Takiji Kobayashiren aldarria
30 urte zituen Takiji Kobayashi militante komunistak Poliziak atxilotu eta bost orduko tortura saioen ondoren hil zenean, hil zutenean, 1933ko otsailaren 20an. Tortura zantzu nabarmenak —argazkiak atera zizkioten senideek, bertsio ofiziala gezurtatzeko—, gorpua zaintzen zuten beilatokian 300 lagun atxilotu izana Poliziak, omenezko ekitaldien debekua… Asko dira eta munduko hainbat tokitan —otsail beltz batzuk bizi izandako gurean zer esanik ez— doinu bera izaten duten kontuak. 30 urte, eta errekonozimendua irabazia zuen Kobayashi idazleak, Japoniako literaturan nor bilakatua baitzen, ezinbesteko erreferentzia literatura proletarioan. Kanikosen lanak eman zion osperik handiena, baina ez gutxiago Martxoak 15 narrazioak ere. Armiarman argitaratzeko euskaratu zuen Hiromi Yoshidak, eta gerora Nagusia kanpoan da narrazioarekin batera bildu zuen liburu batean Katakrak argitaletxeak. Justizia Sozialaren nazioarteko eguna ohoratzeko irakurgai aproposa.