Salataria
Joseph Conrad

euskaratzailea: Juan Mari Mendizabal
Milabidai, Erein, 1996

 

SALATARIA

 

        X Jauna Pariseko nire lagun on batek bidalitako gomendiozko gutun baten ondorioz etorri zitzaidan etxera, Txinako brontze eta portzelanezko nire bilduma ikusteko asmo zehatzarekin.

        Pariseko nire laguna bildumaria da halaber. Baina hark ez du bildumatzen portzelanarik, ez brontzerik, ez koadrorik, ez dominarik, ez seilurik, ez enkante batean mailuak inori eman diezaiokeen beste ezer. Arbuiatu egingo luke, benetako harriduraz, bildumari izena. Hala ere, horixe da tenperamentuz. Ezagunak bildumatzen ditu. Lan delikatua da. Horretarako beharrezkoak dira taxuzko bitxikeria-bildumari baten egonarria, pasioa eta deliberamendua. Haren bilduman ez dago erret pertsonaiarik. Ez dut uste haren aburuz nahikoa bitxi eta interesgarriak direnik; baina salbuespen hori alde bat utzita, arrazoi bat edo bestea dela medio, ezagutzea merezi duten pertsona guztien ezaguera egin du, guztiekin mintzatu da. Aztertzen ditu, adi entzuten die, haien baitan sartzen da, neurtzen ditu, eta gero bere gogoaren galerietan gordetzen ditu haien oroitzapenak. Europa osoan barrena ibilia da, konspirazio eta azpijokoz baliatuz, ezagun pertsonal txit argien bere bilduma areagotzeko ahaleginetan.

        Aberatsa da, goi-mailako harremanak ditu eta aurreiritzirik gabea da; hortaz, bilduma nahiko osoa dauka, bertako objetuak (ala sujetuak esan beharko ote nuke?) jende arruntak estimu handian ez dituelarik, sarri askotan ezezagunak baitira herri xumearentzat. Ale horietaz harrotzen da nire laguna gehienbat, noski.

        Hona zer idatzi zidan Xi buruz: «Sasoi modernootako matxinatu (révolte) handiena da. Bere ironia gordinaz instituzio errespetagarrien ustelkeria agerian utzi duen idazle iraultzaile gisa ezagutzen du munduak. Buru agurgarri guztiak egurtu ditu, eta bere luma zorrotzaz txiki-txiki egin ditu iritzi onartu guztiak eta adostutako jardunbide eta portaera printzipio oro. Nor ez da gogoratzen haren panfleto iraultzaile sutsuez? Haien bat-bateko inbasioa behin eta berriz nagusitu zitzaien kontinenteko polizia guztiei mandeuli izurritea bailitzan. Baina muturreko idazle hau zenbait elkarte ezkuturen sustatzaile aktiboa ere izan da; susmatu eta ez susmatutako, ondu edo zapuztutako konspirazio etsien Buru misteriotsu ezezaguna. Eta munduak orohar ez du horren susmo izpirik ere izan! Horri esker dirau egun ere geure artean hainbat eta hainbat kanpaina ezkuturen beteranoak, erretiratuta orain, inoiz izan den publizista suntsitzaile handiena izatearen ospe horren barruan salbu».

        Hauxe idatzi zidan nire lagunak, X jauna brontze eta portzelana kontuetan jakitun argitsua zela gaineratzen zuelarik, eta neure bilduma erakuts niezaiola eskatuz.

        Eta halako batean X iritsi zen. Nire altxorrak tapizik zein kortinarik ez duten hiru gela handitan daude ezarrita. Nire ondokoei dirutza galanta emango dieten gauzez beteriko apalategiak eta beira-arasak ditut altzari bakarrak. Ez dut inongo surik pizten uzten, ezbeharren beldur, eta suaren aurkako ate berezi batek bereizten ditu gela hauek gainerakoetatik.

        Egun hotz-hotza zen. Ez genuen berokirik ez kapelarik erantzi. X goibehe ertainekoa zen, argala, sudur gakotuko bisaia luzean begiak beti erne, eta oin ttiki proportzionatuez pauso motzak eginik aire argitsuz begiratu zion nire bildumari. Ni ere aire argitsuz begiratzen saiatu nintzaion. Elurra bezain zuriak ziren bibotea eta kokots-bizarrak tankera are beltzagoa ematen zioten larruazal beltzaranari. Larruzko berokia eta kapela luze distiratsua soinean zituela, gizon izugarri hark itxura dotorea zuen. Ziur naiz familia noble batekoa zela, eta nahi izan balu X de la Z bizkondea deitu ahal izango ziokeen bere buruari. Brontze eta portzelanak izan genituen hizpide bakarra. Nabarmenki preziatu zuen dena. Lagun onen gisara banandu ginen.

        Ez dakit non bizi zen. Bakardadean biziko zela pentsatu nuen. Irudikatzen dut anarkistek ez dutela familiarik; ez, behintzat, antolamendu sozial hori ulertzen dugun moduan. Familiatan antolatzeak giza izaeraren premia bati erantzun liezaioke, baina azken batean legean oinarrituta dago, eta honenbestez gauza higuingarri eta ezinezkoa behar du izan anarkista batentzat. Nik ez ditut anarkistak ulertzen, ordea. Halako... halako sineskera duen gizonak anarkista izaten jarraitzen ote du balearrik dagoenean, erabateko bakardadean eta ohera doanean, esaterako? Burua burkoan ezarri, tapakiez estali eta lo geratzen ote da frantsesek argotez chambordement général esaten dioten eztanda orohartzaile hori betiere gogoan duela? Eta hala bada, nola liteke? Ziur naiz halako sineskera (edo halako fanatismoa) nire gogoaz nagusituko balitz, ezingo nintzatekeela sekula lasaitu lo egiteko, edo jateko, ezta eguneroko bizitzan egiten ditugun errutinazko edozein gauza egin ahal izateko ere. Ez nuke nahiko emazterik ez haurrik; nik uste ezingo nukeela lagunik izan; eta brontze eta portzelanak bildumatzeari dagokionez, guztiz pentsaezina izango litzatekeelakoan nago. Baina ez dakit. Dakidan gauza bakarra da X jaunak ni ere joaten nintzen jatetxe oso on batean egiten zituela otorduak.

        Buru-hutsik zegoenean, ile orraztuak eraturiko zilar-mototsak osatu egiten zion ertz hezurtsu eta hobi sakonez beteriko fisionomia, espresio sorgor perfekto hartaz estalitakoa. Eskumutur zuri handietatik irteten ziren esku arre argalak batera eta bestera ari ziren ogia puskatzen, ardoa zerbitzatzen eta abar, zehaztasun mekaniko isil batez. Nola burua hala mahaizapiaren gainetik geratzen zen gorputz zatia mugiezintasun zurrun batez jota zeuden. Bazter-nahasle hark, sekulako asaldari hark nekez erakuts zezakeen berotasun eta bizkortasun gutxiagorik. Ahots zakarra zuen, hotz eta monotonoa, tonu baxukoa. Ezin esan pertsona berritsua zenik; baina jarrera lasai axolagabe hartaz bazirudien berdin-berdin jarrai zezakeela hizketan, edo solasa edozein unetan bertan behera utzi.

        Eta haren hizpidea ez zen batere topikoa. Niretzat, aitortu beharra daukat, suspergarria zen mahai baten inguruan hitz-aspertu bat egitea monarkia bati baino gehiagori hondamendia ekarri zien luma pozoitsu haren jabearekin. Hura denon ahotan zebilen gauza zen. Baina nik banekien gehiagorik. Europako ordena sozialaren zaintzaileek gehienez susmatu edo lausoki hauteman besterik egiten ez zutena, segurtasun osoz nekien nik, nire lagunak esana.

        Ezkutuko bizitza esan niezaiokeena bizi izandako gizona baitzen. Eta arratsak joan arratsak etorri afaltzean aurrez aurre izaten nuenez, guztiz normala zen nire jakinmina horren inguruan piztea. Zibilizazioaren produktu lasai eta bakezalea naiz, eta bildumatzea da ezagutzen dudan grina bakarra, bitxiak diren gauzak bildumatzea, munstrokeriara hurbiltzen badira ere betiere bikainak direnak. Txinako zenbait brontzelan munstrokeria ederrak dira. Eta han (nire lagunaren bildumatik aterata), munstro bitxi tankerako zerbait neukan aurrean. Egia zen, bai, munstro hura ongi hezia eta are bikaina ere bazela. Halakoa zen haren izaera berebiziko eta lasaia. Ez zen brontzezkoa, ordea. Ezta txinarra ere, nahiz hura lagungarria izan zitekeen gizonari arraza-desberdintasunaren golkoaren beste muturretik naretasunez behatzeko. Bizirik zegoen, europarra zen; gizarte onaren molde onak zituen, nireak bezalako beroki eta kapela zeramatzan soinean, eta sukaldaritzan nirearen antzeko gustua zuen. Izugarria zen hartaz pentsatzea.

        Halako arrats batean, elkarrekin hizketan ari ginela, honako hau esan zuen bidenabar: «Ezin da gizateriarentzat aurrerabiderik espero, terrore eta indarkeriaren bidez izan ezean».

        Irudika daiteke halako esaldi batek, halako gizon baten ahotik irtenda, zer nolako eragina izan zuen ni bezalako pertsona batengan, zeinentzat bizitzari buruzko ikusmolde osoa balio sozial eta artistikoen arteko diskriminazio sotil eta delikatuan baitatza. Irudikatu! Norengan eta ni bezalako batengan, zeini indarkeria mota eta forma guztiak kondaira eta ipuinen norabidea era fantastiko batez baldintza dezaketen erraldoi, ogro eta zazpi buruko hidrak bezain irrealak iruditzen zitzaizkion!

        Bat-batean, jatetxe distiratsuko buila eta zarata alaiaren gainetik jendetza goseti eta matxinatu baten murmurioa entzuten nuela iruditu zitzaidan.

        Irudimentsua eta hunkitzen erraza izango naiz ausaz. Iluntasunezko ikuspen asaldagarria izan nuen, masailezur argal eta begi irtenez beterikoa, leku hartako ehun bat argi elektrikoren artean. Baina nolabait ikuspen hark haserretu ere egin ninduen. Gizon hain lasai hura ogi pusketak egiten ikusteak neure onetik ateratzen ninduen. Eta egundoko ausardia bilduz galdetu nion berak matxinada eta indarkeria predikatu zizkion Europako proletariotza gosetia nolatan ez zen sutan jartzen beraren bizitza nabarmenki luxuzkoaren aurrean. «Honen guztiaren aurrean», esan nion eztenkari, gela osoa eta afaritarako normalean banatzen genuen champagne botila begiradapean hartuz.

        Soraio jarraitu zuen.

        «Haien lan gogorretik eta haien bihotzen odoletik bizi al naiz? Espekuladore edo kapitalista al naiz? Goseak hiltzen dagoen jendeari eginiko lapurretatik al dator nire dirutza? Ez! Haiek ondotxo dakite. Eta ez didate inongo inbidiarik. Herri-masa zorigabea eskuzabala da bere buruzagiekiko. Irabazi dudana neure idazlanei esker irabazia da; ez dator gosetiei eta zapalduei dohainik banatutako milioika panfletoetatik, bapo jandako burgesiari saldutako ehun milaka aleetatik baizik. Badakizu nire idazkiak boladan egon zirela garai batean; mirespen eta beldurrez irakurtzekoak ziren, nire iritzien aurrean mirespena sentitzeko... edo nire umorearen aurrean barrez lehertzeko».

        «Bai», onartu nuen. «Gogoratzen naiz, noski; eta argi eta garbi aitortu behar dut ez dudala apeta hura inoiz ulertu».

        «Oraindik ez al dakizu», jarraitu zuen, «giza klase alfer eta berekoi batek izugarri atsegin duela gauza kaltegarriak gertatzea, baita bere kontura gertatzen badira ere? Bere bizitza pose eta itxurez beteta dagoenez, ezin da konturatu benetako mugimendu batek eta hitz tolesgabeek nolako indarra eta arriskua duten. Dibertimendua eta hedonismoa besterik ez dute buruan. Adibidez, nahikoa da ikustea nolako jarrera hartu zuen Frantziako aristokrazia zaharrak Iraultza Handia iragartzen zuten autoreen aurrean. Ingalaterran ere, nahiz bertan ganorako jendea aurkitu, demagogo batek nahikoa ozen eta nahikoa luze oihukatzea aski du, iraintzen ari den klasean bertan norbaiten laguntza aurkitzeko. Zeuk ere atsegin duzu gauza kaltegarriak gertatzea. Demagogoak emoziozaleak bereganatzen ditu. Honetan eta horretan eta bestean zaletasuna izatea denbora pasatzeko modu zoragarria eta erraza da eta nork bere banitatea —etziko ideiekin bat egiten dugulako banitate ergela— elikatzeko. Berdin gertatzen da jende on eta guztiz kaltegabea estasi bizian jartzen denean zure bildumaren aurrean haren zoragarria benetan zertan datzan piperrik jakin gabe».

        Burua makurtu nuen. Aditzera ematen ari zen egia tristearen erabateko ilustrazioa zen. Mundua horrelako jendez beteta dago. Eta Frantziako aristokraziak Iraultzaren aurrean izandako jarrera aipatzea ere oso esanguratsua zen. Ezin nuen hark esandakoa ukatu, nahiz eta haren zinismoak —ezaugarri atsegaitza betiere— balio asko kentzen zion nire gogoan. Hala ere, esan beharra daukat hunkitu egin ninduela. Eztabaidarako atea zabalduko ez zuen zerbait esateko premia sentitzen nuen, erabateko adostasuna adierazi gabe.

        «Ez duzu bada esan nahiko», ohartarazi nion axolagabeki, «muturreko iraultzaileek halako jende apetatsuaren laguntza aktiboa inoiz jaso dutenik, ezta?»

        «Esan berri dudanaz ez nuen zehazki hori adierazi nahi. Orokorrean ari nintzen. Baina galdera egin didazunez, esan behar dizut, ohartuki nahiz oharkabean, gisa horretako laguntza eman izan zaiela jarduera iraultzaileei zenbait herrialdetan. Baita herrialde honetan ere».

        «Ezinezkoa da!», protesta egin nuen irmo. «Suarekin jolasten ez gara mutur horietaraino iristen».

        «Hala ere, beharbada beste batzuek baino aiseago egin ahalko zenukete. Baina utzidazu esaten emakume gehienak, suarekin jolasteko beti prest ez egon arren, eskuarki gustura jolastuko liratekeela pindarren bat edo besterekin».

        «Txantxetan ari zara, ala?», galdetu nion irribarrez.

        «Hala izatekotan, ez naiz konturatu», esan zuen espresiorik gabe. «Adibide batez pentsatzen nengoen. Badaude larriagoak, ez ezazu uste...

        Hura entzutean aiduru geratu nintzen. Askotan saiatua nintzen haren alde ezkutua, nolabait esateko, desestaltzen. Hitzez hitz ere aipatu izan genuen. Baina beti topatu nuen aurrean haren lasaitasun ikergaitza.

        «Eta aldi berean», jarraitu zuen X jaunak, «ideia bat izango duzu halako atseginez lan ezkutua deitzen diozun horretan sor daitezkeen zailtasunei buruz. Tarteka zaila izaten da haiek gainditzea. Gauza jakina da afiliatuen artean ez dagoela inolako hierarkiarik. Inolako sistema zurrunik».

        Nire harridura handia izan zen, iraupen laburrekoa baina. Argi zegoen muturreko anarkisten artean ezinezkoa zela edonolako hierarkia, ezinezkoa edozein lehentasun-legeren antzeko ezer. Anarkisten artean anarkia behinena zela pentsatzea kontsolagarria ere bazen. Izan ere, hartara ezinezkoa zen eraginkortasuna.

        X jaunak bihotz-zimikoa eragin zidan kolpetik galdetu zidanean, «Ezagutzen al duzu Hermione kalea?»

        Burua astindu nuen baiezka dudatia adieraziz. Azken hiru urteotan inork antzik ez emateko moduan zaharberritu dute Hermione kalea. Izena existitzen da oraindik ere, baina garai bateko Hermione kaletik ez da adreilu zein harri bakar bat ere geratzen. Kale zaharraz ari zen, honela jarraitu baitzuen:

        «Ezkerrean bi oineko adreiluzko etxe errenkada zegoen, eta haien atzealdeek eraikin publiko handi baten hegalera ematen zuten, gogoratuko zara. Asko harrituko al zinateke esango banizu etxe haietako bat behinola propaganda anarkistaren eta zuk ezkutuak deituko zeniekeen jardueren zentroa izan zela?»

        «Inola ere ez», adierazi nion. Ondo gogoratzen banintzen, Hermione kalea ez zen inoiz bereziki agurgarria izan.

        «Gobernuko funtzionari goren bat zen etxearen jabea», gaineratu zuen, bere chainpagneari hurrupada bat emanez.

        «Hara!», esan nuen, oraingoan hitzik ere sinetsi gabe.

        «Bera ez zen han bizi, noski», jarraitu zuen X jaunak. «Baina hamarretatik laurak arte aldamenean egoten zen gizon prestua, aipatu dizudan eraikin publikoaren hegalean zeukan gela pribatu ongi hornituan. Guztiz zehatza izatekotan, argitu beharko nuke Hermione kaleko etxe hura ez zela benetan harena. Haren ume haziak ziren jabeak, alaba eta semea. Neska, gorputz lirainekoa, ez zen inolako eder arrunta. Adinak bakarrik ezin argi zezakeen xarma pertsonalari berotasuna, independentzia eta pentsamendu ausartaren itxura seduzitzailea gaineratzen zitzaion. Pentsatzen dut itxura haiek egiten zituela soineko ikusgarriak janzten zituen bezala, eta arrazoi berarengatik: bere nortasuna kosta ahala kosta nabarmentzeko. Badakizu emakumezkoak ia edozein muturretara iritsiko liratekeela halako helburua lortzearren. Hura oso urrutira iristen zen. Bereganatuak zituen konbikzio iraultzaileei zegozkien keinu guztiak: berea zen klase sozialaren bizio antihumanitarioen aurkako erruki, haserre eta sumindurazko keinuak. Hura guztia zen haren nortasun harrigarriaren partea, haren soineko orijinal samarrak bezala. Apur bat orijinalak bakarrik, txiroen ugazaba bapo jandakoen konformismoaren aurka protesta egiteko behar zen neurrian. Nahikoa zena, ez gehiago. Ez zatekeen egokia izango norabide hartan urrutiegi joatea, ulertzen duzu, noski. Baina emakume heldua zen, eta ezin zion ezerk eragotzi etxea langile iraultzaileei eskaintzea».

        «Ez da egia izango!», oihu egin nuen.

        «Benetan diotsut», esan zuen, «detaile oso praktiko hori izan zuela. Nola eskuratu behar zuten, bestela? Kausak ez du dirurik. Areago, zailtasunak agertuko ziren edozein etxe-agenterekin, erreferentziak-eta eskatuko zituelako. Hiriko auzo txiroetan ari zirela (badakizu duela urte batzuk boladan zeudela karitate eta laguntza pertsonalezko halako keinuak), berarekin harremanetan jarri ziren lagunek esker onez onartu zuten. Lehenbiziko abantaila izanik Hermione kalea, dakizun bezala, poliziak bereziki zaintzen dituen hiriko auzo susmagarrietatik urruti dagoela».

        «Etxearen behean jatetxe italiar txiki bat zegoen, ziztrin samarra. Ez zen inongo eragozpenik izan jabeari erosteko. Taldeko emakume eta gizon batek hartu zuten. Gizona sukaldari izandakoa zen. Taldekideek bertan egiten zituzten otorduak, bestelako bezeroen artean arreta deitu gabe. Hura beste abantaila bat zen. Goiko solairuan Barietate-Artisten Agentzia zirtzil bat zegoen; badakizu, maila apaleko music-halletan lan egiten dutenentzako agentzia. Tipoak Bomm zuen izena, gogoan dut. Ez genuen eragozten. Onuragarria zen, kaltegarria bainoago, itxura arrotzeko jende asko agertzea, bi sexuetako malabaristak, akrobatak, kantariak etabar egun osoan zehar sartu-irtenak egiten. Izan ere, poliziak ez zien erreparatzen aurpegi berriei. Garai hartan, gauza komenigarria, goiko solairua hutsik egoten zen».

        Xek eten bat egin zuen, eta mugimendu neurtuez eta aurpegiera aldatu gabe eraso zion zerbitzariak mahaira ekarri berri zuen bombe glacéeari. Arreta handiz irentsi zituen gozagarri izoztuko goilarakada batzuk, eta gero galdetu, «Aditu al duzu inoiz Stone Zopa-Hautsei buruz?»

        «Zeri buruz?»

        «Janari-artikulu bat zen», jarraitu zuen Xek lasai, «garai batean iragarki asko agertzen ziren egunkarietan, baina nola edo hala ez zuten inoiz irabazi jendearen estimua. Enpresak hondoa jo zuen, hemen esaten duzuen bezala. Haien akzio-paketeak enkantean saldu ziren librako penike batean baino dexente merkeago. Taldeak haietako batzuk erosi zituen, eta goiko solairuan Stone Zopa-Hautsen agentzia bat zabaldu. Negozio guztiz errespetagarria. Hauts hori bat zen, itxura izugarri atsegaitzekoa, eta poto handi laukitan sartu ondoren sei potoko kaxatan paketatzen ziren. Inork eskariren bat egiten bazuen bete egiten zuten, noski. Baina hautsaren abantaila zen barruan oso erraz ezkuta zitekeela edozein gauza. Noizean behin kaxa bereziren bat kargatzen zuten kamioira, norabait esportatzeko, kantoian zegoen poliziaren aurre-aurrean. Ulertzen?».

        «Uste dut baietz», esan nuen, platerean astiro urtzen ari ziren bombearen hondarrak buru-astindu adierazkor batez seinalatuz.

        «Hori bada. Baina kaxak beste modu batean ere baziren baliagarri. Sotoan, edo atzealdeko sotoan, zehatza izatearren, bi inprenta-prentsa ipini zituzten. Literatura iraultzaile ezin sutsuagoa irten zen etxe hartatik Stone Zopa-Hautsen kaxetan. Neskato anarkista haren nebak aurkitu zuen zer eginik han. Artikuluak idatzi, tipoak ezartzen eta orriak bereizten lagundu, eta orohar lagundu egiten zion bertako arduraduna zen Sevrin izeneko gazte oso trebe bati».

        «Taldearen izpiritu gidaria iraultza sozialaren fanatiko bat zen. Hilik dago orain. Benetako jeinua zen grabatu eta akuaforte kontuetan. Ikusi behar izan duzu haren lana. Egunotan eskari handian dago zenbait zaleturen aldetik. Bere antzean iraultzailea izaten hasi zen, eta emaztea eta haurra beharrean eta miserian hil ondoren, iraultzaile politiko gisa amaitu zuen. Burgesiak —bapo jandako harroputz horiek— hil zituztela esan ohi zuen berak. Hartaz benetan sinetsita zegoen. Bere artea lantzen jarraitu zuen, eta bizitza bikoitza eramaten. Luzea zen, flako eta beltzarana, eta bizar arre luzea eta begi sakonak zituen. Topatu behar izan duzu. Horne zuen izena».

        Hura aditzean benetan aztoratu nintzen. Egia zen, bai, urte batzuk lehenago Horne topatu egiten nuela hor barrena. Kapela luze zaharra kaskoan, lepoko gorria eztarri inguruan, eta beroki zarpail goraino lotua soinean zeramatzala, ijitu zakar eta indartsua zirudien. Sutsuki mintzatzen zen bere arteaz, eta eromeneraino eraman zezakeela zirudien estuasuna erakutsiz. Jakitun talde txiki batek preziatzen zuen haren lana. Nork pentsatuko zuen gizon hura... Txundigarria! Baina hala ere, azken batean ez zen hain sinesgaitza.

        «Ikusten duzunez», jarraitu zuen Xek, «talde hark baldintza ezin hobeetan eraman zezakeen aurrera propaganda lana, baita bestelako lan mota ere. Eskarmentu handiko gizon erabakiak ziren, molde gorenekoak. Eta hala ere, epe luzean gauza batek harritzen gintuen, alegia, Hermione kalean prestatutako planek gehien-gehienetan huts egiten zutela».

        «Nor harritzen zuen?», galdetu nion nahita.

        «Brusselan muinaren muinean geundenok», esan zuen arrapaladan. «Hermione kalean sortutako edozein indar ekintzak porrotera kondenatuta ematen zuen. Beti gertatzen zen zerbait, Europako edozein bazterretan gauzatu beharreko ekintza planifikatuenak ere hondatzen zituena. Jarduera handiko garaia zen. Ez duzu uste behar gure hutsegite guztiak ozenki adierazten direnik, atxilotze eta epaiketekin. Ez da horrela. Poliziak isil-isilean egiten du lan maiz, ia ezkutuan, gure konspirazioak kontrako plan argiez deuseztatuz. Atxiloketarik gabe, zaratarik gabe, iritzi publikoa aztoratu gabe eta grinarik pizteke. Prozedura zuhurra da. Baina garai hartan poliziak ez zuen hutsik egiten Mediterraneotik Baltikoraino. Asaldagarria zen eta arriskugarria izaten ere hasi zen. Azkenean ondorioztatu genuen fidatzekoa ez zen elementuren bat egon behar zuela Londreseko taldeetan. Eta hona etorri nintzen zalapartarik gabe zer egin zitekeen ikustera».

        «Nire lehen urratsa izan zen geure Dama Anarkiazaleari bisita egitea beraren etxean. Abegi ezin hobea egin zidan. Ebaki nuen ez zekiela Hermione kaleko etxearen goiko solairuan gertatzen ziren jarduera kimiko eta bestelakoen berri. Bazirudien bertan gertatzen zen «jarduera» bakarra literatura anarkistaren inprimatzea zela haren ustez. Distira handiz ari zen zabaltzen berotasun larregiaren ohiko zeinuak, eta jadanik idatzia zuen konklusio ankerreko iritzi-artikulu andana ederra. Ikusten nuen izugarri gozatzen ari zela, muturreko seriotasunaren zeinu eta imintzio guztiez lagunduta. Ongi zihoazkien haren aurpegi zabal eta begi handiei, eta estilo ohigabe eta egokiz orraztutako ile oparo gaztainkaraz koroatuta zegoen buru ongi proportzionatu haren itxura atseginari. Neba ere gelan zegoen; bekain gakotuko gazte serio korbata gorridunak arreta deitu zidan, erabateko ilunbetan zebilelako munduko gauza guztiei buruz, bere burua barne. Ondoren gazte luze bat sartu zen. Bizarra egin berria zuen, masailezur indartsuak urdinkarak zeuzkan eta halako aire bitxi bat zuen, aktore uzkur batena edo apaiz fanatiko batena: badakizu, bekain lodi beltzak izaten dituzten horietakoa. Hala ere oso ongi hezia zen. Eskua irmo tinkatu zion berehala gutako bakoitzari. Neska niregana hurbildu eta eztiki xuxurlatu zidan «Sevrin kamarada»».

        «Inoiz ikusi gabea nuen. Ez zuen guri esateko gauza askorik, baina neskaren alboan eseri zen, eta laster ekin zioten solas grinatsuari. Neska besaulki sakon batean eserita zegoen, eta aurrera makurtu zen, bere kokots biribil polita esku zuri eder batean hartuz. Mutilak arretaz so egiten zion begietara. Jarrera gorteiatzearena zen, gorteiatze serioa, bizia, hilobi-ertzean egindakoa bezala. Ziur aski neskak beharrezkotzat joko zuen ideia aurreratu eta legegabetasun iraultzailearen bere jarrera osatu eta biribiltzea, anarkista batez maiteminduta zegoen itxurak eginez. Eta hura, esana dut, oso molde onekoa zen, bekoki ilun fanatikoa gorabehera. Haiei zenbait begirada ezkutu bidali ostean ez nuen dudarik egin mutila zinez ari zela. Neskaren keinuak, berriz, urrunak ziren, gauza zehatza adierazi gabe bazegoen han duintasun, eztitasun, apaltasun, lilurapen, amoremate eta uzkurtasunaren iradokipen nahasia. Gorteiaketa mota zehatz hark nolakoa izan behar zuen antze landu batez interpretatzen zuen. Eta une hartan bera ere zinez ari zen zalantzarik gabe. Keinuak... baina zein perfektoak!»

        «Gure Dama Anarkiazalearekin bakarrik geratu nintzenean, nire bisitaren helburua jakinarazi nion arreta handiz. Gure susmoen berri eman nion hitz-erdika. Hari buruz zer esan behar zuen aditu nahi nuen, eta agian errebelazio inkontzienteren bat esango zidala ere erdi-espero nuen. «Gauza larria da», esan zuen bakarrik, aurpegi xarmangarriro kezkatu eta serioa jarriz. Baina begietan zeraman txinpartak argi eta garbi adierazten zuen «Zein kitzikagarria!». Izan ere, hitzez ez beste gauzez ezer gutxi zekien. Edonola ere, Hornerekin harremanetan ipiniko ninduela agindu zidan, hura topatzea zaila baitzen Hermione kaletik kanpo, baina une hartan ez nuen oraindik bertan azaldu nahi».

        «Hornerekin izan nintzen. Hura ere fanatiko galanta zen bere modura. Brusselan iritsi ginen ondorioa azaldu nion, eta hutsegite-zerrenda esanguratsua aipatu. Hari lekuz kanpoko odolberoz erantzun zion:

        «Esku artean dudanak izua barreiatuko du tripazain alu horien bihotzean».

        «Eta kontatu zidan beste zenbait lagunekin batera etxe hartako soto batean induskatze lanetan ari zela, lehen aipatu dudan eraikin publiko handiaren kriptarekin egin zutela topo. Materialak prest egon bezain laster, hegal osoaren leherketa gauza ziurtzat eman zitekeen».

        «Ideia ergel hura aditzeak normalean izutu egingo nindukeen, baina Hermione kaleko gure egoitzaren erabilgarritasuna kili-kolo zegoen jadanik. Egia esan, nire ustez ordurako poliziaren segada hutsa baitzen hura, beste edozer baino gehiago».

        «Orain behar-beharrezkoa zen jakitea zerk, edo hobeto esanda nork ez zuen funtzionatzen, eta nola edo hala moldatu nintzen ideia hura Horneri buruan sartzen. Tinko so geratu zitzaidan, txundituta, sudur-hegalak dardara bizian airean traizioa usnatuko balu bezala».

        «Eta orain datorrenak zur eta lur utziko zaitu zalantzarik gabe antzerki-baliabide gisa. Baina zer egin nezakeen bestela? Fidatzekoa ez zen taldekidea aurkitu behar, han zegoen koxka. Baina denak ziren berdin susmagarri. Den-denak zaintzapean jartzea ez zen oso praktikoa. Gainera, prozedura horrek huts egiten du sarri. Bestela ere, luze irauten du, eta arriskua hurbil zegoen. Ziur nengoen poliziak azkenean sarekada egingo zuela Hermione kaleko egoitzan, baina argi zegoen halako konfiantza zutela beren salatariarengan, non artean etxea ez baitzegoen zaintzapean ere. Hornek segurtasun osoa zuen hartaz. Egoera kontuan hartuz, ez zen sintoma ona. Zerbait egin behar zen agudo».

        «Sarekada neronek antolatzea erabaki nuen. Ulertzen? Fidagarriak ziren beste zenbait kiderekin poliziaren papera egingo genuen. Konspirazio barruko konspirazioa. Ikusten duzu, noski, zein zen helburua. Nire itxaropena zen salataria atxilotzera gindoazen unean hark nolabait bere burua salduko zuela; egintza zuhurgaberen bat eginez, edo besterik gabe portaera axolagabea erakutsiz, esaterako. Bazegoen noski erabat oker ateratzeko arriskua, baita txikiagoa ez zen beste arrisku bat ere, hots, istripu larriren bat gertatzea, agian aurka egitean, edo ihes egiteko saioan. Zeren eta, erraz ulertuko duzun bezala, Hermione kaleko taldea guztiz ustegabean harrapatu behar genuen, nire ustez luze gabe benetako poliziak harrapatuko zuen bezala. Salataria haien artean zegoen, eta Horneri bakarrik desestali ahal izango nion plana».

        «Ez naiz nire prestalanen xehetasunetan sartuko. Ez zen oso erraza izan dena antolatzea, baina ondo atera zen, efektu guztiz sinesgarria sortuz. Sasi-poliziek jatetxeari eraso zioten, eta bertako kortinak berehala jaso. Sorpresa erabatekoa izan zen. Hermione kaleko taldekide gehienak bigarren sotoan zeuden, eraikin publiko handiaren kriptara zeraman zuloa zabaltzen. Lehen alarmarekin batera, zenbait kamaradak beren burua hertsi zuten aipatu kriptan, eta jakina, sarekada benetakoa izan balitz, bertan harrapatuko zituzketen denak. Hasiera batean ez ginen haietaz arduratu. Guztiz kaltegabeak ziren. Goiko solairuan urduri samar jarri ginen Horne eta biok. Han, Stone Zopa-Hautsezko potoz inguratuta, kamarada bat zegoen, ezizenez Profesorea jarri ziotena (zientzia-ikaslea izandakoa zen, nonbait), detonagailu berezi batzuk hobetzeko proba-lanetan. Gizontto zurbil hura, adigabetu samarra zirudien eta bere buruaz segurua, betaurreko biribil handi batzuk zeramatzan eta beldur izan ginen susmo txarren bat hartu eta ez ote zuen bere burua, baita etxe osoa ere, lehertaraziko. Korrika igo nituen eskailerak, eta ate ondoan aurkitu nuen, erne, adi entzuten, berak zioen bezala, «behetik zetozen hots susmagarriak». Zer gertatzen ari zen argitzen bukatu baino lehen sorbaldak destainez altxatu eta bere balantza eta saiodietara itzuli zen. Muturreko iraultzaile baten benazko izpiritua zuen. Lehergaiak ziren haren fede, itxaropen, arma eta ezkutua. Pare bat urte beranduago hil zen, laboratorio ezkutu batean detonagailu hobetu haietako bat behar baino lehenago lehertu zenean».

        «Korrika jaitsi nintzen ostera, eta irudi zirraragarria aurkitu nuen soto handiko ilunbean. Inspektorea antzezten zuen gizona (ez zen gaizki geratzen bere paperean) zakar ari zen hizketan, bere meneko faltsuei prisonariak eramateko agindu faltsuak ematen. Argi zegoen ordura arte ez zela gauza berezirik gertatu. Horne, goibel eta beltzaran, zain zegoen besoak gurutzatuta, eta haren itxarote egonarrizko eta malenkoniatsuak bazuen egoerari ongi moldatzen zitzaion halako aire estoiko bat. Hermione kaleko taldeko bat ezkutuan papertxo bat murtxikatzen eta irensten sumatu nuen ilunbean. Idazki konprometagarriren bat, pentsatu nuen; agian izen eta helbide batzuk besterik ez. Benetako kamarada fidagarria zen hura. Baina gure sentimenduen hondoan zelatan egoten den malizia ezkutuaren eraginez batere beharrezkoa ez zen egintza hura jostagarria iruditu zitzaidan».

        «Bazirudien gainerakoan esperimentu arriskutsuak, coup teatral hark, hala deitu nahi badiozu, kale egin zuela. Enganioari ezingo zitzaion askoz luzaroago eutsi; eta gauzak argitzeak egoera aztoragarria, baita larria ere, ekarriko zuen. Papera jan zuen gizona sutan jarriko zen. Beste aldeko kriptan hertsi ziren kideak ere haserre egongo ziren».

        «Nire arnegua areagotzeko, bi inprenta-prentsak zeuden sotora ematen zuen atea kolpetik zabaldu zen, eta han agertu zen gure dama iraultzailea, zilueta beltza soineko estu eta kapela handi batez jantzia, gas-garraren distira atzean zeukala. Haren sorbaldaren atzean nebaren bekain gakotu eta korbata gorriari antzeman nien».

        «Tenore hartan ikusi nahi nituen azken pertsonak! Arrats hartan jende behartsuak gozatzeko antolaturiko kontzertu amateur horietako batera joanak ziren; baina arreba tematu zen goiz etxeratu behar zutela, bidean Hermione kaletik pasatzeko eginbeharren baten aitzakiarekin. Haren ohiko lana Alarma-kanpaia eta Asaldaria aldizkarien italiar eta frantziar edizioen frogak zuzentzea izaten zen»....

        «Ene bada!», murmurikatu nuen. Behin erakutsi zizkidaten argitalpen haien kopia batzuk. Nire ustez ez zegoen neskato baten begietarako gauza desegokiagorik. Alor hartako gauza aurreratuenak zeuden han; aurreratuak, diot, zentzu eta dezentziaren muga guztietatik at zeudelako. Haietako batek lotura sozial eta domestiko guztien haustea aldarrikatzen zuen; bestea hilketa sistematikoen aldekoa zen. Gogoan nituen esaldi higuingarrien zerrendan barrena neska bat lasaitasunez inprimaketa akatsak bilatzen jardutea bateraezina iruditzen zitzaidan emakumetasunaz nuen irudiarekin. Niri so geratu ondoren, X jaunak aurrera jarraitu zuen.

        «Hala ere, uste dut batez ere Sevrin liluratzera zetorrela, eta haren gorazarrea hartzera bere erregin-aire barkatzaileaz. Biez jabetzen zen —bere indarraz eta haren gorazarreaz—, eta biak gozatzen zituen, nire ustez erabateko inozentziaz. Taktikoki zein moralki desegokienak gara horren kariaz berarekin liskartzeko. Emakumeari xarma eta gizonari adimen gorena suposatzen zaizkie. Ez al da hala?»

        Neure jakinmina zela medio, ez nuen adierazi nahi izan halako doktrina libertinoak nigan sortzen zuen higuina.

        «Baina zer gertatu zen orduan?», presatu nintzen galdetzen.

        Xek ogi-puskatxo bat ezker eskuaren mugimendu axolagabeez astiro papurtzen jarraitu zuen.

        «Ba hauxe gertatu zen», aitortu zuen, «neskak egoera salbatu zuela».

        «Alegia, fartsa nahiko siniestro hura amaitzeko aukera eman zizula», iradoki nuen.

        «Bai», esan zuen, bere planta sorgorrari eutsiz. «Fartsa laster bukatuko zen. Eta une batzuetan bukatu zen. Baita ondo bukatu ere. Neska sartu izan ez balitz, agian gaizki bukatuko zen. Nebak ez zuen kontatzen, noski. Zera, pixka bat lehenago isilean sartuak ziren etxean. Inprenta-sotoak sarrera berezkoa zeukan. Han inor aurkitu ez zuenez, frogak zuzentzeari ekin zion, Sevrin edozein unetan lanera itzuliko zelakoan. Ez zen itzuli, ordea. Egonarria galdu zuen, eta jakina, sotoko iskanbilaren hotsak iritsi zitzaizkionean, bertara abiatu zen zer gertatzen zen jakin nahian».

        «Sevrin gurekin zegoen. Hasieran iruditu zitzaidan sarekada jasandako taldekide harrituena zela. Une batez txundiduraz paralizatuta bezala geratu zen. Bere lekuan errotuta egon zen. Ez zuen zirkinik egin. Gasezko gar bakar batek distiratzen zuen haren buruaren alboan; gainerako argi guztiak itzali zituzten lehen alarmarekin batera. Eta gutxi barru, nire bazter ilunetik, aktore aurpegian harridura eta arneguzko arreta-keinua marrazten zitzaiola erreparatu nuen. Bekoki iletsua zimurtu zuen. Ahoaren muturrak destainez jaitsi zituen. Haserre zegoen. Ziur aski konturatu zen dena faltsua zela, eta damutu egin nintzen hasiera-hasieratik harengan nire erabateko konfiantza jarri ez izanaz».

        «Baina neska agertu zenean, Sevrin nabarmenki izutu zen. Begien bistakoa izan zen. Prozesua ikus nezakeen. Bisaia bizkor eta harrigarriro mudatu zitzaion. Eta ez nekien zergatik. Haren arrazoia ez zitzaidan sekula otu. Gizonaren aurpegi-aldaera gehiegizkoak harritzen ninduen soilik. Argi zegoen ez zela konturatu neska beste sotoan zegoenik; baina hark ez zuen argitzen neskaren agerpenak eragin zion izualdia. Une batez sorgor bezala geratu zen. Ahoa ireki zuen, oihu egiteko bezala, edo agian harridurak bultzatuta bakarrik. Dena den, beste norbaitek oihu egin zuen. Pertsona hura lehentxeago paper zatia irensten ikusi nuen kamarada adoretsua zen. Odol hotz laudagarriz gaztiguzko garrasia egin zuen.

        «Polizia da! Atzera! Atzera! Segi atzera eta itxi giltzez atea!»

        «Aholku ezin hobea zen; baina atzera egin beharrean, neskak aurrera jarraitu zuen, neba aurpegiluzea ostean zeramala traje nasaiaz jantzita, proletariotza pozgabea entretenitzeko abesti komikoak kantatzen erabilitakoa, hain zuzen. Aurrera egin zuen, ez mezua ulertu ez balu bezala —«polizia» hitzak soinu berezia baitu—, saihestu ezingo balu bezala baizik. Ez zen aurreratu langile espezialista gizarajoen artean dabilen anarkiazale seinalatu baten pauso deslai eta nortasun irekiaz, baizik eta sorbaldak apur bat altxatuz, ukondoak soinaren kontra estutuak, bere baitara uzkurtu nahi bailuen. Begiak tinko iltzatuta zeuzkan Sevrinengan. Sevrin gizonarengan, pentsatzen dut; ez Sevrin anarkistarengan. Baina aurreratu egin zen. Eta gauza naturala zen. Independentzia berenganatu arren, klase horretako neskak bereziki babestuta daudela pentsatu ohi dute, eta ez dabiltza erratuta. Jarrera horri zor zaizkio egiten dituzten keinu ausarten hamarretik bederatzi. Aurpegia erabat marguldu zitzaion. Hilotz batenaren antzera. Poliziarengandik ihes egin behar duen pertsona mota zela hain gupidagabeki ulertaraztea ere! Uste dut haren zurbiltasunaren zergatia erresumina zela batez ere, nahiz eta, jakina, bazegoen orobat bere nortasun ukigabearekiko ardura, zakarkeriaren antzeko zerbaiten beldur zehazgabea. Eta, nola ez, gizon batengana jo zuen, lilurapen eta gorazarrea dedikatzen zizkion gizonarengana; ezein egoeratan inolaz ere ezin huts egin ziezaiokeen gizonarengana».

        «Baina», esan nuen, harrituta analisi haren aurrean, «benetakoa izan balitz, erreala —berak hala uste zuen—, zer espero zezakeen neskak Sevrinek egitea?»

        Xek ez zuen aurpegiko gihar bat bera ere mugitu.

        «Jainkoak daki. Pentsatzen dut izaki xarmagarri, eskuzabal eta independente hark ez zuela bere bizitza osoan ezagutu berezko gogoeta bakar bat; hau da, giza banitate txikiekin zerikusirik ez zeukan, edo ideia konbentzionalen batean oinarrituta ez zegoen gogoeta bakar bat. Dakidan gauza bakarra da urrats batzuk egin ondoren eskua luzatu ziola mugitzeko gai ez zen Sevrini. Eta hura bederen ez zen inolako keinua. Mugimendu naturala zen. Nork esan dezake Sevrinengandik zer espero zuen? Ezinezkoren bat egitea. Baina zernahi espero zuela ere —segurtasunez esan dezaket hau—, ez zen inoiz iritsiko Sevrinek, esku erregutzaile hark hain modu zuzenez harengana jo aurretik ere, hartutako erabakiaren mailara. Ez zen beharrezkoa. Neska sotoan sartzen ikusi zuen une beretik, Sevrinek erabakia baitzuen etorkizunerako bere baliagarritasuna sakrifikatzea, halako harrotasunez eramandako maskara ikergaitz ongi estutua eranztea...

        «Zer esan nahi duzu?», eten nion jarduna, zur eta lur. «Sevrin al zen, orduan...?»

        «Hain zuzen. Salataririk iraunkorrena, arriskutsuena, trebeena, sistematikoena. Traidoreen artean jeinua. Zorionez guretzat, bakarra zen. Tipoa fanatiko hutsa zen, esan dizudan bezala. Berriro ere zorionez guretzat, neska haren zeinu airos inozenteez maitemindua zen. Bere eginkizunean buru-belarri sartuta zegoen aktorea izanik, zeinu konbentzionalen balio erabatekoan sinetsi bide zuen. Halako segada batean sartzeari dagokionez, arrazoia izan behar du hainbeste arreta eskatzen duten bi sentimendu ezin direla bihotz batean aldi berean bizi. Beste aktore inkontziente haren eraginak senik gabe utzi zuen, zorroztasun zein adimenik gabe. Areago, hasieran autokontrola ere galdu egin zuen. Baina laster berreskuratu zuen, segituan zerbait egiteko premiak —berak hala ikusten baitzuen— bultzatuta. Zer egiteko? Ba neska etxe hartatik lehenbailehen atera. Hura egiteko irrika bizian zegoen. Esan dizut izuak hartuta zegoela. Ezinezkoa zen bere buruaz izututa egotea. Harrituta eta gogaituta geratu zen gertaera guztiz ustegabe eta goiztiar haren aurrean. Sutan ere jarri zela esan nezake. Ohituta zegoen bere traizioen azken ekitaldiak bere iraultzaile sona urratu gabe uzten zuen antze sotil sakon batez antolatzera. Baina niretzat argi geratzen da aldi berean ahalik eta onura gehiena ateratzea deliberatu zuela, maskarari atxikitzea, alegia. Neska ere etxean zegoela konturatu zenean bakarrik azaleratu zen guztia —lasaitasun behartua, bere fanatismoaren kontrola, maskara— izualdi gisa. Zergatik izualdia?, galdetuko didazu. Erantzuna oso erraza da. Gogoratu zen —edo beharbada ez zuen inoiz ahaztu— etxearen goialdean bakarrik zegoen Profesoreaz, Stone Zopa Hautsezko poto pilo baten artean bere ikerketak jarraitzen. Poto haietako gutxi batzuetan bazegoen han geundenok adreilu mordo baten azpian ehorzteko adina. Eta jakina, Sevrin jabetzen zen hartaz. Eta sinetsi behar dugu orobat gizon haren izaera zehatza ezagutzen zuela. Izan ere, halako hainbeste izaera aztertu zituen! Edo agian bere merezimenduak besterik ez zizkion aitortzen Profesoreari. Dena dela, logika hari jarraituz, bat-batean ahotsa ozendu zuen autoritatez:

        «Eraman neska berehalakoan».

        «Ahotsa ezin zakarrago atera zitzaion, emozio biziaren ondorioa, dudarik gabe. Amen batean pasa zitzaion. Baina zorigaitzeko hitz haiek karraka barregarri diskordante moduan atera zitzaizkion eztarri uzkurtutik. Ez zuten erantzunik eskatzen. Eginda zegoen. Hala ere, inspektorearena egiten zuen gizonak egoki iritzi zion zakarki esateari:

        «Segituan aterako da, gainerakoekin batera».

        «Eta haiek izan ziren afera hartako parte antzeztuari zegozkion azken hitzak».

        «Guztiaz eta guztioz ahaztuta, Sevrin gizonarengana abiatu eta berokiaren papar-hegaletatik heldu zion. Masail mehe urdinkaren azpian, masailezurrak elkar igurtzika zeuden».

        «Gizonak dauzkazu kanpoan zelatan. Esan neska etxera eraman dezatela. Aditu al duzu? Orain. Goian dagoen gizona atzeman baino lehen».

        «A! Gizon bat dago goian», egin zion burla besteak, argi eta garbi. «Tira bada, jaitsi egingo dugu honen amaiera ikus dezan».

        «Baina Sevrinek, bere onetik aterata, ez zion tonuari erreparatu».

        «Zer babalorek bidali zaituzte hona hanka sartzera? Ez al zenituzten argibideak ulertu? Ez al dakizue ezer? Sinestezina da. Tori...»

        «Eskuak berokiaren papar-hegaletatik askatu eta, bere bularraldera eramanez, alkandoran zerbaiten bila hasi zen eginahal bizian. Azkenean larru leunezko zorrotxo karratu bat atera zuen, ziur aski ukabiletatik dilindan zeukan xerrendatik eskapulario gisa zintzilikatuta eramango zuena.

        «Begiratu barruan», kirimikatu zuen, zorroa bestearen aurpegi aurrean jarriz. Eta segituan neskarengana jiratu zen. Hura atzean zegoen, zirkinik egin gabe eta isil-isilik. Haren aurpegi zuri hieratikoak lasaitasun irudipena ematen zuen. Baina tinko begira zituen begiek handiagoak eta ilunagoak ziruditen».

        «Sevrin bizkor mintzatu zen, segurtasun urduri batez. Argi eta garbi aditu nion aurki dena argituko ziola neskari agintzen. Baina hura besterik ez nuen ulertu. Neskaren ondoan zegoen, hura ukitzen saiatu gabe, ezta atxikarraren muturraz ere; neska begira zeukan itxura tentelez. Une batez, alabaina, betileak jaitsi zituen astiro, patetikoki, eta gero, betile luze beltzak masail zurbilen gainean, konortea galtzeko zorian zegoela eman zuen. Baina ez zuen balantzarik ere egin. Sevrinek ozen premiatu zuen jarrai ziezaion, eta sotoko eskaileren oinean zegoen aterantz abiatu zen atzera begiratu gabe. Eta, egia esatearren, neska aurreratu egin zen urrats bat edo bi. Baina noski, Sevrini ez zioten atera iristen utzi. Oihu haserreak izan ziren, eta borroka labur basatia. Tiraka bortitz baten ondorioz neskaren kontra joan zen, eta erori. Hark besoak jaitsi zituen etsita, eta alde batera egin zuen, Sevrinen burua ebitatzean honek bere zapataren ondoan zorua jo zuelarik».

        «Kolpeak eraginda, oihu laburra egin zuen. Zutitu zenerako, astiro, tentelduta, gauzen érrealitatera esnatu zen. Larruzko zorrotxoa jaurti zion gizonak bertatik atera zuen paper urdinkarako zerrenda estu bat. Begien aurrean eduki zuen eta, borrokaren ostean berriro aiduruzko isiltasun deseroso bat nagusitzen zenean, zorura bota zuen mesprezuz hitz hauek ebakiz: «Kamaradak, ez dut uste froga hau beharrezkoa zenik».

        «Gogoeta bezain bizkor, neska papertxoaren bila makurtu zen. Bi eskuez eusten ziola, begira geratu zitzaion; gero, begiak jaso gabe, atzamarrak astiro zabaldu eta erortzen utzi zuen».

        «Dokumentu bitxi hura gero aztertu nuen. Maila goreneko pertsona baten sinadura zeraman, eta Europako zenbait herrialdetako funtzionari gorenen zigilu eta kontrasinadurak ere bai. Haren negozioan —ala eginkizun deitu beharko ote nioke?— mota hartako talismana beharrezkoa izan zitekeen, dudarik gabe. Poliziarentzat berarentzat ere —buruzagiak izan ezik— Sevrin anarkista ospetsua besterik ez zen izan».

        «Burua umildu zuen, behe-ezpaina hozkatuz. Aldaketa bat gertatu zen harengan, bere baitarako naretasun gogoetatsu bat nagusitu zitzaion. Hala ere, arnasestuka zegoen. Aurpegia nabari mugitzen zitzaion, eta sudurzuloak zabaldu eta uzkurtu, kontraste bitxian bere itxura ilunarekin, meditatzen dagoen fraide fanatiko batena, baina haren aurpegian bazegoen ere bere paperaren exijentzia izugarriak bete nahian ari den aktorearen halako zerbait. Haren aurrean Horne deklamatzen hasi zen, zurbil eta bizardun, basamortuko profeta inspiratua bailitzan salaketa egiten. Bi fanatiko. Elkar ulertzeko eginak ziren. Harritzen al zaitu honek? Zer uste zenuen, horrelako jendea ahotik lerdea dariola elkarri oihuka hasiko zela?»

        Ez ninduela batere harritzen esan nion presaka; ez nuela halakorik uste; niretzat anarkistak pentsaezinak zirela, eta kitto, pentsaezinak mentalki, moralki, sentimentalki eta are fisikoki ere. Xek ohikoa zuen zurruntasunaz hartu zuen nire aitorpen hura, eta aurrera jarraitu.

        «Horne bokantza ederra erakusten ari zen. Mesprezuzko irainak jaurtitzen zizkion bitartean, malkoak itzuri zitzaizkion oharkabean begietatik eta bizar beltzean behera. Sevrinen arnasestuak areagotuz zihoazen. Ahoa zabaldu zuenean hitz egiteko, denek adi entzun zituzten haren hitzak».

        «Ez memelo izan, Horne», hasi zen. «Ondotxo dakizu nik hau egiteak ez duela zerikusirik jaurti dituzun arrazoiekin». Eta une batean haren kanpoaldeak arrokaren gogortasuna erakutsi zuen bestearen begirada sutsupean. «Planak hondatu dizkizuet, engainatu eta saldu egin zaituztet, baina konbikzioak bultzatuta».

        «Horneri bizkarra eman eta oraingoan neskari errepikatu zizkion hitzok: "Konbikzioak bultzatuta"».

        «Sinestezina zen neskaren itxura hotza. Pentsatzen dut ez zitzaiola bestelako keinurik otuko. Izan ere, halako egoera baten aurrekari gutxi izan litezke».

        «Eguna bezain argia», gaineratu zuen. «Ulertzen al duzu zer esan nahi duen? Konbikzioak bultzatuta».

        «Hala ere, neskak ez zuen zirkinik egin. Ez zekien zer egin. Baina gizagaixo zorigabeak zeinu eder eta egoki bat egiteko aukera emango zion».

        «"Konbikzio hori zurekin banatzeko indarra sentitu dut neure baitan", aitortu zuen sutsu. Bere buruaz ahaztuta zegoen; urrats bat egin zuen neskarenganantz, agian balantza izan zen. Niri iruditu zitzaidan makurtu egiten zela haren soinekoaren azpildura ukitzeko bezala. Eta orduan gertatu zen zeinu egokia. Neskak urrundu egin zuen gona haren ukitze kutsatutik, eta burua jiratu gorako keinu batez. Bikaintasun handiz egin zuen ohore garbizko keinu hura, orbanik gabeko anarkiazaletu noble baten duinekoa zen keinua».

        «Ezin zezakeen gauza hoberik egin. Eta bazirudien Sevrinek ere hala irizten ziola, berriro ere jiratu egin baitzen. Baina orduko hartan inoren aurrean jarri gabe. Atzera berriz izugarri arnasestuka ari zela, gerrontzeko patrikan haztatzen hasi zen lehiaz, eta gero eskua ezpainetara jaso zuen. Bazegoen mugimendu hartan ebaska ari denaren zerbait, baina justu ondoren aldatu egin zitzaion itxura. Arnasa neketsu hark itxaropenik gabeko lasterketa egin duen gizon baten tankera ematen zion; baina lasaitasunezko edo bat-bateko ezaxola sakoneko aire bitxi batek hartu zuen senperrenak eragindako atezuaren lekua. Lasterketa bukatu zen. Ez nuen ikusi nahi ondoren gertatuko zena. Ongiegi bainekien zer izango zen. Neska gaztearen besoa neurearen azpian hartu eta, hitzik esan gabe, eskaileretara abiatu nintzen harekin batera».

        «Neba atzean zetorkigun. Eskailera laburraren erdian irudi zuen neskak ez zeukala oina mailara igotzeko beste indarrik, eta tiraka eta bultzaka eraman behar izan genuen goraino. Korridorean barrena oinak herrestan ibili zen, nire besotik zintzilik, makur-makur egina emakume zahar bat bailitzan. Erdi zabalik zegoen ate batetik kale huts batera irten ginen, aldaroka, parrandazale tentelduen antzera. Izkinan lau gurpileko zalgurdi bat geldiarazi genuen, eta zaldizain zaharra bere kabinan jiratu eta destaina haserrez geratu zitzaigun so, neska sartzeko senperrenak egiten genituen bitartean. Ibilbide osoan bitan sentitu nuen haren sorbalda gainera erortzen, konortea ia galdurik. Aurrean genuen traje nasaiaz jantzitako gazteak muturik jarraitu zuen eta, giltza eskuan zuela jauzi egin zuen arte, posibletzat jotzen nuen baino geldiago egon zen».

        «Beren egongelako ate aurrean neska nire besotik askatu eta aurrena sartu zen, aulkiei eta mahaiei helduz. Kapelari eusten zion urkila askatu zuen, eta gero, lehertuta ahaleginaren ahaleginez, kapa artean sorbaldetatik zintzilik zeramala, besaulki sakon batean amildu zen, zeharka, burua kuxin batean erdi ehortzita. Neba zintzoa aurrean agertu zitzaion isilik baso bat urekin. Neskak ezezko keinua egin zuen. Nebak berak edan zuen, eta gero bazter urrun batera joan zen, isats-pianoaren atzera norabait. Orain erabateko isiltasunean zegoen gela hartan topatu nuen lehenbiziko aldiz Sevrin anti-anarkista, hantxe ikusi nuen bizitzaren esfera jakin batean efektu bikainekin sentimenduen lekua hartzen duten imintzio berebiziko eta heredatuen aurrean txunditu eta liluratuta. Litekeena da neskaren gogoetak oroitzapen berean lanpetuta egon izana. Sorbaldak bortizki dardaraka zeuzkan. Nerbio-atake hutsa. Baretu zenean irmotasun plantak egin zituen: «Zer egiten zaio gisa horretako gizonari? Zer egin behar diote?»

        «"Deus ez. Ezin diote deusik egin", lasaitu nuen, eta egia zen. Erabat sinetsita nengoen hil egin zela, eskua ezpainetara eraman zituen unetik hogei minutura asko jota. Zeren eta haren anti-anarkismo fanatikoa bere arerioen legezko mendekuari ihes egitearren patrikan pozoia eramateraino iristen bazen, banekien ongi arduratuko zela beharrezkoa zuenean huts egingo ez zion gairen bat aukeratzen».

        «Neskak arnasa hartu zuen, haserre. Gorriuneak zituen masailetan, eta distira sukartsua begietan».

        «"Jasan behar izan al du inork sekula hau bezain esperientzia izugarria? Eskutik heltzen zidala pentsatzen dudanean! Gizon horrek!" Dardara batek zeharkatu zion aurpegia, eta zotin patetiko bat irentsi zuen. "Inoiz ezertaz seguru egon banaiz, Sevrinen motibo nobleez izan da"».

        «Orduan negar isilari eman zitzaion, eta on egin zion. Gero, negar-uholdean barrena, eta nahiko suminduta, bota zuen, "Zer esan dit lehen?... Konbikzioak bultzatuta!" Burla gaiztoa zirudien. Zer esan nahi ote zuen hartaz?»

        «"Hori, andereño", esan nion leunki, "ez nik ez beste inork ezingo dizu inoiz argitu"».

        X jaunak eskukada batez ogi papur bat kendu zuen jakaren aurrealdetik.

        «Eta egia hutsa zen neskari zegokionez. Nahiz eta Hornek, esaterako, oso ongi ulertzen zuen; nik ere bai, batik bat Sevrinen gelan egon ginen ondoren, auzo guztiz agurgarri bateko kaleska hits batean. Lagun gisa ezagutzen zuten han Horne, eta ez genuen inolako oztoporik izan sartzeko orduan, baina neskame zarpailak jakinarazi zigun, sartzen utzi zigunean, «Sevrin jauna ez da gauean etxera etorri». Bortxaz ireki genituen kaxoi pare bat geure eginbeharra betetzearren, baita informazio erabilgarri pixka bat aurkitu ere. Haren egunkaria zen interesgarriena; zeren halako lanbide hilgarria zuen gizon hark ohar guztiz inkulpatzaileak idazteko ahuldadea baitzuen. Bertan aurkitzen ziren haren egiteak, baita gogoetak ere, guretzat desestalita. Baina hildakoei ez zaie halakorik axola. Ez zaie ezertxo ere axola».

        «"Konbikzioak bultzatuta". Bai. Humanitarismo zehazgabe baina suhar batek bultzatu zuen lehen gaztaroan ukazio eta matxinadaren mutur saminenera. Ondoren haren optimismoa kili-kolo geratu zen. Zalantzak hasi eta galbidera egin zuen. Badakizu ateo konbertituei buruz esaten dena. Sarri askotan fanatiko arriskutsu bilakatzen dira, baina ez zaie arima aldatzen. Neska ezagutu zuenetik, Sevrinen rapsodia politiko-amoltsu ezin bitxiagoak agertzen dira haren egunkarian. Neskaren berealdiko keinuak erabateko seriotasunez hartzen zituen. Konbertitu egin nahi zuen. Baina honek guztiak ezin du zure interesa piztu. Gainerakoan, ez dakit gogoan izango duzun —duela urte dexente gertatutakoa baita— egunkarietan hainbeste oihartzun izan zuen "Hermione kaleko misterioa"; etxe huts bateko sotoan giza gorputz baten aurkikuntza; ikerketa; zenbait atxiloketa; hamaika aieru, eta gero isiltasuna; martiri eta konfesore ilun askorentzako ohiko amaiera. Kontua da ez zela nahikoa optimista. Muturreko errebelde sozial ona izateko beharrezko duzu optimista basati, tiraniko, bihozkabe eta tinkoa izan; Horne bezala, esaterako».

        Mahaitik altxatu zen. Zerbitzari bat etorri zitzaion berokiarekin; beste bat, kapela eskuan zuela, zain zegoen.

        «Baina zer gertatu zitzaion andereñoari?», galdetu nion.

        «Benetan jakin nahi duzu?», esan zidan, arreta handiz berokiko botoiak lotuz. «Aitortu beharra daukat Sevrinen egunkaria bidaltzeko gaiztakeria txikia egin nuela. Bakartu egin zen bolada batez; gero Florentziara joan zen; ondoren komentu batera erretiratu. Auskalo nora joko duen hurrengoan. Zer axola dio? Keinuak! Keinuak! Haren klasekoen keinu hutsak».

        Kapela luze distiratsua doitasun handiz egokitu zuen eta, bakean afaltzen ari zen jende ongi jantziaz betetako salan barrena begirada bizkor bat bota ondoren, hortz artean kirimikatu zuen:

        «Besterik ez! Horregatik daude haren gisakoak desagertzera kondenatuta».

        Arrats haren ondoren ez nuen berriro topatu X jauna. Neure klubean afaltzeari ekin nion. Parisera egin nuen hurrengo bisitaldian irrikitan ikusi nuen neure laguna, bere bildumako ale bitxi hark nigan sortutako efektuaren berri jakin nahian. Istorio osoa kontatu nion, eta bere pertsonaiak sortzen zion harrotasuna azaldu zuen aurpegi distiratsuan.

        «Ez al da X hori ezagutzea merezi duen pertsona?», esan zidan atseginez gainezka. «Paregabea da, txundigarria, guztiz itzela».

        Berotasun hark nire sentimendurik onenak asaldatu zituen. Hitz gutxitan esan nion gizon haren zinismoa higuingarria zela, besterik ez.

        «A, bai, higuingarria, higuingarria!», etorri zen bat nire laguna adei-legez. «Baina tira, hark ere gogoko du lantzean behin txantxaren bat egitea», gaineratu zuen tonu konfidentzialez.

        Ezin dut ulertu azken esaldi hark zer lotura izan zezakeen. Ezin izan dut inolaz ere aurkitu honetan guztian txantxa non egon zitekeen.

 

Salataria
Joseph Conrad

euskaratzailea: Juan Mari Mendizabal
Milabidai, Erein, 1996