Eka 21 11

Erakarpen kimiko maitagarriak

Goethe idazle eta zientzialari alemaniarrak maitasunezko grinak eta zientzia uztartu zituen Hautapen-ahaidetasunak nobelan (1809). Izenburu zientifikoa daukan eleberriko protagonistak lau dira: Eduard eta Charlotte senar-emazteak eta beren etxaldera gonbidatuko dituzten Ottilia iloba eta kapitain adiskide bat. Gorputz kimikoek modu matematikoan elkar erakartzen baldin badute, berdin gertatuko ote da gizon-emakumeen artean? Hara dilema esperimental eta morala! Honela diotso Charlottek senar baroiari: “Utzidazu zinez aitortzen nire sentimendua egitasmo horren kontrakoa dela, nire aieruak ez didala ezer onik iragartzen”.

Eka 15 11

Ama, Maxim Gorki

Larunbatean, ekainaren 18an, 75 urte izango dira Maxim Gorki idazle eta iraultzailea hil zela. Zorigaiztoko haurtzaroaren ostean miseria giroan bizi izan zen gaztetan. Mingotsa goitizena hartu zuen kazetari eta idazletzarako 1892tik aurrera. Ipuinekin eta antzerki lanekin arrakasta ukan zuen, eta 1907an plazaratu zuen Ama nobela, literatura unibertsaleko handietarik bat. Jose Moralesek 1995ean argitaratutako itzulpena eta hitzaurre argigarria eskaintzen dizkizugu sarean Gorkiren gorazarrez.

Eka 14 11

Hamaika pauso 12 ordutan

Duela hiru urte Axularren Gero, duela bi Mogelen Peru Abarka, iaz Jon Miranderen Haur besoetakoa eta aurten Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso irakurriko dute Bilbon ekainaren 16an (osteguna) goizeko 8:00ean hasi eta etenik gabe, 12 orduko irakurraldian. Bilbo Zaharra euskaltegiak urtero antolatzen duen klasikoen irakurraldia izango da.

Eka 08 11

Harlemgo mutila

Harlem auzunean jaio zen James Baldwin. Richard Wrighten laguntzaz ekin zion eleberriak idazteari eta literatur kritika egiteari. Arrazakeria zela-eta Estatu Batuetan idaztea jasanezina egiten zitzaionez, Parisera joan zen 1948an. Han amaitu zuen Zoaz mendira aldarrikatzera nobela (1953), euskarara Juan Mari Mendizabalek itzulirik 1996an argitaratua eta orain osorik sarean eskaintzen dizuguna. Baldwinek bere gaztaroko giroa dakar kontakizunera, pobrezia eta beltzen aurkako indarkeria eta destaina.

Eka 01 11

Iñigo Aranbarriren nobela berria: Zamaontzia

Doi-doi iritsiko da Literaturiara, dendetara baino lehen, Iñigo Aranbarriren hirugarren nobela: Zamaontzia, kontakizun asaldagarri bat, non gatazkan sartzen diren abandonuaren atsekabea, laguntasunaren babesa, doilorkeriaren destaina. Duela urte batzuk zamaontzi bat agertu zen Abrako badian, kapitainak eta armadoreek abandonatua. Barruan hamalau marinel ziren, etxetik oso urrun, SOS aldarrika, hilabetetako soldatak kobratu gabe, bertoko jendeak emandakotik bizi behar izan zutenak. Aranbarrik ekainaren 3an eta 4an aurkeztuko du eleberria Larrabetzuko Angulerin, baina aldez aurretik osorik eskaintzen dizugu sarean.

Agenda

Efemerideak

Kritikak