Aza 30 20

Nola gorde errautsa kolkoan
Miren Agur Meaberen poemak

Bizitzaren joanean, kolkoa zera bihurtu zaigu, iraganaren errautsak gordetzeko urna moduko bat. Baina ez da erraza errautsa aldean erabiltzea begietan azkurarik igarri, azala zikindu edota eztulik egin gabe. Izenburu alegoriko bezain ironikoa dauka Miren Agur Meaberen Nola gorde errautsa kolkoan poema liburu berriak, zeinetan azken hamarkadan hainbat gairen inguruan idatzitako poemak biltzen dituen: nortasuna eta memoria; genealogia femeninoak; bidea locus ideal gisa; desamodioa, dolua, heriotza; indarkeriazko ekintzetan dugun ardura; poesiaren gaineko poesia. Osorik eskaintzen dizuegu sarean.

Aza 27 20

Kattalin Miner Turista klasean

Baliteke gaurkoa izatea azken bisita. Eta oraindik ez zaizkio natural ateratzen talegoa bezalako hitzak. Batzuetan fribolo samarrak iruditzen zaizkio haien arteko elkarrizketak, ez dutelako politikaz hitz egiten, baizik eta pelikulez, liburuez, ametsez. Uzkiari buruzko tailer batean ezagututako lagun txiletar batzuen etxean geratu zen lehenengo bisitan. Geroztik, ardo botilak hustu zituzten, “ahizpa” esan zioten elkarri, bizi zituzten biolentziak konpartitu. Baina haiei ez zien kontatu muga gurutzatuta trena hartzean sentitzen zuen izua, Charlie Hebdo-ren kontrako atentatua gertatu zenetik.
Osorik duzue sarean irakurgai Kattalin Minerren Turista klasea nobela laburra.

Aza 23 20

Kirmen Uribe eta 17 segundo liburuko poemak bere ahotsean

Kirmen Uribe idazlearen Emakumeak fabrikatik bueltan poema euskaraz eta ingelesez argitaratu dute New Yorker aldizkarian. Azaroaren 23arekin, paperezko edizioan zabaldu da.
Kirmen Uriberen poema, ahotsez grabatua ere paratu dute aldizkariaren edizio digitalean, ingelesez Elizabeth Macklin poeta eta itzultzailearen ahotsean; eta euskaraz egileak berak egina. Emailuetarako beste zazpi poema ere grabatu ditu Kirmen Uribek, hemen eskaintzen dizkizugunak.

Emakumeak fabrikatik bueltan
Udako gau epela
Espetxeko haikuak 5
Xabierren heriotzan
Ezkutuan
Madison parkeko emakumea
Whatsapp
Jaiotza

Aza 20 20

Hamaika ipuin berri

Narrazio-kolpe berria eman diogu ipuina.eus atariari, hainbat garai, estilo eta autoreren lanak ekarriz. Joakin Larretaren Azelaingo zubia (1881),herri ipuina literatura idatzira ekarri. 1908ko Gertatzen dana, Biktoriano Iraolarena. Gezurra badirudi ere, Facebook, Instagram eta enparauetan dabiltzanei aplikatzen ahal zaien zertzelada ironikoa. Damaso Intzaren Martin Zintzoa (1913, Larrungo hizkeraz, baina narrazioaren zentzunaz. Moraltasuna, bai, baina interesgarria hala ere.  Urte berekoa, Jose Goikoetxeaundiarena, Ataungo basagizona. Tituluak iradokitzen duenaz bestera dator Ataunen erretore izan zen gizona. Apunte labur bat, erdi etnografikoa erdi soziala. Plano desberdinetan narratua. Justo Mari Mokoroak ederki asko idatzitako 1923ko  Oker baten ondorea, Mariren mitoa menditarren artean. 1929ko Gizarajoa!, Luzear-ena, bikote baten kontu aldrebes ederra umore handiz emana dakarrena. Hiriaren presentzia. Ezizenak nor ezkutatzen duen ez dakigun Zetarri-k 1937an ondu zuen Guda jazokunak, fronteko pasadizo xelebre bat dakarrena mairuen kalterako. Mikel Zarateren hiru ipuin: Zaldibi / Iturri bat, harri bat, zuhaitz bat / Adan Aurpegi Adarraga. Kotxe kontua lehena; gerra galduaz alegia bigarrena, azkena burla dotore bat gramatikalariei,  Euskaltzaindiari, eta baita EGA tituluari ere. Satiriko baten lan bikaina. Eta berriena Idurre Eskisabelen Biribilketa (1999). Kontu delikatu-deserosoak lantzen dituen narrazioa: haur suizidioa, amodio galdua, militantzia, damua…

Aza 17 20

Agurtzane Intxaurraga eta Arantxa Iturbe, Bidaideak

Testu teatroaren kalitatearekiko mira, euren sasoiko euskararekiko atxikimendua,  eta, kasu askotan, emakumeen begirada sozial bati loturiko jarduna, beren belaunaldiko testuinguruan erreferentzia bakanetakoa izan dena. Agurtzane Intxaurragaren eta Arantxa Iturberen arteko elkarlana aitzindaria izan da, eta eredugarria. 1989an hasi zuen ibilbidea Hika antzerki taldeak, hainbat etapa ezagutu dituena. Eta une batean Arantxa Iturberen hitzak batzu zitzaizkion Agurtzane Intxaurragaren antzerki-senari, eta bien artean hainbat lan osatu dituzte. Ganbilako bildumara ekarri dugun Bidaideak honetan hiru elkartu ditugu: Ai ama! (2002), Ixa (2003) eta Aitarekin bidaian (2010). Taula gainean bezainbat goza ditzazuela orain paperean.

Aza 16 20

Sarah Kaneren antzerkiaren indarra

Euskarara ekarritako autore batekin ere badator Ganbila bildumaren hirugarren emanaldi hau: Sarah Kane. 28 urte besterik ez zituela hila, denbora laburrean lortu zuen eszena britainiarreko —eta gerora europarreko— erreferentziazko izen bat izatea, antzerki garaikidea ezagutzeko ezinbesteko egilea bilakatzea. Haren testuek gizarteak bazterrean utzitakoen egoera bortitzak jasotzen dituzte, Zartatua lanean ikus dezakegunez. 4.48 Psikosia, berriz, bere buruaz beste egin aurretik ospitale psikiatrikoan idatzitako testua dugu. Arantzazu Fernandezek itzuliak, liburuan bildu diren bi lanok adierazpen ukaldi latzak ditugu.

Aza 15 20

Erika Olaizolaren Panpina

Erika Olaizolaren imajinariotik, bulkadatik, adierazteko beharretik sortutako lan bat da Panpina. 2019ko udazkenean estreinatu zenetik, antzezlana emanalditik emanaldira hazten joan da. Publikoarekin berehalakoa izan da konexioa, eta gerora, autore eta antzezle den Erika antzezlanaren energiaz jabetu ahala, gero eta ozenago egin du eztanda haren oholtza gaineko indarrak, ordubeteko monologoan harrapatzen zaituena. Liburu honetara bildu dugu orain, Ganbila bildumara, Erika Olaizolak berak sormen prozesuari buruz idatzitako gogoetekin batera, eta baita han edo hemen bidaide izan dituen lagunek “panpina” kontzeptua buruan hartuta libururako idatzi dituzten ekarpenekin ere. Jolasten has zaitezke, irakurle.

Aza 11 20

Raymond Carver poeta

XX. mendeko ipuingile handienetakoa izateagatik da batez ere ezaguna Raymond Carver, baina poeta bikaina ere izan zen, Harkaitz Canok euskarara ekarritako antologia honetan egiazta daitekeenez. Beste idazle batzuen kasuan ez bezala, Carverrenean ipuingintza eta poesiagintza elkarloturik agertzen zaizkigu, halako moldez non poesiarekiko uzkur diren narrazio zaleentzat sarbide bikaina izan daitekeen. Egunerokotasunean iltzatutako poemak dira Carverrenak, non objektu (telefonoak, eskutitzak, eta beste) eta auzi etxetiarrak agertzen zaizkigun lehen planoan. Erdiko klaseko mundu estatubatuarraren testigantza ematen digute, bizi materialki ase baina gainontzean kamutsak agerraraziz; nolabait, XIX. mende akaberako poesia modernoko spleen (asperra, unadura) sentipen hori XX. mende erdiko AEBetara eraman zuen.

Aza 10 20

May Ayimen poema antologia

Poesiari ez zaio gehiegitan aitortzen zauria zauritzeko dohaina, baina perspektibarekin begiratuta, horixe izan zen May Ayim-en poesiaren bertute handienetakoa, hots, Holokaustoaren trauma nekez atzean uzten ari zen Alemaniaren zauria presente egitekoa. Hanburgon 1960an jaioa, ama alemaniar eta aita ghanatar banaren alaba, gaztetatik izan zuen interesa kultura afro-alemaniarrarekiko, eta Ratisbonako Unibertsitatean defenditutako tesiak ere horixe izan zuen gaitzat. Bere saiakerez kanpo, gai hori jorratzen dute Ayimen poema ugarik. Bereziki gurasokeriazko diskurtsoak zituen jomugatzat, arrazakeria isil hori, etorkorra dena ulerkorra bainoago. Irakurleari atsedenik ematen ez dion poesia da berea, ez boteretsuen ez besteen hobenik garbitzen ez duena. Orain euskaraz irakur daitekeena, Munduko Poesia Kaierak bildumarako Garazi Ugalde Pikabeak egindako itzulpenean.

Aza 01 20

Yusef Komunyakaaren hamabi poema Vietnamgo

1955eko azaroaren 1ean hasi zen, duela 65 urte, Vietnamgo Gerra, Ipar eta Hegoko bi estatuen artekoa, AEBak gerran zuzenean esku hartzearekin nazioartekotu zena. Gerra hartan borrokatu zen Yusef Komunyakaa, artean James William Brown. 1984an lehen poema-liburua atera zuenetik dozenatik gora liburu kaleratutakoa, oihartzun eta errekonozimendua jaso du Komunyakaak. Vietnamgo esperientzia Dien Cai Dau (1988) poema liburuan jaso zuen, bere iragazki pertsonaletik gerra bikain islatzen duten olerkiekin. Euskaraz orain goza daitezkeenak, liburu horretako hamabi poema ekarri baititu euskarara Jose Luis Otamendik.

Agenda

Efemerideak

Kritikak