Abe
28
17
Agirre lehendakariaren zerbitzu sekretuetakoa izan zen Koldo Mitxelena, Joseba Rezolaren agindupean, kide zituela Sabin Barrena, Pello Mari Irujo, Ander Arzelus “Luzear”, Bernabe Orbegozo “Otarbe”. Madrilen lan egiten zuen Mitxelenak, kontulari Jose Urangaren Maderas Decorativas enpresan, eta bitartean Clasicas ikasten zuen unibertsitatean; baina atxilotu egin zuten 1946ko apirilaren 10ean, eta preso eduki zuten 1948ko urtarrilaren 30a arte. Alcala de Henaresko kartzelan ipuin bat idatzi zuen 1947an, Motivo español izenburua ipini ziona; 1977ra arte gordeta eduki zuen, eta Elizalde sinadurarekin orain 40 urte argitaratu zuen Egan aldizkarian. Preso egondako bat du narratzailea, oso gaixorik zegoen beste preso batez gogoratzen dena.
Abe
21
17
Marokoko idazle handietako bat, Fatima Mernissiren izena derrigorrean lotzen zaio islamari eta feminismoari. Mendebaldearen aurrean emakume musulman gisa azaldu eta aldarrikatu zuen bere burua Mernissik (1940-2015), eta emakumearen aldeko borroka egin zuen, erreferentzia bihurtuz, herri arabiarretan. Harem-a eta Mendebaldea obran (2001), gizonezkoak kontrolpean dituen modak eta estetikak Mendebaldeko emakumea nola duten menperatua kontatzen zuen azken kapituluan, zapiarekin zegoen eztabaida zela-eta argitaratu zenean sona handia izan zuena: Mendebaldeko emakumeen harem-a 38 talla da. Erosketa garai oparo hauetan irakurketa gomendagarria, euskarari dakarkiogu orain, Mikel Elorzak itzulita.
Abe
11
17
Emakumezko palestinarren literatur lanaren lagin bat bildu zuen Jo Glanville kazetariak, hamabi egileren ipuin banarekin. Eta Erroak argitaletxeak, Herrien mintzoa bilduman, 2016an ekarri zuen liburua euskarara: Qissat. Palestinako emakumeen ipuinak, Xabier Monasteriok euskaratuta, Ane Irazabalen hitzaurrearekin. Haien herriaren gatazkak eta haien gatazka pertsonalak aurki daitezke ipuinotan. Horietarik lau dakartzagu hona, Huzama Habayeb-en Hari hautsia; Raeda Taha-ren Metro bakar bat; Natalie Handalen Umm Kulthum gauerdiz eta Nibal Thawabteh-ren Nire oinetako zenbakia.
Abe
05
17
Barrenkale-ko 30-40-41 standetan izango da Susa Durangoko Azokan. Udazkenean argitaratutako liburu berri hauek daramatzagu: Arantxa Iturberen Honetara ezkero eta Eider Rodriguezen Bihotz handiegia ipuin liburuak; Uxue Alberdiren Jenisjoplin eta Xabier Montoiaren Hitzontziak nobelak; Martin Bidaurren Itzulera poema liburua. Eta Munduko Poesia Kaierak bildumakoak beste hauek: Chuya Nakahara, Rosalia de Castro eta Seamus Heaney. Udaberrian plazaratu genituen: Juanjo Olasagarreren Poz aldrebesa nobela, Juan Luis Zabalaren Ospa ipuin liburua, Martxel Mariskalen Azken zakatzak poema liburua eta Mari Luz Estebanen Feminismoa eta politikaren eraldaketak saiakera. Liburuok atontzen eta Literatur Emailuak plazaratzen urte osoan lanean lagundu diguzuenei eskerrik asko handi bat.
Abe
04
17
Langile borroka, sabotajeak, lapurretak, drogak, negozioak, hilketak, adiskidantza, amodio harremanak dira Xabier Montoiaren zortzigarren nobelako adarrak. Kontakizun durduzagarri honetako protagonistak memoriaren menpe bizi dira neurri handi batean, oinaze lauso batek inguratzen ditu etengabe. Iraganeko mamuek ez diete bakerik ematen, kontu eske etorri izan balitzaizkie bezala. Hitzontziak nobela berria osorik eskaintzen dizugu sarean. Oihane filosofo gazteak, Biteri tabernariak, Gloria alargunak eta Goietxe ugazabak Iturri tabernan topo egiten dute aldian behin; ez dira laurak elkarren lagunak, baina elkarren berri izaten hasiko dira pixkanaka, zu bezala.