Egunsentia
Rimbaud
euskaratzailea: Joakin Balentzia
Udako egunsentia besarkatu dut.
Jauregien aurrekaldean deus ez zen oraindik mugitzen. Hila zegoen ura. Itzaletako soroek ez zuten uzten oihango bidea. Ni nenbilen arnasa bizi eta epelak amets egiten; eta harri preziatuek so egiten zuten, eta hegalak altxatzen ziren hotsarik gabe.
Lehenbiziko lorpena izan zen, distira fresku eta zurbiletaz josiriko bideskan, bere izena erran zidan lore batena.
Pinuen artean ilea harrotzen zen urjauziaz irri egiteari ekin nion; zilarrezko tontorrean jainkosa ezagutu nuen.
Orduan banan bana beloak jaso nituen. Zumardian, besoak agitatzen. Lautadan zehar, han salatu nuen oilarra. Hiri haundian, kanpaidorretan eta kupuletan zehar ihes egiten nuen; eta beraren atzetik nindoan marmolezko naseetan eskale baten antzera korrika.
Bideko goitikoan, erramutazko oihan baten ondoan, bere belo metatuekin inguratu nuen, eta bere neurrigabeko gorputza piskat sentitu nuen. Egunsentia eta haurra oihango hondoraino erori ziren.
Iratzartzerakoan, eguerdia zen.
("Illuminations", "Aube")
|