Eka
27
02
Gil de Paulesek egindako Zuku Festa aldizkariaren ondoren, testu erotikoak maite dituenak badu beste agerkari monografiko bat: “Pornolore, Larrugintzako Eskuliburua”. Honetan ere leku zabala daukate argazkiek, eta idatzizko eduki gehienak narrazioak dira (21 ipuin eta 2 poema). Jon Aranoren “Yopu zoriontsuak” hitzaurreaz aurkezturik dator, bi oharrez lagundua: “Aldizkari pornoetako parodia” eta Juan Martin Elexpururen apologia bat. Ipuinek ia beti dakarte aipurik: Jean Baudrillard, Catherine Tavel, Anais Nin, Charles Bukowski, Lou Reed, Guillaume Apollinaire… Azken orrialdean elkarrizketa: Iñaki Olaizolarekin, Pittilin Gorri dendakoa.
Eka
27
02
Jokin Urain eta Iñigo Aranbarri idazleek bi liburu berri argitaratu dituzte Susa argitaletxearen Amukoak bilduman. Jokin Urainek Isilik doaz urak liburua dakar 18 poemez; Uraini lehendik ezagutzen dizkiogu: Gatibu sortu nintzen ,”Adlotse” eta “Izaina”. Beagle itzuli zuan, Martin kronika idatzi du Iñigo Aranbarrik, Cabo Verdetik.
Susako Interneteko dendan liburu bat erosten duenari Amuko bat oparitzen zaio, eta dagoeneko 10 dira agertutako liburuak, beste inon topatu ezin direnak. Amukoak saileko egileak: Juan Luis Zabala, Jose Luis Otamendi, Edorta Jimenez, Koldo Izagirre, Xabier Gantzarain, Harkaitz Cano, Itxaro Borda, Pako Aristi, Jokin Urain eta Iñigo Aranbarri.
Eka
20
02
Xabier Izaga idazlea Gasteizen da 21 urteko erbestealdiaren ondoren. Poema liburu baten egilea da: Bart irakurtzeko gaur izkiriatua (Susa, 1998). Sun Tzu txinatarraren “Gerraren Antzea” euskaratu zuen (Txalaparta, 1995). Izagaren literatur artikuluak Gara egunkariaren Mugalari kultur gehigarrian irakurtzen ditugu.
Eka
20
02
Lauaxeta Gernikan berpiztu da 1997ko irailean, eta Julen Lamarain kazetaria ezagutuko du. Biek elkarrekin ibilbide luze bat egingo dute egungo Euskal Herrian barna. Agur, Euzkadi nobelan berpiztu zuen Lauxeta Juan Luis Zabala idazleak. Eta orain nobelaren bost kapituluak (Arrats Beheran, Mendietara, Bide Berriak, Ontzi-puntan soinutsik eta Hil ginenon hatsa) osorik irakur daitezke Susaren webgunean.
Eka
20
02
1937ko ekainaren 25ean Gasteizen fusilatuta hil zuten Estepan Urkiaga, Lauaxeta. Hilabete batzuk lehenago Gernikan atxilotua izan zen, Bordeleko kazetari batzuei Gernikako sarraskia erakusten ari zela. Ajuriagerrak jarri zuen Lauaxeta langintza horretan. Kronika hau idatzi zuen Iñigo Aranbarrik honi buruz Gure Mendea liburuan.
Xabier Mendiguren Elizegik Lau haizetara antzerki obra argitaratu zuen Gernikako bonbardaketaren karietara egindako Susa aldizkari berezian (1987ko apirila). Ibon Sarasolak Lauaxeta paredoian poema argitaratu zuen Oh! Euzkadin (1980ko maiatza). Xabier Montoiak “Anfetamiña” bere lehen liburuan idatziriko poema aurkituko duzu Korrok aldizkariaren lehen zenbakian (1984).
Eka
13
02
Hasier Etxeberriak “Bost idazle” liburua aurkeztu zuen ekainaren 12an Bilboko Bidebarrieta liburutegian. Aurkezpenean bere ondoan izan zituen Bernardo Atxaga, Anjel Lertxundi, Ramon Saizarbitoria eta Koldo Izagirre. Liburuan lau idazle hauekin eta Joseba Sarrionandiarekin egindako elkarrizketak batzen ditu. Hasier Etxeberriak idazleek berekin izandako jarrera ona eta literaturaz hitz egiteko edukitako prestutasuna eskertzeaz gain, liburu garrantzitsua izango dela adierazi zuen. Euskaldunon Egunkariaren ekainaren 9ko edizioan irakur daitezke liburuko zenbait pasarte aurrerapen gisa. Argitaratzailea Alberdania izan da, eta udazkenerako gaztelaniazko edizioa kaleratuko dute.
Eka
06
02
Dagoeneko bi urte joan dira Bilboko Kalderapekon Literatur Jazza abian jarri zenetik. Denbora horretan idazle askok irakurri dituzte beren poemak, Libitum jazz hirukoteak lagundurik. Aurten Kirmen Uribe, Jon Benito edo Sonia Gonzalezek poema liburuak aurkeztu dituzte, eta Jose Luis Otamendi, Juanjo Olasagarre eta Pako Aristik ere errezitaldiak egin dituzte. Bi urteotan jende ugari bildu da Kalderapekoko emanaldiotara. Ekaina iristearekin bat, ikasturte honetako azken Literatur Jazza izango da ekainaren 12an (asteazkena) 20:15etan, Jose Luis Padronen “Zure bila itsasoa bidaliko dut” poema liburu aurkezpenarekin. Argitaldaria: Bermingham.
Eka
06
02
Donostiako Iñaki Deunaren Irarkolan inprimatu zuten duela 75 urte Gregorio Mujikak idatzitako “Pernando Amezketarra: bere ateraldi ta gertaerak”, lehendik ahoz aho erabilitako pasadizoen bilduma. Gregorio Mujikaren liburuari esker gure literaturako pertsonaia garrantzitsuenetarik bat bihurtu da Pernando (izatez Fernando Bengoetxea Altuna, 1764an jaio eta 1823an hila). Ondorengoak dira beste liburuok: Antonio Zabalaren “Pernando Amezketarra bertsolaria” (Auspoa, 1966); Anastasio Albisuren “Amezketako Pernando” (Kardaberaz liburuxkak, 1975); Joxantonio Ormazabalen “Pernando Amezketarra” (Elkar, 1981); Xabier Mendiguren Elizegiren “Pernando, bizirik hago oraindio” (Euskaltzaindia, 1989); Koldo Izagirreren “Fernandoren heriotza amezketarra” (Bertsolari liburuak, 1999); Antton Kazabonen “Pernando Amezketarra” (Sendoa, 2000).