Ira 29 11

Mikhail Lermontov Kaukason

1837an duelu batean Puxkin hil zutenean, Mikhail Lermontovek Poetaren heriotza poema idatzi zuen eta asasinatzea leporatu zion gobernuari. Herritarrengan zirrara sortu zuen poemak, baina tsarrak zigortu egin zuen Lermontov: Txetxeniara bidali zuen gerrara. Urte batzuk geroago, 1841eko uztailean, Lermontov hilik agertu zen, 27 urte baino ez zituela. Duelu batean hil zuten bera ere, eta jendeak asasinatzea izan zela salatu zuen. Lermontoven Gure garaiko heroia (1840) nobelak Petxorin ofizial errusiarrari Kaukason gertatutakoak agertzen dizkigu bost kontakizunetan. Vladimir Nabokovek egindako ingelesezko itzulpena famatua da, eta eder askoa Jose Moralesek euskarari ekarritakoa, hitzaurre argigarri batekin.

Ira 21 11

Zortzi ipuin: Oktaedroa

Xabier Etxanizek lehenik 1983an eta azkenekoz Jon Alonsok 2005ean, hainbat narrazio euskaratu zaizkio Julio Cortazar idazle argentinarrari. Gerardo Markuleta da Cortazarren kontakizunen estilo berezia itzultzen ahalegindu den beste bat, adibidez: Oktaedroa ipuin bilduma (1974), Literatura Unibertsala sailerako ekarria 1992an eta orain sarean osorik eskaintzen dizuguna. Gauza harrigarri eta sinestezinak gertatzen dira eguneroko bizitzan.

Ira 14 11

X Jaunaren kontakizuna

Joseph Conradek Harper’s aldizkarian argitaratu zuen Salataria ipuina 1906an (euskarari Juan Mari Mendizabalek 1996an ekarria). X Jauna du kontalaria: erreboltari bat, munduak idazle iraultzailetzat daukana, iritzi onartu guztiak birrindu dituena bere luma zorrotzaz, erakunde errespetagarrien ustelkeriak agerian utzi dituena, zenbait elkarte ezkuturen sustatzaile aktiboa… eta baita ere luxuen zalea eta kalakari abila. “Ezin da gizateriarentzat aurrerabiderik espero” esaten du jatetxe dotore batean afaltzen ari dela, “terrore eta indarkeriaren bidez izan ezean”.

Ira 08 11

500. Literatur Emailua

Susa argitaletxeak astero Literatur Emailu bat argitaratu du 2002ko urtarriletik hona, eta dagoeneko 500. zenbakira iritsi da. Gure literaturaren zabalkundeaz arduratzen den albistegi literario honek ekitaldi nagusien agenda osatzen du, literaturako une gogoangarriak ekartzen ditu gomutara eta, aldi berean, liburu bat on-line ematen ahalegintzen da astero: klasikoak, deskatalogatuak, itzulpenak, aldizkariak eta, baita ere, Susak plazaratutako liburu berrienak.

Ira 07 11

Tiroak euriaren zalapartan

H.L. Menckenek sortutako Black Mask aldizkarian (pulp generokoa) argitaratu zuen Raymond Chandlerrek bere lehen istorioa 1933an: Blackmailers Don’t Shoot; eta 1939an Betiko loa lehen nobela plazaratu zuen arte, aldizkari hartan agertu zituen 11 kontakizun gehiago, horien artean Hiltzailea euripean (1935), Javi Cillerok Erein argitaletxearentzat euskaratu zuena eta orain osorik sarean eskaintzen dizuguna. Kontakizun honetako pasarteak baliatu zituen Chandlerrek geroago Betiko loa idaztean.

Agenda

Efemerideak

Kritikak