Aza
25
04
1996an kaleratu zuen Juanjo Olasagarrek Bizi puskak, bere bigarren poemarioa (lehenago, Susarekin baita ere, Gaupasak, 1991n). Unibertso poetiko oso bat azaldu zigun, baina ez batere abstraktua, oso zehatza baizik: poema-liburua 21 pertsonaiaren ahotsen bidez erakutsiriko herri baten ikuspegi handia da. Hainbat gai, estilo eta gogoetari heltzen dion liburua, Puskak biziz liburuan jarraipena izan zuena, goi mailako poeta baten ekarpena erakutsi zigun. Osorik irakur dezakezu Bizi puskak.
Aza
25
04
Azaro honetan 50 urte dira Aljeriaren askapenerako matxinada hasi zela. Frantziako Armadak koloniari indarrez eusteko milaka soldadu mobilizatu zituen, haien artean batzuk euskal herritarrak. Gudaldi hura da Xabier Montoiaren Elektrika nobela berriaren eszenatokia, eta Jean Etxegoien protagonista. Irakurtzen hasi orduko ohartuko zara ez dela historia-lezio bat, baizik eta infernuan barrena bidaia bat, hilkintzez eta triskantzez gidatua. Xabier Montoiak Elektrika honekin amaitu du zikloa, Hezur gabeko hilak eta Blackout nobelekin batera Hilen bizimoldea izeneko hirukoa osatuta: Etxegoien Lehen Mundu Gerran, ondoren Bigarren Mundu Gerran, eta Aljeriako Gerran orain.
Aza
18
04
Uriarte jaunak badu zer kontatua, eta badu nori kontatu. Bisitaria etorri zaio Mallona alkatea zergatik fusilatu zuten itaunka. Amuari ihes egin ezinik, nahita ere, Uriarte kontatzen hasiko da, istorioaren mataza askatzen, bere historiaren mataza askatu eta era berean korapilatzen. 36ko gerran Euzko Jaurlaritzako Informazio Zerbitzuan lanean jarduna, saiatuko da asetzen Uriarte jauna Bisitariaren jakin-mina. Eta Edorta Jimenezek sobera asetzen du irakurlearen gogoa, Uriarteren narrazioko bouak bezala, zalu baitoa irakurlea eleberriko itsasoan. Jimenezen laugarren eleberria, Kilkerren hotsak (2003, Susa) gozatzeko moduko liburua da.
Aza
18
04
Gotzon Barandiaranen lehen liburuaren aurrerapena dituzu sei poema hauek. Arrakalak poemarioa datorren astean aurkeztuko du Bilboko Likiniano liburudendan, azaroak 25 (osteguna) goizeko 11:00etan; eta biharamunean gauean Bergarako Gaztetxean errezitaldia egingo du Bihotz Bakartien Klubarekin. Poemetan oinarritutako animaziozko laburmetraiak egin dituzte hemezortzi artistek errezitaldirako, Bego Vicarioren lankidetzaz.
Aza
11
04
Azaroaren 15a (astelehena) Idazle presoen nazioarteko eguna dela eta, Durangon bi ekitaldi burutuko dira. Ataramiñek aurtengo liburua aurkeztuko du eta ostean idazle presoen inguruko poesia eta testu errezital bat antolatu du Euskal Pen Klubak. Presoen testuak irakurtzen izango dira Paddy Rekalde, Laura Mintegi, Lutxo Egia, Asier Serrano eta Eider Rodriguez. Ekitaldiok Plateruena Kafe Antzokian burutuko dira arratsaldeko 20:00etatik aurrera.
Kataluniako Pen Klubaren webgunean idazle presoen inguruko informazio eta ekimen ugari topatu ditugu. Nazioartekok Pen Klubak ere batzorde berezia du idazle presoen gaia lantzeko, eta bere azken txostenetako batean Euskaldunon Egunkaria itxi ostean bizitako egoera aztertzen dute.
Aza
11
04
Parisko Avenue Marceau 11. zenbakian izan zuen erredakzioa Euzko Deya agerkariak 1937-1940 urteetan, eta hantxe baita ere Eusko Jaurlaritzak egoitza eta, beraz, bulegoa Telesforo Monzonek. Arteako Abertzaletasunaren Agiritegiko Iñaki Goioganak Koldo Izagirreri karpeta bat zabaldu dio: Euzko Deyako korrespondentzia. Gutunen artean mekanografiaturiko bederatzi poema azaldu dira, ez datarik ez sinadurarik, baina estiloak eta gaiek adierazten dute Telesforo Monzonenak zirela. Zortzi inedito dira. Ziur aski hauek izango dira idatzi zituen lehendabiziko poemak. Koldo Izagirrek zehaztapenak egingo ditu hitzaldi batean: Donostiako Doctor Camino Liburutegian azaroaren 17an (asteazkena) 20:00etan, Monzonen jaiotzaren mendeurreneko ekitaldien barnean.
Aza
04
04
Eleberri indartsu batekin etorri zitzaigun 1999an, Susa argitaletxearen eskutik, Harkaitz Cano: Pasaia blues. Komando bat, polizi-ikertzailea, argazkiak, boxeoa, iraganaren itzala, harremanak… osagarri askorekin bilbatutako ehuna eskaini zigun idazleak. Bigarren eleberria zuen hau, hiru urte lehenago Beluna jazz argitaratua zuen, baina ordurako ez zen izen arrotza, eta hainbat arlo jorratuta zetorren: poesia (Kea behelainopean bezala), narratiba re (Telefono kaiolatuak), zutabegintza… Beluna jazz oraindik orain gaztelaniaz argitaratua izan delarik (Jazz y Alaska en la misma frase, Seix-Barral), Pasaia blues nobela eskaintzen dizugu orain osorik.
Aza
04
04
75 urte betetzearekin batera, omenaldiz omenaldi ibili da Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, azken liburua kaleratu zuenean lehenbizi eta Koldo Mitxelena Kulturunean antolatutakoak ostean. Azken ekitaldi hauen karietara, webgune itzela paratu diote Interneten. Bere biografia, berari buruzko testuak, ohar bibliografikoak, bere lanen zati eta iruzkinak, idazle eta pentsalariari buruzko azterketak, elkarrizketak… denetarik batu dute bertan.
Aza
04
04
1854ko urriaren 20an, orain dela 150 urte, jaio zen Charlevillen Arthur Rimbaud. 20 urte betetzerako idatziak zituen literaturaren historian tokia egin dioten lanak, eta gerora bere beste lanek —Verlainerekiko harremanak, Afrikako bidaiek, arma trafikoak eta abarrek— puztu zuten mitoa. 37 urte zituen hil zenean, 1891ko azaroaren 10ean. Mikel Lasak ekarri du, batez ere, Rimbauden lana euskarara. 1991n Denboraldi bat infernuan liburu seinalatua plazaratu zuen, eta Poemak kaleratu 1993an, poetaren antologia bat. Liburu biak Erein argitaletxeak kaleratu zituen, biak ere edizio elebidunak.
Literatur aldizkarietan ere agertu izana zen, Mikel Lasaren beraren itzulpenak 1987ko Literatur Gazetan, eta Joakin Balentziak euskaratutako Egunsentia, Korrok-en kaleratua. Lasak berak bi liburuetako egindako hitzaurreetan autorearen berri zehatza ematen zaigu. Aste honetan Poemak eta Denboraldi bat infernuan eskaintzen dizkizuegu.