Urr
31
07
1950eko hamarkadako bi lan gehitu ditugu aste honetan Klasikoen Gordailura: Julene Azpeitiaren Amandriaren altzoan eta Jose Manuel Estonbaren Izartxo. Eleberria da Estonba apaiz irundarraren lana. II. gizaldian kokatua, Izartxo neskak, Erko bikoteak eta Basurdi kontrarioak osatutako triangeluaren istorioa, iraganeko paisaje erromantiko batean —sorginak, basoko animaliak…— jokatzen da eleberri kostunbrista. Kuliska Sortak eman zuen argitara 1959an. Aurrekoa bezala gipuzkeraz idatzia, ipuinak dira Julene Azpeitiak Amandriaren altzoan bildutakoak. Herri tradizioko ipuinak, haurrentzakoak, hezkuntza alorrean egindako lanagatik ezaguna den idazle zumaiarrarena. Maistra izateaz gain, ordea, idazle ere izan zen Azpeitia, eta horren erakusle dira Euzkadi egunkariko euskarazko orrian eta hainbat aldizkaritan argitaratutako ipuin eta idazgaiak. Bere lehen liburu honetan herri tradizioko ipuinen bidetik jo bazuen ere, haurrentzako ipuinak diren heinean ekarpena ere egin zuten garai horietan denaren premian zegoen euskal literaturarentzat. 1961ean argitaratu zen Kuliska Sortan, Euskaltzaindiaren saria 1954an jaso zuen lanak. Hemen dituzue biak.
Urr
30
07
Gaurko Bilboren kronika 24 ordutan, horixe erakutsi zigun Urtzi Urrutikoetxeak Auzoak kontakizunetan 2005ean. Orain liburua osorik eskaintzen dizugu, eta aldi berean liburuko sei atal alemanera itzulirik. Stadtviertel (Symphonie einer Stadt) izenburua eman dio Gabriele Schwabek.
Urr
23
07
Bi itzulpen-lan dakartza aste honetan Klasikoen Gordailuak: Musika ixilla eta Aitorkizunak. Joan Inazio Goikoetxea Gaztelu-rena izan zen lehenengoa euskaratzearen ardura. Auñamendirekin 1962an kaleratua, Frai Luis de Leon eta Joan Gurutzekoa poeta espainiarren antologiatxo banaren itzulpena egin zuen, autoreen aurkezpen eta biografia-datuak ere badakartzala. Lehenago aldizkarietan hasitako bidetik, Frai Luis de Leon eta Donibane Gurutz-en poema ezagunenetako batzuk datoz euskarara ekarriak, Orixeren hitzaurre mamistu batek lagunduta. Nikolas Ormaetxea Orixe-rena da, hain zuzen ere, bigarren itzulpen lana: San Agustinen Aitorkizunak liburua. Pentsalari klasikoaren obra nagusietako bat, bere bizitzaren errepasoa eta bere sinesmen bidearen ardatzak dakartzana 13 ataletan, Orixek euskaratu zuen eta Itxaropena argitaletxearekin argitaratu, Augustiñ gurenaren aitorkizunak izenburuaz, 1956an.
Urr
22
07
1985eko hainbat narrazio bilduz, aurreko urtean kaleratutako bildumaren ildotik (Urte guztiak dira diferente), Aurten ere diferente izanen da liburua plazaratu zuen Susa argitaletxeak 1986an. Zortzi ipuin zekartzan, zortziak Susa aldizkarian ibitzen ziren egileenak, batzuk ordurako argitaletxearekin liburua kaleratua zutenak: Xabier Mendiguren, Joxean Sagastizabal, Xabier Zorroza, Laura Mintegi, Jokin Ansorena, Eukene Martin, Iñaki Ugarteburu eta Gorka Setien. Hemen dituzu denak.
Urr
17
07
Nemesio Etxanizen hainbat lan dakartza Klasikoen Gordailuak aste honetan. Klasikoetan tokia duen idazlea, baina ez behintzat bera iraganari begira gelditu zelako. Berak bere testamentu moduan izendatzen duen lana dakargu, Lur berri billa (1967). Eta izenburuak oso ondo islatzen du Nemesio Etxaniz, hala literaturan nola euskalgintzan, lanean bultzatu zuen gogoak: lur berriak bilatzea euskararentzat. Aurrera begirako idazlea, belaunaldi gazteagoen konplizea, bere obran ere inspirazio hori nabaritzen da. Eleberri labur bat, sei ipuin, irratsaioetako gidoiak, olerkiak eta kantuak dakartza obrak. Nabarmena da batez ere irratietako gidoi, ipuin eta antzerkietan. Pertsonaiak gazteak dira maiz, euren arteko harremanak eta gizarte arloko gatazkak dituzte bizitzen… Narrazioez eta irratirako lanez gain, bere olerkien antologia dakar, eta Nemesio Etxanizek landutako beste alor inportantea: kantak. Lur berri bila-z gain, Kuliska Sortan 1958an argitaratutako lau antzerki-lan ere badakartzagu: Gabak zekarren eguna, Maite ere… neurriz, Zotzean bizia eta Gabon zauria. Estiloa, nolanahi den, XX. mendeko euskal antzerkigintzan nagusi izandakoa da, kostunbrismoaren ondorengoa, ukitu moralista batekin.
Urr
16
07
Beñat Sarasolaren Kaxa huts bat liburuko bost poema katalanez bidali dizkigu Andreu Gabrielek: “Material Culture”, “Una forma de parlar”, “Ocells”, “Carrer Bermingham, Sant Sebestià” eta “Cendra”. Poema gehiago ere badituzu katalanera itzulirik hemen (Gabriel Aresti, Leire Bilbao, Itxaro Borda, Xabi Borda, Andolin Eguzkitza, Koldo Izagirre, Edu Zelaieta).
Urr
15
07
Nevadako Reno ondoko Sparks-en egin zen aurreneko Western Basque Festival, 1959ko ekainaren 6 eta 7an. AEBetako euskaldunek ordu arte burututako ospakizun handiena izan zen, 5.000-6.000 lagunekoa. Lau urte lehenago, 1955ean, Dick Graves eta Flora Agirre senar-emazteek Nugget kasinoa sortu zuten Sparksen, eta otu zitzaien jaialdi handi bat egitea hantxe bertan. Zazpi lagun elkartu zituzten kasinoan: Peter Echeverria senatari demokrata, Robert Laxalt idazlea eta bere anaia John, Peter Supera, John Micheo, Martin Esain, John Ascuaga… eta dena antolatzen hasi ziren. Jaialdi hartako lekukoak elkarrizketatuz, agiriak eta kazetak batuz, kontakizun bizi batera ekarri ditu orain Miel A. Elustondok. Western Basque Festival 1959 kronika liburua osorik eskaintzen dizugu –liburuaren aurkezpena urriaren 17an (asteazkena) 12:00etan izango da Donostiako Elkar megadendan–.
Urr
11
07
Pasio moduan antzezteko drama da Erri bat gurutzbidean obra, Salbatore Mitxelenarena, eta bere obra osoaren ardatzak laburbiltzen dituen hitzak ditu gaia aurkezteko: “Azken mendeko Euskal Bizinaiaren sentimendu trajikoa”. Hitz horietan laburbiltzen baita XX. mendeko idazle —bereziki poeta— handiaren obraren funtsa: Euskal Herria, 36ko gerrak azpiratu duena, bizi nahian, agonia horretan: iltzen doakun enda zarraren / zotiña naiz eta asperen. Sentimendu horiek, hasperenaz gain aldarrikapen ere badirena, goi mailako lirika batetik kantatua, idazlea den apaiz frantziskotarrak erantsitako doinuan. Poeta da Mitxelena, eta Arantzazutik, baina baita misioetan ibili den Ertamerika edo Suitzatik bizitzaren sentimendu tragikoa kantatzen du, bere obran nahitaez lotuta doazen ikuspegi pertsonaletik nahiz kolektibotik. Klasikoen Gordailura Salbatore Mitxelenaren lanak bildu ditugu. Aipatu dramaz gain, poemarioak —liburu gisa argitaratuak eta bere lanen bildumetan jasoak—, Arantzazu, Arraun ta amets, Beste olerkiak; eta Unamuno ta Abendats, Migel Unamunoren euskaltasunari buruzko lana, azterlari zenbaiten iritziz euskal saiakeragintzan obra aintzindarietakoa dena.
Urr
04
07
Ilargia putzuan ageri izena zuen Rafa Egigurenen lehen nobelak (Erein, 1990). Chevrolet tropikala duzu bigarrena (Susa, 2007), urriaren 10ean (asteazkena) 11:00etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan aurkeztuko duena. Sanfermin jaietatik ihesi, Habanara iritsi da Migel Salaberria 1992an, urte erdia Kuban igarotzeko asmotan. Hilabete bakarreko baimena besterik ez daukanez, bertan luzaz bizitzeko aitzakiak eta agiriak bildu behar ditu albait arinen, turista soila izango ez bada. Eta orduan, espero ez duela, lagun batek deituko dio Iruñetik, esanez Che-ren heriotzaren 25. urteurrena izango dela udazkenean eta haren omenez ekitaldi batzuk antolatzen hasiak direla. Artekari bat behar dute Kuban, Migel da Habanako euren gizona. Ingenio sotil eta umore-txinparta gozoz zipriztindurik dago Rafa Egigurenen kontakizuna. Nobelako lehen zazpi kapituluak eskaintzen dizkizugu aurrerapen gisa.
Urr
03
07
1920an Donibane Lohizunen jaioa, oraindik ere Beloken bizi da Jean Diharce elizgizona, Xabier Iratzeder poeta. Piarres Laffiteren itzalean euskal letren mundura jalgia, XX. mendeko euskal lirikorik gorenetakoa dugu Xabier Iratzeder. Obra oso zabala idatzi duena, kronika eta bestelako testuez gain —salmoen itzulpengintzan lan handia egina—, poemak eta kantuak ditu bere obraren ardatz. Natura, erlijioa, Euskal Herria kantatu dituen poeta, lirismorako joera berezikoa, erritmo eta konposizio aldetik olerki bikainak osatu ditu. Biziaren olerkia izeneko obran bildu ditu bere poema lan guztiak, eta Klasikoen Gordailura horietarik bost dakartzagu: Pindar eta lano (1920-41), Zeru-menditik (1941-46), Argiz argi (1947-57), Uhaineri nausi (1958-71) eta Jaunaren hegala (1972-80).
Urr
02
07
Lau Sasoitako Zipristinak eleberria kaleratu zuen Eukene Martin Sanpedrok 1985ean, eta urtebetera, Susa argitaletxearekin hau ere, Amets bizia argitaratu zuen. Barne monologoari tiraka bigarrengoan ere, baina narrazioarekin eta elkarrizketekin tartekatuz, mundu onirikoa eta erreala konpartitzen ditu lanak, maitasuna eta harremanak ardatz nagusi dituen kontakizunean. Orain osorik duzue.