Ots
27
25
Lisipe bildumak 16. alea kaleratu berri du, Ariadnaren haria izenekoa. Azpitituluak (“Sexua eta generoa hizkuntzaren labirintoan”) argi adierazten du Beatriz Fernándezek idatzitako liburuak jorratzen duen eremua: hizkuntzaren —eta batez ere, euskararen— tipologia eta erabilera soziala, sexuaren edota generoaren ikuspegitik. Labirinto horretatik onik ateratzeko, filologiaz, politikaz, historiaz eta umorez osatutako hariak osatzen ditu egileak, zorroztasun zientifikoa eta dibulgazio gozagarria uztartuz. Hizkuntzaren erabileraren inguruan aspaldi hasitako hausnarketa kolektiboari segida eman nahi izan dio, ezagunak diren alderdiak birpentsatuz eta ezezagunak direnak erakutsiz. Euskara disidentea bera eraikitzen (edo behintzat euskal hiztunak deseraikitzen) laguntzeko baliagarria izan daitekeen gogoeta.

Ots
20
25
Formol Laborategiak eta Susa literatura argitaletxeak Heriotzak Eduardo du izena poesia errezitaldia aurkezten dute. Munduko Poesia Kaierak poesia liburu bildumak 10 urte betetzen dituen honetan, Susako lagunek bizirik dauden poetak hil nahi zituztela esan zieten Formoldarrei. Haiek metaforikoki esan omen zuten, baina, Formolekoek lana serio hartu dute…

(gehiago…)
Ots
20
25
30 urte zituen Takiji Kobayashi militante komunistak Poliziak atxilotu eta bost orduko tortura saioen ondoren hil zenean, hil zutenean, 1933ko otsailaren 20an. Tortura zantzu nabarmenak —argazkiak atera zizkioten senideek, bertsio ofiziala gezurtatzeko—, gorpua zaintzen zuten beilatokian 300 lagun atxilotu izana Poliziak, omenezko ekitaldien debekua… Asko dira eta munduko hainbat tokitan —otsail beltz batzuk bizi izandako gurean zer esanik ez— doinu bera izaten duten kontuak. 30 urte, eta errekonozimendua irabazia zuen Kobayashi idazleak, Japoniako literaturan nor bilakatua baitzen, ezinbesteko erreferentzia literatura proletarioan. Kanikosen lanak eman zion osperik handiena, baina ez gutxiago Martxoak 15 narrazioak ere. Armiarman argitaratzeko euskaratu zuen Hiromi Yoshidak, eta gerora Nagusia kanpoan da narrazioarekin batera bildu zuen liburu batean Katakrak argitaletxeak. Justizia Sozialaren nazioarteko eguna ohoratzeko irakurgai aproposa.
Ots
19
25
Bere heriotzaren urteurrena zela kausa —2005eko urtarrilaren 19an hil zen— sarera ekarri genituen Luzien Etxezaharretak itzuli eta Maiatz aldizkariaren 30. zenbakian argitara emandako Huy Can poetaren zortzi poema. Vietnamgo literaturan erreferentzia ezinbestekoa da, bere herriaren askapen borrokari lotua eta 1945ean Independentzia Agiria sinatu zuenetariko bat.

Ots
13
25
Lugoko harresietan gordetako poetatzat aurkeztu ziguten Luis Pimentel idazlea Susa-Amerika aldizkariarekin batera banatutako Galegoz heldutako poemak- Poemas náufragos liburuan. Gaurko egunez hil zen, 1958an. Urtarril amaieran izan zen Manoel Antonio poetaren heriotzaren urteurrena. Eta bi horiekin batera, beste sei poeta galego erreferentziazkoen poemak dakartza liburuak (Luis Amado Carballo, Alvaro Cunqueiro, Aquilino Iglesia Alvariño, Luis Seoane, Celso Emilio Ferreiro, Manuel Maria), elebitan, Joseba Sarrionandiaren itzulpenean, Koldo Izagirreren hitzaurrea dakarrena. Galiziako poesiaren tantatxo batzuez dastatzeko harribitxi bat.

Ots
10
25
Gaur egun munduaren zati handi batentzat amesgaiztoa haizatzen den lurraldean amets amerikarra zen boladako XX. mendearen erdialdean, eta hain zuzen sistema honekiko begiratu kritikoa zekarren Saltzaile baten heriotza antzezlanarekin lortu zuen Arthur Miller idazleak sona handia. XX. mendeko antzerkigintzan erreferentea den autorea, pertsonaia mediatikoa, ezkerreko ideologiarekin konprometitua, 20 urte dira otsailaren 10ean Miller hil zela. Bere obra nagusia, hemen irakur daitekeena, Xabier Galarretak ekarri zion euskarari.

Ots
07
25
10 urte bete dira joan den urtarrilaren 23an Pedro Lemebel idazle eta militantea hil zela. Sexu-askapena, gay izatea eta marjinaltasuna izan zituen bere lanetako gai nagusi, eta bere inguruaren eta mundu zitalaren aurkako kronista zorrotz eta gordina izan zen. Performanceak ere egiten zituena, idazkera berezi baten jabe, ahots disidente oso indartsua da berea. Militante komunista, alderdiaren ekitaldi batean performatu zuen lehenengoz Manifestua poema, orain hona dakarkizueguna Iñigo Satrustegi Andresen itzulpenean (31 eskutik blogean eman zuen argitara), zeina belusezko eskularru brillante batez emandako ukabilkada latza den. Elearazin ere argitaratu zen Lemebelen testu bat, Danele Sarriugartek euskaratua.