoan, hiri europarra Ispahan balitz bezala aztertuko du, modu aski satirikoan. Montesquieu errepublika zalearen nobela, noski, debekatu egin zuen Frantziako erregearen ministroak.

Abe 15 11

127 klasiko gehiago
liburu elektronikoetan

Pierre Urte, J. Bautista Agirre, Etxahun, J. Ignazio Iztueta, J.M. Hiribarren, J.P. Arbelbide, Kirikiño, Larreko, Emeterio Arrese, Orixe, A.M. Labaien, Nemesio Etxaniz, Telesforo Monzon, Lotsati, Piarres Larzabal, Mariano Izeta, Salbatore Mitxelena, Martin Ugalde, Jon Mirande, Mikel Zarate, Manex Erdozaintzi-Etxart… euskal literaturako 127 klasiko gehiago ekarri ditugu Armiarmako Liburu Elektronikoa gunera: 39 poesiazko, 32 antzezlan, 19 narratibazko, 19 kronika eta saiakera, 18 erlijiozko. Gisa honetan, joan den urtarrilean abiatu genuen egitasmoan orain 377 liburu elektroniko dauzkazu guztira, epub eta pdf formatuetan doan emanak.

Abe 09 11

Oskillaso jaio zela 100 urte

Jose Basterretxea “Oskillaso” 1911ko abenduaren 9an jaio zen Madrilen. Matematika eta Fisika ikasketak egin zituen, Parisera alde egin zuen gerra sasoian, eta 1955ean Iruñera etorri zen bizitzera, 1996an hil zen arte. Hiru nobela ezagutzen dizkiogu liburutan argitaratuak: Kurloiak, Gabeko atorra eta Euskaldunak Madrilen, baina bada beste bat 1964an idatzi eta 1967an Egan aldizkarian plazaratua: Akats bako gizonaren heriotza, detektibe generokoa, etengabe umore zipriztinez gozotua, gaurko grafiara egokiturik eskaintzen dizuguna. Horrez gain, Eganen argitaratutako narrazio laburrak ere irakur ditzakezu.

Abe 01 11

Twist, Harkaitz Cano

Soto eta Zeberio bahitu, torturatu, hil eta desagerrarazi egin zituzten. Diego Lazkano idazleak gogoan betiko txertaturik daramatza bi lagunak, ezin ditu oroimenetik uxatu, bi itzal haietatik elikatzen ari da hogeitaka urtetan. Errua, maitasuna, traizioa, sexua, indarkeria, lotsa, justizia, erredentzioa, antzezpena… asko dira Harkaitz Canoren Twist nobelaren hariak, baina denen gainetik nagusitzen da adiskidetasunari egindako kantua. Eleberria osorik eskaintzen dizugu sarean, abenduaren 1ean aurkeztu aurretik.

Agenda

Efemerideak

Kritikak