Ira
26
07
Antzinako liburu batzuen jatorrizkoak topatzea zaila izaten dela ohartuta, Klasikoen Gordailuak hainbat obra faksimile modura ematea deliberatu du. Hasteko, 17. mendeko zenbait lan dakartza, ikertzaileen eta gutiziazaleen gusturako. (gehiago…)
Ira
24
07
Susa argitaletxeak 2001ean sortutako Kritiken Hemeroteka zeharo berritu eta beregain hartu du Armiarma webguneak. Astero argitaratzen diren kritika berriak ez ezik batu ditu baita ere XX. mendeko asko eta asko (1930etik hasita), egunkari eta aldizkarietatik ekarriak; adibidez: Euzkadi, El Dia, Eguna, Euzko Gogoa, Jakin, Olerti, Zeruko Argia, Anaitasuna… edo bortxaz itxi zuten Euskaldunon Egunkariakoak. Dagoeneko ia 3.900 kritika jaso dituen bilduma da hau, literatur liburuen gaineko iritziak aise aurkitu eta aztertzeko aukera eskaintzen duena.
Ira
18
07
Narratiba 1984 azpizenburu modukoarekin kaleratu zuen Susak, 1984an, bere bilduma hasi berriko laugarren liburua, Urte guztiak dira diferente. Zazpi ipuin eta antzerki piezatxo bat bildu zituen, Susa aldizkariaren inguruan “mugitzen” hasiak ziren zortzi autorerenak, gazteak batzuk, gazteagoak besteak: Mikel Antza, Joxerra Utretx, Xabier Mendiguren, Pello Lizarralde, Iñaki Uria, Gorka Setien, Iñaki Iñurrieta eta Eneko Olasagasti.
Ira
17
07
Madrilgo Atenea elkarteak Eider Rodriguezen Eta handik gutxira gaur (Susa, 2004) narrazio liburuko lau ipuin gaztelerara itzulirik argitaratu zituen joan den urtean, Cuatro cicatrices izenburupean. Hortxe dituzu idazleak berak egindako itzulpenak irakurgai.
Ira
12
07
Euskal Literatura klasikoak utzi dizkigun autoreen artean, ez da ezagunenetakoa 1664an Donibane Lohizunen jaiotako Pierre Urte. Agerikoa da, halaber, haren lanak ere aski ezezagunak dituela irakurleak. Hark ondutako Grammaire Cantabrique Basque eta Dictionarium latino-cantabricum bukatugabea ahaztu gabe bada ere, Klasikoen Gordailuak Bibliatik euskaratutako atalak eskaini nahi ditu gaurkoan. Ethorkia eta Ilkhitzea (c. 1700; 1894) izenarekin datoz, bada, Bibliaren lehen liburua (osorik) eta bigarrena (22 kapitulu baino ez).
Ira
11
07
Eukene Martin Sanpedro idazle bilbotarraren lehen lana da Lau Sasoitako Zipristinak, Susarekin 1985ean kaleratutako eleberria. Urte berean Andre Zuria antzerki-lana ere plazaratu zuen, Bilboko Aurreki Kutxarekin. Emakume baten narrazioa dakar liburuak, bizikizunak eta gogoetak, tonu intimoan kontatuta, Antonio Vivaldiren Lau sasoiak obra aitzakia hartuta; batez ere negua. Hementxe daukazu.
Ira
10
07
Gabriele Schwab itzultzaileak Harkaitz Zubiri eta Harkaitz Canoren narrazio bana bidali dizkigu alemanez jarriak. Zakur kale (2007, Susa) liburuko “Hura izan da” eta Neguko zirkua (2005, Susa) liburuko “Argentinar lotsatia”. Hementxe dituzu hurrenez hurren: Der war’s eta Der schüchterne Argentinier.
Ira
06
07
Silvain Pouvreauk lehendik sareratuak zituen Filotea (1664) eta Iesusen imitazionea (1669) liburuen bilduma osatzera dator gaurko eskaintza. Oraingoan, euskaldun berri honek itzuli eta prestatu zituen beste hainbat obra izango dira irakurgai Klasikoen Gordailuan, hala nola Giristinoaren dotrina (1656), Gudu espirituala (1665) eta garrantzi gutxiagoko lanak biltzen dituen Obra txipiak izenekoa (c. 1648-1659; 1892). Inork zalantzan jar balezake ere, arretaz irakurtzeko obrak dira, inoiz baino gaurkotasun gehiago baitute. Izan ere, haren Dotrinaren hasieran “Iaun eskaldunei” gaztigatzen zaienez, “inguruz inguru dabiltza Turkoak eta Mairuak zuen gizonak atzeman nahiz hei Fedearen galarazitzeko, eta hetaz, karga-abrez bezala bere lanen egiteko”. Kasu, beraz!
Ira
05
07
Virus argitaletxeak Koldo Izagirreren Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri (Susa, 1998) nobela katalanez argitaratu zuen iaz, Luis Carmonak itzulia. Oraintxe, abuztuan, 110 urte bete dira Michelle Angiolillo anarkistak Canovas del Castillo agintari espainiarra tiroz hil zuela Arrasaten, eta epaiketa bizkor baten ondoren Angiolillo Bergaran jendaurrean exekutatu zutela garrotez. Gertakari haiek gogoan, Izagirreren nobela eskaintzen dizugu katalanez ere: Jo també haguera volgut cridar Germinal!