Luis Sepulvedaren heriotza
2020ko apirilaren 16ean zendu zen, koronabirusaren ondorioz, Luis Sepulveda idazlea. Txileko Ovallen jaioa, haren bizitza Txileko patu politikora lotua joan zen bere militantzia komunista medio, eta Pinocheten estatu-kolpearen ondoren erbestera jo zuen, kartzelaldi baten ostean. Munduan zehar ibilia, hainbat lurralde eta itsasotan, ekintzaile ekologista, aktibista soziala, itxura batean xaloak diruditen haren istorioek eduki humano eta kezka sozial handia izaten dute. Euskarara batzuk ekarri dira, eta haren heriotza dela-eta Txalaparta argitaletxeak plazaratutako bi jarri ditugu osorik, Ana Santos Elortzak euskaratutako Maitasun eleberriak irakurtzen zituen agurea eta Ima Garbizuk itzulitako Patagonia Express.