Urt
28
10
Bere gelditasunagatik alferra zirudien Schlemihl hankaluzeak itzala galdu omen zuen. Adelbert von Chamisso idazlearen lanik ezagunena duzu Peter Schlemihl-en istorio miresgarria. Sarean eskaintzen dizugu Anton Garikanok 1995ean itzulitako eleberria. Baina beste kontu batengatik ere ezaguna da gurean Chamisso, Des Basken Etchehons Klage poema argitaratu baitzuen 1829an; antza denez, Donapaleuko tribunalaren aurrean Pierre Topet Etxahun epaitua izan zenean, Mundian malerusik frantsesez ezartzeko eskatu omen zion Deffis jujeak Salaberri delako bati, eta Chamissok kasua eta kantua irakurririk idatzi zuen alemanez bere poema. Lehenik Polikarpo Iraizozek (1935), gero Joseba Sarrionandiak (1980) eta azkenik Kaekusek (1984) itzuli dute euskarara: Etxahun euskaldunaren arrangura edo Etxahun euskaldunaren deitorea.
Urt
20
10
Farora joateko irrikaz dago James mutikoa, zilarrezko dorre gandutu baten antzeko hartara, mendiak adinako olatuak ikustera. Baina aitak esango dio, bihar euria egingo duela eta ezingo dutela joan. Amaren arrapostua: agian haizea aldatuko da eta eguraldi ona egingo du. Aitak amari orduan: “Zoaz pikutara”. Horrela hasten da Virginia Stephen-Woolf idazle ingelesaren bosgarren eleberria: Farorantz (1927). Virginiak umetan Kornuallesen igarotzen zituen oporrak, Godrevy faroari begira zegoen Talland etxaldean, Farorantz eleberrikoa ordea Eskoziako Skye irlakoa da. Anton Garikanok 1993an itzulitako nobela hau da euskaraz daukagun Virginia Woolfen bakarra, orain osorik sarean emana.
Urt
13
10
James Joycek The Egoist aldizkari literarioan zatika argitaratu zuen Artistaren gaztetako portreta nobela 1914-1915 urteetan. Ipuin batzuk sinatzeko Joycek noizbait erabili izandako izengoitia zen Stephen Dedalus, eta pertsonaia horrexen bizitzako lehen urteak kontatzen dira eleberrian (gero Ulises nobelan ere agertuko zen). Adiskideekin dituen elkarrizketen eta eztabaiden bitartez ezagutuko duzu Stephen; hona haren esaldi sonatuetarik bat: “Gizon baten arima herri honetan jaiotzen denean, sareak botatzen zizkiotek hegan egin ez dezan. Nazionalismoa, hizkuntza eta erlijioa aipatu dizkidak. Ni sare horietatik hegaldatzen saiatuko nauk. (…) Badakik Irlanda zer den? Bere umealdiko txerrikumeak jaten dituen txerrama”. Irene Aldasorok euskaraturik, Literatura Unibertsala bilduman plazaratu zen 1992an Joyceren lehen nobela.
Urt
04
10
Nazien aurkako erresistentzian Combat egunkariko zuzendaria izan zen Albert Camus. Lehen liburuak Aljerian argitaratu zituen arren, 1942an Parisen plazaratutako Arrotza nobelarekin egin zen ezaguna, Izurria eleberriarekin izan zuen ospea 1947an eta Nobel saria hartu zuen 1957an. Gaurko egunez, 1960ko urtarrilaren 4an hil zen Camus kotxe istripu batean, editore eta lagun zuen Michel Gallimardekin zihoala. Idazlearen gorazarre, bi nobela handi horiek eman ditugu sarean: Arrotza, Txato Agirrek itzuli eta 1970ean Herri Gogoak argitaratua, eta Izurria, Imanol Tapiak itzuli eta 1993an Literatura Unibertsala bilduman agertua. Bestalde, Sisyforen Mitoa saiakera ere interneten duzu, Xabier Kintanak 1992an euskaratua (Pentsamenduaren Klasikoak bilduman). Camus antzerki idazlea ere izan zen, baina baita futboleko atezaina ere gaztetan, tuberkulosiaz gaixotu baino lehen; eta behinola bere adiskide Charles Poncetek galdetu ziolarik, zer nahiago duzu: futbola ala teatroa?, erantzun omen zuen: “futbola, zalantzarik gabe”.