Abe
29
23
Dio Fadwa Touqanek “nahikoa zait gure herrian hiltzea, / (…) / gure herrian hazitako haur batek / ebakiko duen lorea izateko” Aberriaren altzoan poeman. Eta dagoeneko ez dakigu loreak mozteko umerik ere geratuko den, lorerik hazteko tarterik ere birrindutako lurrean. Abenduaren 12an bete ziren 20 urte poeta palestinar handia hil zela. Eta Joseba Sarrionandiak itzulitako piezaz gain, Itxaro Bordak ere ekarri zuen euskarara Itsasora itzultzea poema. Palestinarrendako infernua bilakatua den urte honetako azken Emailuak izan dezala literaturaren txoko honetatik igorritako elkartasun ahairea.
Abe
19
23
Ander Lipusen Antzerkiaren labirintoan I eta II liburuek diptiko bat osatzen dute. Lehenengo liburuak Bitakora koadernoa azpi-izenburua du eta Lipusek bere ibilbide osoari errepasoa eman dio bertan. Narrazio autobiografiko bat erabili du horretarako. Estilo arin eta gertukoan idatzia, Lipusen oroitzapenen bidetik euskal antzerkiaren historia zatiak irakurri ahal izango ditugu bertan. Bigarren liburuak Artedrama baten bila azpi-izenburua du eta liburu bikoitz bat da. Hain zuzen, Lipusek bere ibilbidean gakoak izan diren idazkiak bildu ditu liburuan: batetik, Antzerkiola Imaginarioaren garaietatik honaino idatzitako artikuluen antologia. Bestetik, bere antzerkia ulertzeko moduaren azalpena. Horretarako, kontzeptuen, ideien eta erreferentzien glosario pertsonal bat egin du antzerkigileak. Osorik irakur daitezke sarean.
Abe
12
23
Aurreratu genituen Munduko Poesia Kaierak bildumaren azken bi emaitzak, Philip Larkin eta Pier Paolo Pasolini. Arras estilo diferenteko poetak, halaz ere II. Mundu Gerra osteko Europaren partaide dira biak, nor bere mundutik bizi izan dutena. Juanjo Olasagarre eta Irene Hurtado de Saratxo Mendietak euskaratuak, bertze bi antologia plazaratu ditu Susa argitaletxeak.
Abe
08
23
Refaat al-Areer poeta eta irakaslea zen, 1979ko irailaren 23an Gazan jaioa, eta ata 2023ko abenduaren 7an hil dute Gazan bertan. Unibertsitateko literatura irakaslea eta idazlea, aktibista eta We are not numbers erakundeko sortzailea. Bere etxekoekin zegoela hil dute Gazan, emaztea ondoan eta sei seme alabaren aita zelan kendu diote bizitza .
Bere poema bat ekarri dugu euskarara:
Bustita
Mediterraneoaren ertzean,
Gatzetan bustitako gizateria ikusi nuen,
Buruz behera,
Hildakoak,
Begiak tantaka,
Eskuak zeruan gora, otoitz, edo beldurrez.
Ezin nuen esan.
Itsasoa, arabiar baten bihotza baino gogorragoa,
dantzak,
Odolez blaitua.
Harri-koskorrek bakarrik egin zuten negar.
Harri-koskorrak bakarrik.
Arabiako lurrin guztiak ez dira usteltzen
Israel ugaldu egin da.
Abe
07
23
Duela bost urte agur esan zigun Markos Gimeno ermuarrak. Musika, antzerkia eta batez ere letren eta hitzen aztia izan zen Markus. Bere Zerorajasoa (palindromoak eta hitzperimentuak) blogak oraindik bere sorkuntza lanak erakusten ditu, eta berriki Joseba Sarrionandiak 101 Letrakartel liburuan palindromoak batu, testuinguru literarioa jarri eta hainbat artisten kartelak apailatu ditu liburu baten. Kartel bilduma ikusgai dago Gernikako Euskal Herria museoan apirilerarte.
Gaur, duela bost urte sarean jarritako 131 palindromo dakartzagu, edonoren gozagarri.
(gehiago…)
Abe
06
23
Durangoko Azokan, Barrenkaleko ertzean topatuko dituzue aurten ere Susa literatura argitaletxeko liburuak. Abenduaren 6an (asteazkena) hasi eta abenduaren 10era (igandea) bitarte, aurtengo nobedadeak, azken urteetako liburuak, idazleak eta lagunak bertan izango gara, irakurleekin tarte bat hartu, eta literaturaz gozatzen saiatzeko.
Aurtengo nobedadeak
Lau narratiba liburu plazaratu ditu aurten Susak: Udaberrian Argialdiak Miriam Lukiren eskutik, eta udazkenean Juan Luis Zabalaren Dimisioa, Jon Alonsok Carvalho Euskadin, eta Lide Hernando Muñoz egilearen lehen nobela: Izotz ura.
Poesia sailean, hiru liburu argitaratu ditu Susak aurten. Fast fatum Libe Goitiaren lehen lana, Iñaki Irazuren Zakurrak zaunka eta Harkaitz Canoren azkena Ulu egiteko bolondres bila.
Jon Urzelaik, Euskal Herriko musika jaialdiak aztertzen dituen Su festak saiakera ondu zuen 2023ko udaberrirako.
Munduko Poesia Kaierak, Ganbila eta Lisipe
Narratiba eta poesia betiko sailez gain, azken urteotan proiektu eta ildo berriak ere jorratzen ari gara Susa argitaletxean. Munduko Poesia Kaierak bilduman aurten Bertolt Brecht, Mario Benedetti, Philip Larkin eta Pier Paolo Pasolini ekarri dituzte euskarara Irati Majuelo, Inma Errea, Juanjo Olasagarre eta Irene Hurtado de Saratxok.
Ganbila antzerki testuen bilduman berriz, udaberrian Hildako haurra eta Ura jaten plazaratu zituzten Gotzon Barandiaran eta Maddi Goikoetxeak, eta neguko irakurraldiak astinduko ditu Ander Lipusek Antzerkiaren labirintoan bi liburuekin.
Lisipe bilduma eta ildo feministan, Erresistentziarako gorputzak: bollerak gogoeta sortu du Eva Perez-Ponsek.
Abe
01
23
Denbora da Saioa eta Mara ez dabiltzala elkarren gertuan. Lehena irakasle dabil, haur bat izan du aspaldiko bikotekidearekin, eta utzita du musika, nahiz eta ezer gutxi bezala mugitzen den zerbait bere barruan aspaldiko diskoak entzutera giltzapetzen denean; bigarrena, kontrara, bete-betean dabil musikaren industrian, foku ugariren pean, eta apenas agertzen den hazten ikusi zuten kaleen artera. Han lotu ziren biak musikara, abesbatzako klaseetatik gaztetxeko oholtzara, eta biengan lorratza utzi zuen norbait hil da orain. Laguntasun harreman baten une fundatzaileak, poz partekatuak eta ezkutuko mindurak dira kontakizun honen hezurdura. Euskal Herriko historia hurbilean girotuta, zeharkaldi berean ageri dira Kilometroak jairako kantu-grabaketa, herritik hirirako distantzia, Bataplan, Friburgoko okupazio giroa, gurasoen etxeetako sukaldeak eta bizitzaren xake taula zuri-beltza. Etengabe eraldaketan diren urak Lide Hernando Muñozen lehen nobelan. Sarean duzue osorik irakurgai.