Salbatore Mitxelena: bizi nahiaren eta minaren poeta
Pasio moduan antzezteko drama da Erri bat gurutzbidean obra, Salbatore Mitxelenarena, eta bere obra osoaren ardatzak laburbiltzen dituen hitzak ditu gaia aurkezteko: “Azken mendeko Euskal Bizinaiaren sentimendu trajikoa”. Hitz horietan laburbiltzen baita XX. mendeko idazle —bereziki poeta— handiaren obraren funtsa: Euskal Herria, 36ko gerrak azpiratu duena, bizi nahian, agonia horretan: iltzen doakun enda zarraren / zotiña naiz eta asperen. Sentimendu horiek, hasperenaz gain aldarrikapen ere badirena, goi mailako lirika batetik kantatua, idazlea den apaiz frantziskotarrak erantsitako doinuan. Poeta da Mitxelena, eta Arantzazutik, baina baita misioetan ibili den Ertamerika edo Suitzatik bizitzaren sentimendu tragikoa kantatzen du, bere obran nahitaez lotuta doazen ikuspegi pertsonaletik nahiz kolektibotik. Klasikoen Gordailura Salbatore Mitxelenaren lanak bildu ditugu. Aipatu dramaz gain, poemarioak —liburu gisa argitaratuak eta bere lanen bildumetan jasoak—, Arantzazu, Arraun ta amets, Beste olerkiak; eta Unamuno ta Abendats, Migel Unamunoren euskaltasunari buruzko lana, azterlari zenbaiten iritziz euskal saiakeragintzan obra aintzindarietakoa dena.