Aza
29
06
Berria egunkarian 2004-2006 urteetan Iñigo Aranbarrik idatzitako artikuluen antologia da Hizlandia liburua. Egunero euskaraz idatziz informatzearen zailaz eta ederraz dihardu. Kazetarien ohiturak eta akatsak, asmazioak eta hiztripuak agerian jartzen ditu, ohar beti bereziekin. Kazetaritza arduratsuaren bindikapena da Aranbarriren artikulu bakoitza. Hizlandia azaroaren 30ean (osteguna) 11:30etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan aurkeztuko du Susa argitaletxeak.
Aza
28
06
Jon Benito eta Oihana Leundaren Maitaleak spota duzu aste honetakoa. Maitaleak ostendu egin ohi dira ikusleen begiratuetatik, baina idazleek bezalaxe irakurleek ezin eutsi bihotz bazterrak arakatzeko irritsari. Segi kuskusean beti bezain begiluze, hainbeste atsegin baduzue! Hurrengo astean: Josu Landak egindako iragarkia.
Aza
26
06
1969an kaleratu zuen “Slaughterhouse-Five or The Children’s Crusade” liburuarengatik ezagutuko dute gehienek. Geroztik liburu gehiago ere kaleratu ditu Kurt Vonnegutek, baina arrazoi sendorik gabe, zientzia fikzioaren apalera gatibatu izan dituzte haren lanak.
Aza
24
06
Gurasoaren poemak dira Koldo Izagirreren liburu berrikoak. Kantu, asmakizun jolasti eta poemen bitartez istorio oso bat kontatzen digu Rimmel bildumak, lau ataletan: alabaren jaiotza, gero lehen eskolatzea, ondoren nerabezaroa eta, azkenik, etxeko babes girotik askatzea bide berri bila. Liburuko lau ataletatik bina eskaintzen dizkizugu aurrerapen gisa.
Aza
23
06
Juan Antonio Mogelen idazlanei berriro ere helduz, Klasikoen Gordailuak hiru izenburu berri dakartza oraingoan. Ipuinak bezala identifikatu bildumak eibartarraren alegia edo fabula ezagun guztiak (laurogeita zortzi, orotara) biltzen ditu bere baitan, hitz lauz zein hitz lotuz idatzi-moldatuak. Mogelengan ohikoegia ez bada ere, haren Konfesio ta komunioko sakramentuen gañean erakasteak (1800) izeneko liburua gipuzkeraz idatzia dago eta alderdi guztietatik biziki interesgarria den “Erakurle euskaldunari itz-aurrekoa” darama hasierako orrialdeetan. Gaurko eskaintzarekin amaitzeko, Paskalen Gogamenak (1899) edo direnak (hamabost baino ez, eta ez frantsesak idatzitako interesgarrienak, tamalez) luzatzen dizkigu eibartarrak bizkaieraz.
Aza
22
06
Jon Alonsori nobelak eta saiakerak ezagutzen dizkiogu lehendik. Susak oraintxe argitaratutako Erretzaileen eremua da bere aurreneko ipuin liburua. Hamahiru narrazioetatik hiru eskaintzen dizkizugu hemen, eta irudizko bideo bat ere bai, liburuaren trailer gisara Alonsok egina. Sekula ezer erre ez dugun erretzaileok ez dugu erretzeari uzteko ametsa alde batera utzi.
Aza
21
06
“Ez dizu onik egingo” aste honetako spotak ere: Begiak galdu arte, Aitor Bengoetxea eta Xabi Bordak egina. Badira ohean bakarrik irakurtzen duten irakurle porrokatuak, badira ohean sekulan irakurtzen ez duten irakurle amorratuak. Batzuk eta besteak ez dira berdin eranzten oherakoan. Hurrengo astean, Oihana Leunda eta Jon Benitoren iragarkia.
Aza
19
06
Gyula Madarasz ornitologoaren testuek balio literario ikaragarria dute, zientifikoa baino gehiago ia. Arrakasta handiz saltzen dira Hungarian hark idatzitako liburuak, literatur altxor moduan.
Aza
15
06
Bernat Etxepare, lehen euskal liburua argitaratu zuen hura bera da Beñat Dardo, Joxan Oizen lehen nobelako protagonista. Paueko espetxetik Garazira preso bidalia izan zenetik Linguae Vasconum Primitiae Morpainen Bordeleko inprimategira eraman artekoak kontatzen ditu eleberriak; baina baita ere gaztetako kontuak, Martin Bereau kartzelazainak arretaz aditzen dituenak. Nobela hau idazteko Jaka Beka saria izan zuen Joxan Oizek. Azaroaren 22an (asteazkena) 11:00etan aurkeztuko du Susa argitaletxeak Donostiako Bilintx liburudendan.
Aza
15
06
Sei poema liburu plazaratu ditu Itxaro Bordak 1984an Maiatz argitaletxean Bizitza nola badoan kaleratu zuenetik: Krokodil bat daukat bihotzaren ordez (Susa, 1986), Just love (Maiatz, 1988), Bestaldean (Susa, 1991), Orain (Susa, 1998), Hautsa errautsa bezain (Maiatz, 2002). Prosan bezalaxe, poesian ere indartsu eta ausart ageri da Borda, bere mundu bakarretik mundu anitz lantzen dituena. 2000. urtean bere poemen selekzio bat kaleratu zen XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman.
Aza
14
06
Hamabosteroko maiztasunari jarraiki, 1856ko azaroaren 15ean eman zuen argitara La Revue de Paris aldizkariak Madame Bovary-ren laugarren emanaldia, hementxe eskaintzen dizueguna. Emanaldi honetan liburuaren II. zatiko azken hiru kapituluak, 13, 14 eta 15. atalak, publikatu zituen
Aza
14
06
Natxo Escobar eta Gorka Arreseren spota duzu aste honetakoa, Zakur ametsa. Zakur batek amesgaiztoa kontatzen digu: bere jabeak oporretan asmo bakar bat besterik ez dauka, fikzioak irakurtzea. Datorren astean, Aitor Bengoetxea eta Xabi Bordak egindako iragarkia.
Aza
12
06
1981ean hil zuen minbiziak. Hogeita bost urte dira aurten. Haren eskelak orri bete hartu zuen The New York Times-en. AEBetako XX. mendearen erdialdeko idazle garrantzitsuenetako bat zen. Bartzelonako El Acantilado argitaletxeak haren obra gaztelaniaz berrargitaratzeko asmoari ekin dio.
Aza
10
06
1956ko urrian, orain 50 urte, jaso zuen Nobel saria Juan Ramon Jimenezek. Poeta espainiarraren lanak, ordurako, irakur zitezkeen euskaraz. 1953an Bingen Ametzagak euskaratutako Platero ta biok argitaratu zen Uruguain, eta 1955ean Gabriel Arestik Euzko-Gogoan Ezerez poema euskaratu zuenetik, gerora beste hainbat poema euskaratu dituzte Nemesio Etxanizek, Juan San Martinek, Luis Mari Muxikak eta Sabin Muniategik. Platero y yo lanak ere ezagutu du beste itzulpen bat, ez osoa: Emilio Masek 31 atal euskaratu eta El Bidasoa astekarian argitaratu zituen 1956-57an. (gehiago…)
Aza
08
06
Kartzelatik idatzi izan du beti Jokin Urainek: bi nobela, kronikak, poemak… Hogei urte darama preso. Errotarria liburu berria 1936tik 2005era bitartean jazotako borroken eta derroten antologia bat da, idazleak entzun eta irakurritakotik, hausnartu eta bizi izandakotik ekarria. Kronika bilduma duzu Errotarria, errepresioaz eta kartzelaz eta deserriaz diharduena. Azaroaren 14an (asteartea) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan aurkeztuko du Susa argitaletxeak.