Jakin-minak definitzen ditu Edwin Morganen izaera eta poesia. Bokazio handiko unibertsitate irakaslea, itzultzaile fina eta Eskoziako poeta garrantzitsuenetarikoa, aste honetan 100 urte beteko zituzkeena. 2004an lehen poeta nazional izendatu zutenean XX. mendeko LGBT historia gorpuzten zuen artista bat lehenetsi zuen gobernu eskoziarrak. Irudiak eta musikak berebiziko garrantzia dute haren lanean. Irudiak ditugu bere poesia konkretan eta kaieretan gordetako collageetan. Bestalde, musikari eskoziarrekin lan egin zuen, esate baterako azken hamarkadan belaunaldi gazte bat hurbildu zitzaion Idlewild taldearen bidez, Eskoziar fikzioa poema idatzi eta errezitatu baitzuen euren disko entzutetsuenean (In Remote Part / Scottish Fiction). Hirupoema dakartzagu, Nere Arrutik euskaratuak.
Hamabost urterekin Txiletik Mexikora joan zen familiarekin Roberto Bolaño. Baina hogei urterekin Txilera itzuli zen Salvador Allenderen eta Batasun Herrikoiaren (UP) prozesua babestera. Augusto Pinocheten estatu kolpea, 1973ko irailaren 11n, baino aste batzuk lehenago iritsi zen Santiagora. Zortzi egunez atxilotu zuten. Mexikora alde egin zuen berriz. Banakotasunik gabeko erromantizismoaren aldeko apustua egin zuen. Erromantizismo plurala, abenturazkoa, mitoa eraikitzeko galeraren eremuarena, belaunaldia bilatzen duena. Taldearen galera plurala. Negarrik eta nostalgiarik gabeko erromantizismo urrun bat. 1976 eta 2007 artean bere zortzi poema-liburu argitaratu dira. Hona ekarritako sei poemak, Hedoi Etxartek euskaratuak, Los perros románticos (Zakur erromantikoak, Kutxa Fundazioa: 1995, Donostia) liburuan argitaratu zituzten. Erromantizismo negartitik aldentzeko dute zakurtasuna poemok. Estoikoak eta kitschak dira.
Irudi harrapagaitzak maite ditu Zumetak. Ezagun bihurtu orduko, baztertu egiten dituela ematen du. Arroztasun horrek iraun ezean, ez da oihalera eramanzale, baina begi ugari utzi ditu, hala ere, bazter guztietan nabarmen. Orain hasi naiz konprenitzen zergatik. Ez gintuen bistatik galdu nahi. Aurrez ikusia zeukan nola. Ez dira begiak; periskopioak baizik.
begira ari haiz oraindik
begiak irudiz beteta,
begira ari haiz oraindik
nahiz begiak itxita.
Liburu eta diskoen argitalpenean handia da Jose Luis Zumetaren inplikazioa eta utzitako arrastoa.
2020ko apirilaren 16ean zendu zen, koronabirusaren ondorioz, Luis Sepulveda idazlea. Txileko Ovallen jaioa, haren bizitza Txileko patu politikora lotua joan zen bere militantzia komunista medio, eta Pinocheten estatu-kolpearen ondoren erbestera jo zuen, kartzelaldi baten ostean. Munduan zehar ibilia, hainbat lurralde eta itsasotan, ekintzaile ekologista, aktibista soziala, itxura batean xaloak diruditen haren istorioek eduki humano eta kezka sozial handia izaten dute. Euskarara batzuk ekarri dira, eta haren heriotza dela-eta Txalaparta argitaletxeak plazaratutako bi jarri ditugu osorik, Ana Santos Elortzak euskaratutako Maitasun eleberriak irakurtzen zituen agurea eta Ima Garbizuk itzulitako Patagonia Express.
2020ko apirilaren 15ean zendu da Rubem Fonseca idazlea. XX. mendeko Brasilgo literaturako erreferenteetako bat, kronikak, eleberriak (A Grande Arte; Agosto…) eta ipuin-bildumak (Os prisioneiros; O Cobrador…) idatzi zituen. Fonsecaren istorio gordinek Brasilgo hirietako mundua dakarte letretara, negozioak, bortxa, sexua, boterearen ustelkeria… errealismo urbano leunik gabeko batean. Haren heriotzaren kari, Iñigo Aranbarrik euskaratutako Kobratzailea ipuina dakarkigu, letrazko sastakada bat.
Apirilaren 21ean eta 22an Interneten kultur edukirik ez partekatzeko deia luzatu da. Bi egun horietan Greba Digitala egiteko proposamena. Ekimenaren helburuak honakoak dira: gogoeta eta eztabaida soziala eragitea, premiazko neurriak hartu behar direla exijitzea eta Euskal kulturgintzaren ekosistema osatzen duten guztiontzat elkargunea izango den mahai/bilera/topaketa antolatzeko lanean hastea. Kulturgintzan.eus gunean atxikimenduak batu eta eskarien manifestu bat dago, eta honela bukatzen da: “bi egunez, apirilaren 21ean eta 22an, desagertu egingo gara, oihala beheratuko dugu eta sareetan zein hedabideetan ez dugu inongo ekimenik egingo, ez dugu zuzeneneko edo grabatuko emanaldirik ez eskainiko ez partekatuko. Oihala beheratuko dugu eta gure ahotsa isilduko dugu, entzun gaitzazuen“.
Poema liburu bakarra argitaratu izanagatik, ahots propio sendoarekin murgil egin du Maria Sanchez poeta kordobarrak poesiagintzan. 2017an argitaratutako Cuaderno de campo (Landa eremuko kaiera) liburutik lau poema hautatu eta euskaratu ditu Uxue Alberdik. Ogibidez albaitari, tradizioz bizimodu erruralekoa, feminismoek zipriztindutako ikuspegi aldarrikatzailea dakar Sanchezek poemetara: ukatutako bozgorailuak eta espazioak berreskuratzeko asmoz, belaunaldien arteko hausturaren kontra, eta kultur sorkuntza ogibidearekin estu lotuz.
1897an Inis Mór irlan jaioa, Aran uharteetako handienean, irlandera zuen ama hizkuntza Liam Ó Flaithearta (Liam O’Flaherty). Soldadu izan zen Gerra Handian, borrokalari gerra zibilean, zine gidoilari Hollywooden, idazle gaztetatik. Nobela handiak argitaratu zituen — John Fordek zinemara eraman zuen Salataria (1925), Gosetea (1939), Matxinada (1950)…—, eta generoa literatoen atzaparretatik libre, herri kontakizunetik gertuago nahi dituen ipuinak —Tiratzailea (1923) du, dudarik gabe ezagunena—. Ia obra guztia ingelesez izanagatik, badu irlanderaz idatzi zuen ipuin bilduma bat, Desioa (1954), askoren iritziz hizkuntza horretan plazaraturiko guztien artean bikainena. Bertan, haurtzaroko paisaiaren indarrera itzultzen da O’Flaherty, natura sotil bezain harro ageri da, landareen zikloek eta animalien bizitzek markatzen dute gizakiena. Bilduma honetakoa da Jende behartsua, gaur hona dakargun ipuina, Iñigo Aranbarrik euskaratua.
34 narrazio gehitu dizkiogu ipuina.eus egitasmoari, lehendik ipuinen bat bazuten autoreena kasu batzuetan (Julene Azpeitia, Domingo Agirre, Lauaxeta…), lehen agerraldia egin dutenena bestetzuetan (Ivonne Harispe, Barrensoro, Oya…); XX. mendeko lehen hiru hamarkadetakoak gehienak. 69 egile dagoeneko, 92 ipuin. Eguraldia akaso ez baina giroa barrenerako dagoen garaiotan, gure ipuingintzaren erakusleiho zabal bat.