Juan Ramon Jimenez
1956ko urrian eman zioten Nobel saria Juan Ramon Jimenez idazleari, orain dela 50 urte. Huelvako Moguerren jaioa 1881ean, Espainiako poesigintzaren gailurretako bat da XX. mendean, mende horren hasieran izan ziren literatur mugimendu eta "belaunaldietatik" at jardunagatik ere. Espainian bizi izandakoa 36ko gerrara arte, gerrarekin erbesteratu egin zen eta hainbat tokitan ibili, eta azkenean Puerto Ricon gelditu. 1958ko maiatzaren 29an hil zen. Literatur aldizkarietan egin dute habia Moguerko poetaren poemek, euskaraz. Gabriel Arestik euskaratu zuen Ezer ez eta Euzko-Gogoa aldizkarian argitaratu 1955ean. Eta Egan-eko 1956ko azken zenbakian Lurrin huts poema, Nemesio Etxanizek euskaraz jarria. 1961ean, berriz, Olerti-n kaleratu zuen Juan San Martinek Zeuk nahi duzuna poema. Geroztik, Luis Mari Muxika izan da Juan Ramon Jimenezen poemak euskaratzen gehien jardun duena. 19 poema euskaratu eta argitaratu ditu Arnas eta Olerti aldizkarietan, 1961 eta 1962an. Sabin Muniategik, azkenik, 1966an plazaratu zuen Juan Ramon Jimenezen poema bat, Olerti aldizkarian. Bere poemak euskaratzeaz gain, poetari Nobel saria dela eta bere heriotzan eskainitako poemak ere idatzi zituzten Juan San Martinek, Nikolas Altzolak eta Eusebio Erkiagak |
Ezer ez
(Sonetu spiritualetarik)
Juan Ramon Jimenez
euskaratzailea: Gabriel Aresti
Neronen pensamenduaren dorrea
zure ukaldiari iminten zako;
odolezta-bihotzak, hartarat igo,
begira du itsaso purprez asea.
Eginen dut gerizan oilaritea,
haizeari lira draukot ebatsiko,
erraietan dut iatea bilhatuko...
Baina, ezpaliz! helas! ezer bakea?
Ezer ez, bai, deus ezpaliz: uretara
bihotza eror baledi, eta honela
munduan gaztelu hutstu hotz bat lizen.
Zeren zu gizon-udaberria zara,
ura, lurra, sua, haizea bezela...
eta eznaiz ni nire pensua baizen!
Euzko Gogoa, 1-2, 1955eko urtarril-otsaila
|
Lurrin uts
Juan Ramon Jimenez
euskaratzailea: Nemesio Etxaniz
I
Lore batzuen lurrin-utsa...
Eguzki epel-gorritan
negarrez dago baratzea,
ta etxea intzirika.
Ire usaia diten loreak;
gorrixka-zurbil kaxkariñak,
ire gorputz loratuaren
itzal-larrosa-idurira.
Larros illa, gaur betillun,
atzo alai, emengoa
etzanean otza, eguzkiak
urrez zekarrenean maite-loa!
Atzo..., ire soin-larrosa unan,
nere ta lore, seda zuriz
jantzia etxe betean...
Gero...
Jaungoiko maitea!
lore batzuen lurrin-utsa...!
nerekin dedan lurrin au
ire usai izanik, i ez aizena,
mutu, goibel, illun dena...
Ai, emakume joanak
darion lore-lurriña,
utsik gelditzen danean
etxe, baratze ta anima!
II
Oial gorri-zurixkak algara zerioten
nakar-beso aietan. Maitale ero, aizeak
jolas zegian aren estalkitxo urdiñaz;
eraztunetan suzko euzki bat dirdaitzen zan
Artan, albazkatzean, aizeak mugatu zun
aren bularren obo utsal goxabera
ikurrin zuri arek zuan makil bikaña;
aren begien lore ederrak begira neuzkan.
Ta ondartza bustian, bion gogapenen
korapillo eztia nabarmentzen bezela,
nere urrats aundien lorratz ozen-pixuak,
aren txiki-ixillekin nasten ziran tarteka
III
Aur aingeruen jantzian
agertu zan aurrenengo;
ta, aurra lez, maite izan nuan.
Gero, iñundiko soñekoz
jazten asi zan; eta nik
begira nion gorrotoz.
Erregin parpalla arro
egin zan. Nere sumiña
ta biotzeko amorro!
Baña erazten asi zan;
ta nik par-irri negion.
Lengo aingeru-jantzian
gelditu zan; ta uste osoz
ezarri nion begia.
Erantzi zun estalkia;
ta agertu zan soil-gorririk...
Ai, nere bizi-griña, olerki-uts
erantzia, betiko neria!
IV
Oi, oroipen ezkutuak,
oroitza-baratzetatik
kanpora geltituak!
Gabaz, bat-batean, bizi
ernetzen diran loreak,
basamortuko landare-gisa,
ego-aldeko izarraren eran.
aztutze otzak, duan
griñarik nagusiena
bizitza-atal goxoenak,
ia oartu gabe
zoaztenak!
Elkor
oi-diran bideak;
mirariz, beingoan,
udaberri biurtutako
oroitza-zelai aztuak!
Egan, 1956 5/6, irail-abendua, 186-188. orr.
|
Zeuk nahi duzuna
Juan Ramon Jimenez
euskaratzailea: Juan San Martin Otsalar
Zeuk nahi duzuna, Jauna;
izan bedi Zeuk nahi duzuna.
Nahi baduzu, arrosa artean,
bizitzaren argi-disdirak
iturburuetaruntz irriz,
izan bedi Zeuk nahi duzuna.
Nahi baduzu, kardo artean,
betiko gauaren hondogabetasun
itzaletaruntz odolez,
izan bedi Zeuk nahi duzuna.
Eskerrak begiratu nezan nahi baduzu,
eskerrak itsutu nahi banazu;
eskerrak guziagatik ta ez ezergatik;
izan bedi Zeuk nahi duzuna.
Zeuk nahi duzuna, Jauna;
izan bedi Zeuk nahi duzuna.
Euzko Gogoa, 1959ko martxo-apirila
Olerti, 1961eko urtarril-martxoa
|
Ekaitza...
Juan Ramon Jimenez
euskaratzailea: Luis Mari Mujika
Ekaitz-zerua, astun ta burrunbatsu,
printzatu da sarkaldean.
Argi mingots ta galdu antzeko
laban zorrotz batek,
dirdira zoro, hori t'arrigarri batez
apaintzen du aldi bildurgarria.
Argiak, zauritua, deadar bat
bailitza hazitzen da.
Urre-karmina da harkaitz altuen ertza;
udontziak su dira,
ta olatubeltz, zoro-bizien barna,
sugar more bat doa...
Haserre, sakon ta oinazetua
haizeak egun eroaren argiari
kontra daragio...
ta sarkalde atzean, alegori harro batek
eguzki paltso ta urreztuak
oraindik argi dagi...
Arnas, 5. zkia, 1961eko apirila
|
Neguaren ikuskizuna
Juan Ramon Jimenez
euskaratzailea: Luis Mari Mujika
Nun izkutatu dira,
egun zuri-beltz honen koloreak?
Belardia beltz; ura grix;
zeru lurrak zuri-beltz motelean...
ta uri minberatiak
erromantiku kolore zahar baten galduak...
Bidean dijoana beltz;
loretegian azkona bezin arin dijoan
txori bildurtia, beltz...
Ixilla bera beltz ta ajatua...
Arratsa makurtzen. Zeruak
ez du gozorik.
Sarkaldean ia itzali itxura duan
horitasun argi, exkax bat... Urrutian,
burni legorrezko zelaia...
Gaua beltz dator,
hileta antzera;
otzik dana, izarrik gabe,
zuri-beltz
egun zuri-beltzaren irudira...
Olerti, 1961eko uztail-iraila
|
Udazkenaren ikuskizuna
Juan Ramon Jimenez
euskaratzailea: Luis Mari Mujika
Jazmiña urre-berdexka,
sarkaldea, orde, zahar;
ur urreztuan etzanik dauden
hostoak, ori-beztuta... Urre-eguzkiz
betea bihotz ez-ezaguna;
urrez zozo beltza;
Diana etenaren begi itxu
ta bere emearen tristura garbia,
urrez beteak ere.
Arratsa, pitxi eran
kixkaldua dago.
Haragiaren joan zabarra
ta ametsen jira txoroak,
danak, errege-urrez beteak...
Olerti, 1961eko uztail-iraila
|
Zein alaia...
Juan Ramon Jimenez
euskaratzailea: Luis Mari Mujika
Zein alai udaberrian
negu-haragiaren
jantzi eraztea,
arros-adiskidetasun
galdu batean bihurturik...
Dana aragi kuttun berriro!
Orain, udazkenean,
zein xamurra
udara gogoaren
haragi eraztea,
orri igar-gogotsuak
adiskidetzaz hartuaz...!
Olerti, 1961eko uztail-iraila |
Udazken
Juan Ramon Jimenez
euskaratzailea: Luis Mari Mujika
Eguzki jira-bira argietan
berpizten, argitzen
ari da nere bizi hila.
Zein usain tristuratia!
Ta zutitzen da
a!, zein gozoro ikusten naizen!
urrezko jira-biraetan,
hosto hori, geldien artean
(nere bizi hila )
samiñezko gar
bukagabe antzera...
Olerti, 1961eko uztail-iraila
|
Udazken oria
Juan Ramon Jimenez
euskaratzailea: Luis Mari Mujika
Apirila, lore horiz
asea dana, ba-zetorren...
Erreka hori,
hesia, muñoa hori,
umeen kanposantua
ta maiten baratza hori...
Eguzkiak bere argi eroriaz,
nun-nahi hori-igurtzia zuen...
A! Urre-lilien artean
ur mehe, urreztua;
a! tximeleta horiak
arros horien artean!
Lore-sorta oria
arboletan goora; egunak ere,
urrezko bizi-ernetze hartan,
urrez usaindutako
apaintasuna zuen...
Ta... hildakoen hezur artean...
Jainkoaren esku horiak zabalik...
Olerti, 1961eko uztail-iraila
|
Ilargi bakartia
Juan Ramon Jimenez
euskaratzailea: Luis Mari Mujika
Ixildu zen turuta zorrotza,
ta ilargia tristurati dago.
Laino-mordo mardulak
bultzaka egun-senti berrian...
Zaunka zakur bat,
ta dan guzia,
ezerrezaren amiltegian itotzen.
Ilargiak kanpusantu
zaharren bat urreztuko du.
Gero... txorru (txori) bat
ilargiarekin dorre zahar baten gañian...
Iturri bakartian, ilargia negarrez.
Ta itxaso bakarra ilargi-bete azpian.
Olerti, 1961eko uztail-iraila
|
Iturri
Juan Ramon Jimenez
euskaratzailea: Luis Mari Mujika
Iturri aitu ta zahartua,
orain harri bat etzera baizik!
A! Aspaldiko zilar abots ura...
a! iturri garden ta gozoa!
Txorrua alperrik
dator zure ahora...
Huntza zintzilika zugandik,
arrebatxo bihurri erara...
Ur-jauregi ajolakabetua,
ahitu ziñan nere biziaren antzera
zure leloa ixiltzearren.
Baina..., gogapenean kantari dagon
urre-ura irudira,
arratseko eguzki-ametsetan
dagoz zure azken arnasak!
Olerti, 1961eko uztail-iraila
|
Lanbroa
Juan Ramon Jimenez
euskaratzailea: Luis Mari Mujika
Itxas-haizea. Trena gelditu da.
Gelditoki bustiberrian,
arros zoragarri antzera gooraño arratsaldea...
Sarkalde horiaren lanbro gartsuan,
tristurazko kristalitxura lotiak idikitzen dira.
Lekua liriku, erromantiku amesgabea degu;
iñoiz entzun gabeko kanpaiak gozatzen dute aldia...
Ume kaskagor bezela, bihotzak gelditu nahi,
naiz joan beharrean izan.
Baina, trena gor, badoa...
Ta, aldizka etxe, loretegi,
itzal zorrotzezko ibai berdeen
ondoan gelditzen da.
Azkenik, bat-batean, bidea bihurtzean
urre ta pitxizko dorreak igotzen dira
ametsak bai'liran...
Olerti, 1961eko uztail-iraila
|
Gipuzkoa
Juan Ramon Jimenez
euskaratzailea: Luis Mari Mujika
Bagoiaren sapaiak argi-izpi bat dauka,
nungoa?
ta (leihoko) kristal lurrindu ta galduak
negar darite...
kanpoan, joan-etorri dabiltzan
argi-itxura artean,
mendi ta itzalak burrukan.
Egunabarrean, lanbrotan erritxoak;
keeazko belardietan halako amets galdu bat;
ta harkaitz, ikaragarriak?, gainean ditugu
izugarri, orduaren unean tontorrak itzalduta.
Trena ez da gelditzen... Argitutako
kristalen atzean,
xirimiri melankoliar ta nekatiaren zehar
andra lotsati, txoratil ta erdi-erantzi
batek agur dagigu.
Agur! Ta... xirimiria bere hizketa aspergarrian.
Olerti, 1961eko uztail-iraila
|
Udazken
Juan Ramon Jimenez
euskaratzailea: Luis Mari Mujika
Laino-mordo alegoriar ta eder batek
zuri ta grixaz ertzetua
ilunabar geldiaren asperra
apaintzen du arrats itxian.
Eguzki gogorraren
argi berdin minberatian,
umeen sentimentu hausian
zugatz motel ta argal baten
azken hosto horiak
zutitzen dira...
Txorabiozko egun hauen oroipena
saminezko usai garbia
erne da, beltz ta argizko nahasketan.
Betira bihurturik
begi haundiak; ezpainak erdi-zabal,
ta bekoki ximel ta minberatia
eskuen guritasunean pentsatzen...
Olerti, 1961eko uztail-iraila
|
Udazken-eresia
Juan Ramon Jimenez
euskaratzailea: Luis Mari Mujika
Urrezko bidean doaz zozoak... Nora?
Urrezko bidean doaz arrosak... Nora?
Urrezko bidean noa... Nora,
udazken? Noruntz, txoriño ta loreak?
Olerti, 1961eko uztail-iraila
|
Errimiña
Juan Ramon Jimenez
euskaratzailea: Luis Mari Mujika
Itxasoa baratzetik;
baratza itxasotik?
Joan kantari ibiltariarekin;
urrutitik entzun kantari?
Eresi gozo-mingotsa.
Eguzki izpitxo bat,
ta loretegi ixurleak
argi ta maitasuna d'ixuri.
Eguzki izpitxo bat,
ta nere begi negartiek
argi ta maitasuna urtuko dute!
Olerti, 1961eko urri-abendua
|
Arboletan
Juan Ramon Jimenez
euskaratzailea: Luis Mari Mujika
Arboletan ez da hostorik
eguzki bakarra baizik
Saminezko urre hotsez
zegon arbolatxoa!
Etsi du arbolak
bere heriotz lasaiera
Zoriontsu bihurtu dute
haren urrea
minberatasunezko
bi hilabeteak!
Arnas, 6. zkia., 1961eko azaroa
|
Hegohaizearen...
Juan Ramon Jimenez
euskaratzailea: Luis Mari Mujika
Hegoahaizearen kulunka legunez,
urrilak urre-gorrizko hostoak
zabaltzen ditu.
Hauen erortze garbian,
gogoak hega dagi
buka-ezinera.
Nolako pake agurgarria
guzien urrutitasun hontan!
Loreak bota dituzu
belardi apain;
Zure kristalez,
haize harroa bustitzen degu:
ur ia hoztua!
Urrezko zorabio!
Gorputza anima bihurtuz,
muinoko belarrean etzanik
guritzen dan, presondegi
garbia...!
Edertasun-erortze batean,
bizia erazten da,
ta goiztar egizko zoratasunez
argitzen...
Arnas, 6. zkia., 1961eko azaroa
|
Udaberri eresia...
Juan Ramon Jimenez
euskaratzailea: Luis Mari Mujika
Urdinka ta arros-antx,
menderatu du arratsak
urre urdiñezko eguna. Arratsak
gizona menderatu duen
andereñoa dirudi, beraz. Gaztetasun!
Bere txorabio bere izkilu!
itxas-aize, irripar ta guritasuna dira.
Andereño ta arratsa
more-gorri bihurtu dira,
ta bera itxas zabalean murgildu.
Moteltasuna, kuttuntasuna, gozotasuna
eguzkiaren aurka!
Ta arratsak, andereñoak harkaitzaren
bizkar erantzia makurtzen dute.
Maitasun!
Olerti, 1962ko uztail-abendua
|
Negu-eresia...
Juan Ramon Jimenez
euskaratzailea: Luis Mari Mujika
Kantari-kantari.
Nun daude kantari
txoriño kantariak?
Euri da. Adarrak
hosto berririk gabe
oraindik. Kantari, kantari,
txoriñoak. Nun daude kantari
txoriño kantariak?
Ez daukat txoririk kaiolan.
Ez dago saltzen dituzten umerik. Kantari.
Ibarra urruti dago. Hutsa... Ez dakit nun dauden kantari
txoriak kantari-kantari,
txoriño kantariak.
Olerti, 1962ko uztail-abendua
|
Gau-eresia...
Juan Ramon Jimenez
euskaratzailea: Luis Mari Mujika
Han doa arrosaren
usaia!
Eutsi ustegabean!
Han doa illargiaren
argia!
Eutsi zure betetasunean!
Han doa errekaren
eresia!
Eutsi zure askatasunean!
Olerti, 1962ko uztail-abendua
|
Moger
Juan Ramon Jimenez
euskaratzailea: Luis Mari Mujika
Ilunabarrean laino-mordo lodiak
itotzen dute herria.
Argi-parolak tristurati daude ta loti,
ilargi horia han doa ur ta haize-burrunda artean.
Landa bustiaren usaia dator.
Dorre zahar baten atzean,
argi berdexka bat agertzen...
Zazpietako kotxea doa... Ta zakurrak zaunka...
Olerti, 1962ko uztail-abendua
|
Udabarri
Juan Ramon Jimenez
euskaratzailea: Sabin Muniategi
Bai, zer ardura niri ezer
gogo-soina nerekin izanen!
Lehena? Erori bedi!
Oraina? Igaro zan, bai!
Etorkizuna?
Inork ez dit ezer kendu; inori
ez diot ezer eman, ez diot emango
gogo-soina nerekin izanen.
Galduta? Hegoai!
Gordeta? Eztago kutxarik!
Nahi?
Zer ardura niri ezer
gogo-soina nerekin izanen!
Olerti, 1966ko urtarril-ekaina
|
Platero bizi duk!
Otsalar
Juan Ramón Jimenez,
atsegingarri zaidan olerkari bikañari,
Nobel sariaren omenez.
Platero dizi duk!
neuk ikusi nian
lo-zorroan zegoela
Josefateko zelaian
Platero bizi duk!
lili margotsu artean;
txori ta ingumak
jostari ditularik inguruan.
Lasaitu zelaiak!
Poztu bideak!
Baretu gizonak!
Kantatu aurrak!!
Platero bizi duk!
«Txiki, illetsu, leguna dan
Platero» maitea,
neuk ikusi nian
Moguer'ko zerutik jetxia.
Bere argizkundea diagu barnean.
Platero ezilkorra duk
bizien ariman.
Argitu izarrak!
Abestu errekak!
Alaitu atso-aurrak!
Ospatu aurrak!!
Platero bizi duk!
Gizadiaren biotzetan
barrendua dan gauzik
il ezin litekena ez al ekian?
Ago Platero, ago gurekin;
ludiko maitasunik eztitsuenak dituk igan
eta biziko aiz egundoko
mundua mundu dan artean.
Euzko Gogoa, 1957ko martxo-apirila
|
Gorriz, suz-margoldurik
Oxiñondo'ko Txoria
(Juan R. Jiménez'en opaz )
Gorriz, suz-margoldurik
agertu da eguzkiya.
Ioan da
gaua;
itzali
illargia.
Suz margoldurik
egunsentiya.
Erriko
elixan
asi da
Goi-Meza.
Tilin-tilin,
kanpai txikiya.
Kirrin-kirriiiñ
mendi'ñ gurdiya.
Etxe bateko lotokian
amathu du
ludi ontako bizitza
iru urteko
Gotzon
aingeru txikiyak.
Eguzkiz argitu
dira
mendi ta ibarrak.
Il-etxedun
baserrian,
amaren
negarrak.
Kanpantorrian
tilin-talan
kanpaiak.
Mendian
kirrin-kirriiiñ
gurdiyak.
Zerua,
garbi.
Ibarrak,
argi.
Talan-tilin,
Kirrin-karraañ
Gotzon aingerua Zerurantz.
|
Juan Ramon Jimenez'i Agur
Eusebio Erkiaga
Animan zeneraman zuk
ederraren uki gozo;
animan zeneraman zuk
olerkia, goir, ezo.
Zure izquntza barrutian
utsaren aundi ta sakon!
Andalucia-ko lurrak
zeure miñez, ezin egon.
Ango zeru, lur, zelaiak
ango belar ta ango lore;
amgo aizearen doiñu,
eguzki ta kolore...
Loreil baten azkenean
aidean egal-dardara.
Gogoa urriñez beterik,
Juan ramon, suntsitu zara!
Bearrik, urbil dantzugu
zure esanen oiartzuna,.
beiñere idortuko ez dan
poesi-edertasuna.
Nik ere badut intziri,
euskelduna naizen arren,
zure lerroetan baitut
leraz xurgatu olermen.
Animan zeneraman zuk
ederrak duen usaiña.
Biotzean gordeko dut
eman didazu eskaiña.
Bilbon, 1958ko loraillan.
Egan, 1958ko abendua
|