Urt 28 11

Liburu elektronikoak euskaraz

Etxepare eta Shakespeare, Lizardi eta Puxkin, Kirikiño eta Flaubert, Anabitarte eta Mansfield. E-bookaren olatua handitzen ari omen denez, eta euskarazko tituluak eskas, irakurgailu elektronikoetara deskargatzeko 249 e-book paratu ditugu Armiarma atariko Liburu elektronikoa gunean, epub eta pdf formatuetan. 249 tituluetatik 191 euskal literaturako klasikoak dira eta 58 literatura unibertsaletik ekarriak. Twain eta Xaho, Conrad eta Zerbitzari, Baudelaire eta Lauaxeta, Virginia Woolf eta Mirande. 14 poema liburu, 28 saiakera, 39 antzerki-lan, 56 nobela eta ipuin bilduma… dohainik nork bere gailura ekar ditzake.

Urt 26 11

Errepresioa eta erresistentzia

Gure literaturan Martin Ugalde izan zen lehena ipuina literatur genero moderno gisa lantzen. Duela 50 urte, 1961eko urtarrilean Caracasen argitaratu zuen bere hirugarren baina euskarazko estreinako ipuin liburua: Hiltzaileak. Bost kontakizunotan gerrako eta gerraosteko errepresioa eta erresistentzia kontatzen dira. “Euskal borrokak ernarazitako fruitu beroak dituzue” idatzi zuen Andima Ibinagabeitiak hitzaurrean. “Beharrezkoa genuen euskotarrok ere gudu-literatura gartsu bat. Negargarria, baina, oraindik euskaldun batek ere ez ditu liburuetan euskaraz eman orduko gertari deitoragarriak. Gerrari suminok inoiz gure gaztediak ahaztuko balitu, akabo gure itxaropena”.

Urt 19 11

Duela 50 urte basamortuan

“Nik lurralde guztietarako gogoa izan dut beti, gauza berri asko ikusteko egarria”. Augustin Anabitartek esaldi horrekin hasten du Aprikako basamortuan, idatzi zuen azken liburua, orain dela 50 urte Itxaropena argitaletxeak Kuliska Sortan plazaratua. “Larrialdi gehienak pasa ditudaneko lekua Sahara izan da”. 1954an basamortuan egindako bidaiaren kronika egiten du; Kairouan ontzian Marseillatik abiatu eta Aljerrera aurrena: “Galarazia dute emakumeek gizonekin kalean hitz egitea, are gehiago kanpotarrekin (…) Gehien harritu ninduena, neskari txilabaren azpian zapatak takoi luzeekin ikusteak”. Eta ondoren Aljeriako lurraldeetan barrena: Busaada, Briska, Tugurt, Uargla, Gardaia, El Golea, Timimun eta Adrar (horiexek dira kapituluen izenburuak).

Urt 18 11

Arguedas jaio zela 100 urte

Cuscoko komunero bati entzun eta Jose Maria Arguedasek 1965ean kitxuaz idatzitako ipuina da Pongoq mosqoynin, euskaraz Pongoren ametsa izenburuarekin Jose Manuel Bujandak itzulia, eta sei poemaz lagundu eta ederturik Pamielak 1991n argitaratua, Txema Larrearen hitzaurre argigarri batekin. Jose Maria Arguedas idazle perutarra gaurko egunez jaio zen, orain 100 urte, 1911ko urtarrilaren 18an. Haren nobela nagusiak hauek dituzu: Uku Mayu (Erreka sakonak), El Sexto eta Todas las sangres.

Urt 13 11

Literaturaren Zubitegia berriturik

2004ko apirilaren 1ean plazaratu zen Literaturaren Zubitegia webgunea Armiarma atarian. Euskal literaturaren amaraunean puntu batetik besterako bidea egiteko tresna sortu genuen, idazleengandik abiatuz euren lanetara hurbiltzeko: bibliografiak, sarean osorik eskainitako liburuak, idazleen ahotsez entzuteko poemak, liburuen kritikak, interneteko beste gune batzuetan agertutako edukiak… Zubitegia informazioz eta diseinuz berritu dugu aste honetan: 823 idazle, 3.860 liburuko bibliografia, 3.674 kritika, 5.254 esteka.

Urt 11 11

Gatibuera luzea

Gaur 25 urte dira Jokin Urain atxilotu zutela eta preso dagoela. Bost libururen egilea da, horietatik bi eleberriak: Izaina (1990) eta Adlotse (1992). Iaz Ez dago etxean saiakera plazaratu zuen Susa argitaletxearekin, 1937tik gaurdaino kartzelan idatzitako euskal literaturaz diharduena. Urainek 2009ko abuztuaren 9an aske behar zuen, baina zigorra luzatu egin zioten 2016ko urtarrilera arte, 197/2006 doktrina baliatuta.

Urt 05 11

Bost poema
Omar Nabarroren ahotsez

Haragizko amoreak poema liburuan oinarritutako Haragizkoa diskoa argitaratu zuten Edorta Jimenezek eta Rafa Ruedak pasa den azaroan. Omar Nabarrok irakurririk bost poemaren audioak entzun ditzakezu orain Susaren webgunean. Bestalde, Vimeo-n dituzu Rafa Ruedak konposatu eta kantatutako Iraila zen eta Zeuon itzalak; baita ere Txuma Murugarrenek abestutako Itsasoaren aurrean eta Doctor Deseo taldeak grabatutako Sodomako sagarra. Gasteizen izango da Haragizkoa errezitaldiaren hurrengo emanaldia otsailaren 2an.

Agenda

Efemerideak

Kritikak