Ira 29 26

Machado de Assisen narratiba

Antzerki idazlea eta poeta, eleberrietan sendotu zuen lehenago beste generoetan lortutako ospea Joaquim Machado de Assisek, askoren iritziz Hego Ameriketako XX. mendeko literaturaren aitzindarietako bat izan denak. 1908ko irailaren 29an jaio zen,  Rio de Janeiron, eta bere eleberririk ezagunena, On Casmurro, Josu Zabaletak euskaratu eta Literatura Unibertsala bilduman kaleratu zen 2009an. 1990an, baina, Igela argitaletxeak euskarari ekarria zion Alienista eleberria, Joseba Urteagak euskaratua, osorik irakurgai dagoena. 2020an, azkenik, Unai Begiristainek Deabruaren eliza eta Diplomatikoa narrazioak itzuli ditu, eta Booktegi gunean jarri.

Ira 25 26

Alejandra Pizarnik euskaraz

Hogeita hamasei urte zituela hil zen, 1972ko irailaren 25ean, Alejandra Pizarnik. Gazte, baina ordurako letren eta bereziki poesiaren esparruan arrasto sakona utzita. Poesia bat non arroztasun sentipena, nonahi atzerritar sentitzearena, presente dagoen. Beñat Sarasolak dioenez, “sentimendu hori, baina, geografikoa bainoago existentziala izatera iristen dela esan liteke, ni-aren eta munduaren artean arrakala gaindiezina egongo balitz bezala. Hala, Pizarniken poesia, nitasun indartsu baten aldarrikapena da, lehen pertsonako izenordaina enfasiz adieraztetik hasita”. Susak argitaratutako poema antologiaren hitzaurrean dakartza hitzok, Munduko Poesia Kaierak bilduman, Asier Sarasolak apailatu eta euskaratutako antologia. Lehen ere itzulia zion poemarik Pizarniki Sarasolak (Uberan, 2010), eta euskaraz ere irakur litezke bere egunerokoaren zati batzuk, Danele Sarriugartek euskaratuak (Elearazi, 2014), eta Idatz&Mintz aldizkarian Xabier Bovedak itzulitako hainbat poema.

Ira 25 26

Jostirudi Jainkotarra

Ideia errepublikar eta galegisten arteko trantsizioan bizi izan zen Manuel Curros Enriquez poeta galiziarra. Habanan jaioa  1851ko irailaren 25ean, XIX. mendeko idazle galiziarren artean handietako bat izan zen. A Virxe do cristal eta batez ere Aires da miña terra poemarioekin arrakasta eta baita polemika bizi izandakoa, 1888an argitaratu zuen O Divino Sainete liburua, zatia euskaratuta duen bakarra. Gabriel Arestik, Jostirudi Jainkotarra izenez, Sarrera eta I. Kantua euskaratu zituen.

Ira 15 26

Poema amaiera, Claude McKay

Diferentea izateko garai oso onak ez dira. Azalaren kolorea, jatorria edo maila soziala izan, edo hirurak, edo horitako bi, jendartean gizentzen ari den oreari doinu arriskutsua dario: “eta mutilak, bihar lintxazale, / bozkario ankerrez dantza jostetan”. Lintxamendua izeneko poemaren amaiera da, baina amaierarik ez duen joera batena ere bai. 1889ko irailaren 15ean jaio zen Claude McKay. Idazle jamaikar-amerikarra, Harlemgo Berpizkundeko erreferentzietako bat, idazle lana ez ezik lan militante handia egin zuen, beti ere sozialismoaren bideetan. Lehen aipatuaz gain, beste hiru poema ekarri zizkion euskarari Iñigo Astizek

Ira 14 26

Geo Bogzaren poemak

Errumaniako abangoardiako poeta handia da Geo Bogza, literaturaren teoriko eta kazetaria, 1993ko irailaren 14an zendu zen. Surrealismoaren ildoetan idazten hasia, obszenitate salaketapean espetxeratua eta bere herriko literaturaren guardia zaharrak zigortua, Iraintzeko poema-k liburuak Errumaniako letretako figura nagusietakoa bihurtu zuen. Gerraosteko garai sobietarrean hasieran eroso, komunista, ezkerreko konbikzioak utzi ez zituena, pixkanaka Ceaucescuren erregimenarekiko ere kritiko agertu zen, disidentzia politikoan amaituz. Koldo Izagirrek Bogzaren bederatzi poema euskaratu zituen.

Ira 14 26

Poema bi Errusiatik

Poeta akmeisten ildoen jarraitzaile, XX. mendeko errusiar poesiaren ahots liriko nabarmenetako bat da Alexandre Kuxner-ena. Gaur 90 urte jaioa, 50etik gora poemarioren egilea, eragile aktiboa izan da Errusiako literatura eremuan, aldizkari eta abarretan. Bere bi poema irakur daitezke euskaraz, Itxaro Bordak euskaratuak, Maiatz aldizkarian.

Ira 11 26

Agostinho Netoren poemak

Angolako idazle, iraultzaile eta estatu-gizona, 1979ko irailaren 10ean hil zen Agostinho Neto. Gaztetandik lotu zitzaion borroka politikoari, eta 1975ean Angolak independentzia lortu zuenean Agostinho Neto hautatu zuten lehendakari. Hainbat hizkuntzatara itzulia, euskarara Urtzi Urrutikoetxeak ekarri zuen lehendabizi, Linterna Gorria aldizkariaren 3. zenbakirako euskaratu baitzuen Afrikako negarra poema. 2004an, poetaren heriotzaren 25 urteurrenean, Koldo Izagirrek, Bego Montoriok, Mikel Elorzak eta Iñigo Aranbarrik bere zenbait poema euskaratu zituzten. Hemen dituzu denak.

Ira 10 26

Mallarme euskaraz

XIX. mendea amaitzeko bi urte falta zirela, iraiularen 9an, zen du zen Stephane Mallarme. Poesiaren historiako handienetako bat da Mallarme, XIX. mendeko gailurra eta geroko abangoardien aurrekaria. Sinbolismoa gainditu eta inpresionismoaren hastapena abiatu zuen. Aurretik euskarara itzuli gabea, poeta frantsesaren obraren antologia bat badaukagu Munduko Poesia Kaierak bilduman argitaratua, Josu Landak euskaratua. Haren poema konplexu eta harrigarriez gozatzeko parada bikaina.

Agenda

Efemerideak

Kritikak