Aza 28 24

Gaztaroko bulkadak eta hizkuntza zikina, Miren Amurizaren Pleibak bigarren nobelan

Nerabe paisaia rural-poligonero bat, institutuko korridore atenporalak, Morora busean jaistea eta belodromora motorrean igotzea, Hemendik At, Chenoa, Su Ta, lokaleko maromoak eta txosnetako Goi Gerlariak, Largo eta Beda Agarreko sukaldean, erantzun gabeko perdidak, behor hezurrak, istripu bat.

Umezaroa elkarren itzalean zabuka igaro ostean, gaur da eguna kalean gurutzatu eta batak bestea ignoratzen dutena. Distantzia horrek sorrarazten dion amorrazio retroaktiboak sakatuta zuzentzen zaio Jone Pollyri; neskatotan, ahoak nola-hala estali eta eskugaina eskugainaren kontra igurtziaz musukatzen zuen txaleteko bizilagunari.

pleibak_azala
Ezer gertatu ez zenean gertatu zen guztia jasotzen du Miren Amurizaren Pleibak bigarren nobelak, egonezin primario bat, partekatua izan zen bide baten adarkatzea. Sasoi baten erretratua da kontakizun hau, belaunaldi bat ordezkatzen duten erreferentzia ugarirekin eta zikinak jandako hizkuntza batekin eraikia. Osorik irakur dezakezue sarean.

Aza 20 24

Leonardo Sciasciaren narratiba

Hainbat nobela gogoangarriren idazlea izan zen Leonardo Sciascia, eta baita ipuin ederren egilea ere. Izen ezinbesteko bat XX. mendeko literatura unibertsalean, euskaraz ere irakur daiteke 1989ko azaroaren 20an hil zen autore italiarra. 1991n bi obra plazaratu ziren: alde batetik, 1973an Einaudirekin plazaratutako Il mare color del vino euskaratu zuen Josu Zabaletak Erein argitaletxearentzat, 13 kontakizuneko bilduma den Itsaso ardo kolorea.  Bestalde, Literatura Unibertsala bildumaren baitan ibaizabalek Hontzaren eguna nobela argitaratu zuen, Koldo Bigurik itzulia. Osorik irakur daitezke biak. 2023an, berriz, bilduma berean Igela/Ereinek Todo modo eleberria kaleratu du, Gaizka Ugaldek euskaratua (lehen kapitulua irakurgai).

Aza 15 24

Euskaldunako borrokaren literatur-hotsak

1984ko azaroan, duela 40 urte, jo zuen goia Euskalduna ontziolako borrokak. Espainiako Gobernuak erabakitako industria-birmoldaketaren baitan lantegi erreferentziala izandakoa itxi zen, langile mordoa kalean utziz. Bilbo hainbat hilabetez su eta ketu zuten lantegi barneko eta Euskaldunako zubiko liskarrak, Poliziaren eta borrokan ari ziren langileen artekoak. 2010ean Susak argitaratutako Gotzon Barandiaran idazlearen Errotik eleberriak itxiera eta borroka horiek ditu hondoko paisaia, eta aita gaixoaren eta alabaren arteko harremanaren soinu-banda pilotakada- eta sirena-hotsez janzten da.

Aza 12 24

Politeismo bastarta Jule Goikoetxearen liburu berria

2024ko maiatza. Jule Goikoetxea Angela Davisekin elkartzeko prestatzen ari da kategoriako hotel bateko bere gelan. Davis Bartzelonara heldu berri da, bere 80 urteekin, gorputz sendo garaiarekin eta emantzipazio borrokaren aldeko determinazio agerikoarekin. Pentsalari feminista-marxistak lau egun igaroko ditu hirian, Fira Literal ideia eta liburu erradikalen azokan, eta Goikoetxea haren bizkartzain lanetan arituko da, etorkizuneko jainkosak zer behar, bera han.

Azokatik kanpo elkarbanatutakoak —taxi bidaiak, bizitzeko gogoz betetako taberna-zuloak eta jauregiak—, elkarrekin pentsatutakoak —Sarah Ahmeden, Vandana Shivaren eta hoteleko garbitzaileen ahotsak— eta horietatik abiatuta irudimenak sortutakoak —jainkosak, Buladak eta giza holobionteak— biltzen ditu umorez eta bizitasunez blaitutako kontakizun honek. Monoteismo ororen kontra eta, batez ere, bizitzaren izaera gatazkatsuari esku biekin helduta. Sarean irakur dezakezue gaurtik aurrera.

 

Aza 06 24

Bi poeta portugesez

Azaroaren 6 batez jaio zen, 1919an, Sophia de Mello idazlea, Portugalgo XX. mendeko poesiagintzaren ahots inportanteenetako bat, klasizismoari eta ezagutza estetikoari lotua.  Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bilduman Sophia de Melloren poesiaren antologia plazaratu zen 2015ean —Beñat Sarasolaren hitzaurretik hartuak dira poetari buruzko hitzak—, Iñigo Roquek euskaratua.  1901eko azaroaren 7an, berriz, Brasilgo poeta handietarik bat jaioa zen, duela 60 urte zendu zena: Cecilia Meireles. Poeta (eta artikulugile) intimista, modernismoaren gailurtzat joa da. Hamar poema euskaratu zituen Koldo Izagirrek. Ozeanoaren alde banatan portugesez idatzi zuten bi poeta handi, euskaraz.

Aza 02 24

Santu gutxi letren sarean

Omiasaindu egunaren biharamuna, azaroaren 2a, difuntuen eguna da tradizio kristauan, arima araztu eta santu izateko bidean daudenena. Eta baditugu gure amaraunean egun horretan hildako bost idazleren lanak online. Andima Ibinagabeitia hil zen azaroaren 2an, 1967an, eta sarean irakur litezke bere idazlan hautatuak eta gutunak. Egun berdinean zendutakoak dira Bernard Shaw (1950), Candida lana irakurgai; Johannes Urzidil (1970), Kafka eta Golem-en mistika irakurgai; eta Pier Paolo Pasolini (1975), sarean hainbat lan irakurgai dauzkana. Bistan denez, gure Ibinagabeitia ez besteak santu izateko oso aukera gutxi.

Agenda

Efemerideak

Kritikak